Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak manifestazioak deitu dituzte ekainaren 8rako

Europari Palestinako genozidioaren aurkako jarrera irmoa hartu dezala galdegiteko mobilizazioak deitu dituzte Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak ekainaren 8rako, Bilbon eta Iruñean. Europako Parlamentuko hauteskundeen bezperan bakea eta nazioarteko zuzenbidearen beharra aldarrikatu nahi dute.

 

Agerraldia egin dute Bilbon, mobilizazioak deitzeko.
Agerraldia egin dute Bilbon, mobilizazioak deitzeko. (Oskar MATXIN | FOKU)

Manifestazio nazionalak deitu dituzte Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak ekainaren 8rako, Bilbon eta Iruñean, ‘Genozidioa Stop! Europa no seas cómplice’ lelopean. Europako Parlamentuko hauteskundeen bezperan mobilizatuko dira, hain zuzen ere, Europar Batasunari eskatzeko Palestinako genozidioaren aurkako jarrera irmoa agertu dezala.

Agerraldia egin dute Bilbon hainbat eragile eta elkartetako kideek: Gernika-Palestinako Jone Bilbao eta Ibon Meñika; Yala Nafarroako Dyna Kharrat, Eduardo Ibero eta Txemi Perez; Pentsionistak Martxaneko Ana Mezo; Maitane Azurmendi marrazkilaria; Bilgune Feministako Ainhoa Olaso; Lutxo Egia idazle eta kulturgilea; Gerrarik ez!-eko Javier Zulaika; EHUko Andrea de Vicente; Lide Hernando musikaria; LABeko Iratxe Delgado eta Amanda Verrone; Steilaseko Eneko Martin; EHNE Bizkaiako Unzalu Salterain; Mohamed Farajallah palestinarra; eta Ikamako Amaia Arbeo eta Uxue Iturriondok, besteak beste.

Bi mobilizazioak 17.30ean abiatuko dira, Bilbokoa udaletxetik Guggenheimera arte eta Iruñekoa Golem zinemetatik Antoniuttiraino. Manifestazioarekin bat egitera deitu dute, «gatazka honen aurrean posizioa ez hartzea posizioa hartzea baita».

Europako Parlamentuko hauteskundeen bezpera aukeratu dute manifestazioak egiteko, Jone Bilbao eta Dyna Kharratek azaldu dutenez, «Europa konplizea izan ez dadin ozen oihukatu nahi dugulako». Horrela, Europar Batasunari eskatuko diote Israel behartu dezala genozidioa gelditzera eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzera, bere esku dauden neurri ekonomiko zein komertzialak hartuz.

Bakea eta nazioarteko zuzenbide eraginkorraren beharra azpimarratu dute eta hausnarketarako deia egin diote jendarteari. Izan ere, adierazi dute horrela bakarrik lortu daitekeela su etena, desmilitarizazioa eta negoziazioa bermatzea, baita Palestinaren autodeterminazio eskubidearekiko errespetua zein Israelen inpunitatearekin bukatzea ere.