Urtzi Urrutikoetxea

Louisianak aborturako pilulak debekatu ditu

Louisiana abortuaren kontrako legerik gogorrenetakoa daukan estatuetako bat da AEB-tan. Orain, emakumeen erabakimenaren aurkako beste eraso bat bozkatu du bertako Kongresuak: haurdunaldia eteteko erabili ohi diren botiketako bi kontrolpeko substantzia arriskutsu izendatu ditu, edukitzea galaraziz.

Haurdunaldia etetearen aurkako eta Trumpen aldeko manifestariak.
Haurdunaldia etetearen aurkako eta Trumpen aldeko manifestariak. (Brian CAHN | Europa Press)

Mifepristona eta misoprostola haurdunaldia eteteko gehien erabiltzen diren botikak dira. Lehena da haurdunaldia eteten duena, eta bigarrenak fetua kanporarazten laguntzen du. Abortutik kanpo ere erabiltzen diren botikak dira, ultzerarik ez egoteko eta erditze-osteko hemorragien aurka, esaterako.

Orain, Louisianako estatua botika horiek droga ilegalak edukitzearekin parekatu du. Salbuespena, mediku-errezeta izatea da. Baina Louisianako medikuek debekatuta daukate aborturik egitea, baita pilula horiek errezetatzea ere, oso salbuespen gutxirekin. Errezetarik gabe botika horiekin harrapatzen dutenak hamar urtera arteko espetxe-zigorra jaso lezake.

Kongresista errepublikanoek Louisianako Senatuan eta Kongresuan daukaten gehiengo zabalari esker, lege-proposamenak arazorik gabe egin du aurrera. Gobernadoreak sinatu duenez gero, indarrean sartu da dagoeneko. Errepublikanoek argudiatzen dute haurdun dauden emakumeak babestea dutela helburu, «behartutako aborturik» egon ez dadin (halakorik gertatu den kasu bakarra aipatzen badute ere).

AEBetako eskualderik pobreenetakoa da Hegoaldea, medikuntzarako eskubide gutxien dagoena. Louisiana, zehazki, haurdunaldian heriotza gehien dituen estatuetako bat da; babes falta horrek era berezian eragiten die estatuko emakume beltzei. Louisianako medikuek eurek salatu dutenez, osasun-arreta zailtzea izango du ondorio legeak, eta erditze-osteko heriotza gehiago izatea ekar lezake. Smita Prasad doktoreak bere kasu pertsonala azaldu du: «Alaba zaharraz erditzea bizitzako egun zoriontsuena izan zen, zerbait okertu zen arte. Ohartu nintzen bazela zeozer, denak zebiltzan azkar. Hemorragia neukan, minutu gutxian hilko nintzen zerbait berehala egin ezean. Zorionez, medikua bizkor ibili zen eta misoprostol eman zidan; eskura zeukaten eta beharrezkoa zen ni bizirik irteteko. Botika hori izan ez balute, ez nintzen hemen egongo». Kontrolpeko drogen zerrendan sartuta, emaginek ere ezingo lukete botika hori eduki.

2022an Auzitegi Gorenak aborturako eskubide konstituzionala ezabatu eta berehala, botika bidezko abortuak ugaritu egin ziren, erdiak baino gehiago izateraino. Kopuruak gorantz jarraitu du, eta ia bi heren dira, % 63, zehazki. 2000 urtean Estatu Batuetako Elikadura eta Botiken Agentzia medikamentu segurutzat jo zituen mifepristona eta misoprostol. Hamar astera arteko haurdunaldiak eteteko erabil daitezke botikak.

Sektore ultren jomuga

Ofizialki eta zientifikoki botika segurua dela izendatuta ere, sektore kristau integristek abortuaren aurkako gurutzadaren jomugan jarri dute. Abortuaren aurkako erakundeak ez dira konformatu Trumpek izendatutako epaileei esker lortu zutenarekin, eta are gehiago murriztu nahi dituzte emakumeen eskubideak, besteak beste, botika horiek debekatuz edo haiek edukitzea oztopatuz. Lehen ahalegina iaz egin zuten Texaseko epaile batek; egun gaia Auzitegi Gorenean dago eta datozen asteetan emango du ebazpena.

Abortua debekatuta dagoen estatuetan, hirietatik urrun dauden guneetan bereziki, baliabide ia bakarra bihurtu zaie internet bidezko kontsulta egitea abortua legezkoa den estatu bateko medikuarekin, eta hala lortzea errezeta. Asko dira, halaber, posta bidez jasotzen dutenak, nahiz eta, Louisianaren kasuan, aborturako pilulak posta bidez jasotzea ere legez debekatu zuten 2022an.

Orain, XIX. mendeko lege bat baliatu nahi dute sektore ultrek beste urrats bat haratago joateko: mifepristona debekatzea, edo, hori ezin badute, posta bidez banatzea debekatu nahi dute. «Louisianak lege hau aurrera ateratzen badu, beste estatu batzuk etorriko dira atzetik», salatu du Alderdi Demokratak.

Joe Biden presidenteak gogor gaitzetsi du hartutako erabakia: «Louisianako MAGA (trumpzale) errepublikanoek aborturako botika seguru eta eraginkorra edukitzea hainbat urtetako espetxe-zigorrarekin kriminalizatzen duen legea onartu dute. Guztiz salagarria da».

Kamala Harrisek ere gogor kritikatu du Louisianako erabakia, eta ohartarazi du Donald Trump Etxe Zurira itzuliz gero emakumeen oinarrizko eskubideen aurkako oldarraldi berri bat etorriko dela. Presidente ohiak, bateko eta besteko jarrera izan ohi du: sektore ultren aurrean abortu-eskubidea amaitu izanaz harro agertzen da (berak izendatu baitzituen hura ahalbidetu zuten epaileak) baina kanpainan gaitik urruntzen saiatzen da boto feminista aktibatzea kalterako zaiolakoan. Egunotan, kontrazepzioa mugatzea pentsatzen ari dela esan du Trumpek.