Lasterbidean elkartasun lasterketa nazionalak azken edizioa izango du aurtengoa. «Preso eta iheslari denak etxeratuko ditugun segurtasunaz» iritsi da hamargarrena, Anbotoko magalera, Abadiñora.
«Hamar edizio, arin esaten da. Gutxiago izatea gustatuko litzaiguke, elkartasuna baino, askatasuna adierazteko ospakizun legez antolatzea. Baina badugu motiborik oraindik ere aldarrikapenak korrika, lasterka, atxintxika.. edo arineketan egiteko. Eta ekainaren 15ean izango dugu horretarako tartea», adierazi dute ekimenaren egitaraua aurkezteko egin duten agerraldian.
Horregatik, eta «edizio borobila» izango denez, bi eguneko egitaraua prestatu dute, ekainaren 14 eta 15erako –xehetasun guztiak bere webgunean–. Ibilbidearen distantzia ere «borobila» izango da, hamar kilometroko zirkuituarekin, «zailtasun askorik bakoa».
Lasterketaz gainera, aurten lehen aldiz martxa ere antolatu dute, «arineketan ezin duenak edo nahi ez duenak egin, oinez egin dezan». Ez dira faltako lasterketa txikia, «goiz-eguerdiko giroa, bazkaria, ostekoak…», azaldu dute.
Lasterketa bera ekainaren 15ean izango bada ere, bezperan jaialdia egingo dute Amnistia plazan, «Anje Duhalderi esker ona adierazteko». Musikari lapurtarraz gain, Xabier Amuriza, Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Antton, Onintza Azkarate, Itziar Navarro, Manex Pagola, Teresa Jareño, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala, Joseba Tapia eta beste ariko dira, eta Ainhoa Urien aurkezle lanetan. «Elkartasun giroan burutuko den gaualdia izango da», iragarri dute.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete «une oro sakabanaketa gainditzeko eta herri zati bat kolutorio hotzetara eraman duen herritar orori», baita «senideei isil-isilik edozein baldintzatan milaka kilometro ilun zeharkatu ostean presoa amultsuki besotan hartzearren». Mirentxineko boluntarioak ere izan dituzte gogoan, «senideen bidaiak gozatu eta seguruago bilakatzeagatik», eta «herri honen alde ziega barruko egunerokoa duintasunez, borrokan bizi izan den preso orori».
«Denon artean sakabanaketa gainditzeko gai izan gara eta etxerako bidea egiteko gai izango gara», nabarmendu dute.
Lehena, 2013an
Ekimena antolatzen duen herritar taldeak Etxerat elkartearekin eskuz esku abiatu zuen lehenengo edizioa Oiartzunen, 2013an. Horren ostean, Larrabetzu, Berriozar, Araia, Oñati, Ondarroa, Arbizu-Lakuntza, Kanpezu eta iaz Amasa-Villabonan jarraitu zuten kirola eta elkartasuna uztartzen.
«Agian aurrerago beste bat etorriko den itxaropenarekin, herri honetan preso eta iheslarien aldeko elkartasunak ez duelako etenik izango», agurtu dira antolatzaileak.