NAIZ
Tolosa

Tolosa tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko prozedura abiatu du Udalak

Tolosako Udalak udalerri osoa Bizitegi-Merkatuko Tentsio Eremu izendatu ahal izateko prozedura abian jarri du, «merkatuan esku hartu eta tentsio hori arintzeko helburuarekin». Lakuako Gobernuari aurkeztu beharreko agiriak egiteko kontratua martxan jarri du.

Tolosako Plaza Zaharra.
Tolosako Plaza Zaharra. (Gorka RUBIO | FOKU)

Errenteria –oraingoz eskaera ofiziala erregistratu duen bakarra–, Donostia eta beste udalerri batzuen ildo beretik, Tolosako Udalak ere herri osoa tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeko prozedura martxan jarri du, ohar batean jakinarazi duenez.

Azaldu duenez, Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tentsio eremuei buruzko azterlana argitaratu zuen otsailean, eta izendapena jasotzeko aukera duten udalerrien artean kokatu zuen Tolosa. Horrenbestez, izendapen hori egin aurretik aurkeztu beharreko agiri eta memoriak egiteko kontratua martxan jarri du Udalak.

ETX Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gune tentsionatuen txostenean emandako datuen arabera, Tolosan azken bost urteotako alokairuaren batez bestekoa %18 igo da: 2017an 552,4 eurokoa zen, eta 2022ko datu 651,8 eurokoa da. Beraz, Etxebizitzaren Legeak finkatzen dituen bi irizpideetako lehena beteko luke, hau da, etxebizitzen alokairu edo erosketa prezioen azken bost urteetako hazkundea erkidegoko KPI metatua baino hiru puntu altuagoa izatea.

Bigarren irizpidea, errentari lotutakoa, berriz, Tolosako lau barrutietako batean betetzen da; 2021eko diru-sarreren batez bestekoa 32.047 eurokoa zen, eta etxebizitza kargak %31,95ekoak.

Udalak gogoratu duenez, tentsio handiko eremu izendatu aurretik prozedura zehatz bat jarraitu behar da, eta Lakuako Etxebizitza Sailari bi dokumentu aurkeztu behar dizkio Udalak: etxebizitzaren inguruko diagnostiko bat eta neurri zuzentzaileen ekintza plan bat, izendapena indarrean egongo den hiru urteetarako garapen egutegi batekin batera. Dokumentu horiez gain, memoria bat ere egin beharko du, datu objektiboetan oinarrituta eskaera arrazoituz.

Diagnostikoa, justifikazio memoria eta ekintza plana egiteko kontratua dagoeneko sinatu du udalak, IKEI Research & Consultancy SA enpresarekin. Hiru fasetan gauzatuko dute lana, eta lau hilabeteko epean burutu beharko dute.

Behin hori burututa, Udalak tentsio handiko gune izendatzeko eskaera egingo dio Lakuako Etxebizitza Sailari, eta onarpena jasotzen den unetik aurrera «Udalak tresna gehiago izango ditu eskura, etxebizitza merkatuan eragiteko. Besteak beste, une horretatik aurrera alokairuaren prezioak izozteko aukera izango du».

Ander Figuerido Etxebizitza Azpisaileko zinegotziaren esanetan, «prozedura hau egiterako garaian egin beharreko azterlanek non gehiago eragin dezakegun erakutsi ahal izango digute. Ekintza planak tresna gehiago emango dizkigu, etorkizunerako plangintza osatu eta etxebizitza arazoari aurre egiteko. Bereziki etxe hutsen merkaturatzean jarrai nahi dugu fokua. Etxebizitza eskubide bat da, eta hori bermatzeko urrats gehiago emateko lanean jarraituko dugu».