Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Literaturia: euskal letrek irakurleen gosea piztu nahi dute

Zarautzen, praka motzak nagusi, eta giroan, hondartzarako egarria. Herrian jarritako karpa batean idazleak eta argitaletxeak irakurle gosez aurkitu ditugu. Literaturian gaude, euskal letren plazan, eta hemen liburuaren sektoreak bizirauteko egiten duen ahalegina islatu da.

Zarautzen, liburu artean. Durangoko Azokatik at, azoka dexente daude.
Zarautzen, liburu artean. Durangoko Azokatik at, azoka dexente daude. (Maialen ANDRES | FOKU)

Udaberriarekin batera iritsi ohi da Zarautzera Literaturia, euskal letren plaza. Ostiralean, Modelo aretoan, Mari Luz Estebanen manifestuaren irakurketarekin eta ekitaldi honetarako espresuki sortutako ‘(B)egira!’ ikuskizunarekin hasiera eman zitzaion euskal literaturari eskainitako ekimen herritar honi.

Lege Zaharren plazan kokatu zuten larunbatean, berriz ere, Literaturiaren ‘bihotza’; hau da, liburu azoka. Ohiko bi egunen ordez, aurten egun bakarrera mugatu dute azoka, eta larunbata osoan zehar argitaletxeek haien postuetan euskal literaturako liburuak erakusgai jarri zituzten.

Bertan ezarritako karparen barnean Ahotsenearekin elkarlanean antolatutako liburu aurkezpenak egin dira. Modelo aretoan, Literaturiaren beste gunean, hitzaldiak, mahai inguruak eta emanaldiak izan ziren. Gaur egingo da azkena, eguerdiko 12.00etan, ‘Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua’ izenpean, eta bertan Gorka Arrese, Harkaitz Cano eta Maite Larburu elkarren artean solasean jarriko dituzte.

Plaza sarean lan ugari

Euskal liburuen sektorearen argitaletxe gehienak aurkitu ditugu hemen: Elkar, Txalaparta, Erein, Susa, Ipar Euskal Herriko gehienak... Idazle ezagunak ere, oraintxe bertan beraien azken liburuak atera dituztenak: Unai Elorriaga, Yolanda Arrieta, Iñigo Astiz, Asel Luzarraga... Liburuen postuen artean, ordea, ez da Durangoko Azokan ikustera ohituta gauden jende olderik. Liburuaren sektorearen egoera orokorraren isla da, ez gaitezen tronpatu.

Militantzia, kemena... Deitu diezaiogun nahi dugun bezala, baina hemen jende askoren lana dago. Literaturia, esaterako, euskara hutsezko plazen sarearen barnean dago. Urtarrilean Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astearekin hasi eta urte osoan zehar luzatzen den azoken eta elkarguneen zirkuitua osatu da. Horrenbestez, hemen dauden argitaletxe guztiak Ziburun ekainaren 1ean egingo den euskal liburu eta azokan egongo dira.

Bitxikeriak, hausnarketak...

Patxi Huarte ‘Zaldieroa’ komikigilearekin topo egin dugu. «Niretzat azoka topaleku bat da», bere erantzuna, Literaturia zer den galdetu diogunean. Idoia Torregarai umoregile eta kazetariarekin ‘Mikroipuinak’ (Elkar) atera berri du Huartek.

Liburu berezia, tamainaren aldetik desberdina... behin eta berriz, orrialdeetan atzera-aurrera egitera gonbidatzen zaituen horietakoa. «Hagitz polita da liburua. Gero eta gehiago gustatzen zait», aipatu du Huartek: «Nik Twitterren marrazten nituen Idoiaren mikroipuinak, eta une batean esan zidan: ‘Ehun bat ipuin baditut eta liburu bat egiteko ugari daukat. Ilustrazioak egingo zenituzke? Ilustrazio asko eginda nituen».

Hemen, liburuan aurkitu daitekeen adibide bat: «Liburua hozkailuan sartu dut. Ekintza poetikoa izan zitekeen, baina hutsegite soil bat izan da».

Zero baino hobeto

Yolanda Arrietak (Etxebarria, 1963) orain 15 egun eskas atera du ‘Etxe bat norberarena’ (Alberdania). Euskadi saria irabazi zuen Arrietak 2015ean, eta hainbat liburu argitaratu ditu haur eta gazte literatura arloan zein helduenean. Hari entzutera dozena bat lagun batu dira Ahotsenean. Pandemian genuen literaturaren gose hura ez dakigu ase ote den edo zer, baina liburuekin, orokorrean, gertatzen ari dena harrigarria da oso.

Zer dago horren atzean? Azoken formula agortu da? Nola erakarri daitezke irakurleak? Galderez beteta gaude. Yolanda Arrietak ere galdera dezente ditu: «Azoka kontuetan, egiten ez duzuna ez da 0; da minus 10, minus 20 edo minus 40. Zeren ahaztu egiten zaigu, baina gu euskaraz ari garen literaturgileak gara. Eta literaturgintza dago egoera horretan: garai txarrak lirikarentzat, eta orain, gehiago. Eta horri euskaraz dela gehitzen badiozu, gehi irakurketa ohiturak ‘enfin’, gehi irakurketa hezkuntza ‘enfin’... Ba esango didazu hor zer egin behar den? Zerbait egin behar dela, bai; ez dela hau modurik egokiena, bueno. Baina dagoena da. Hobetu daitekeela? Bai, baina ez dakit nola. Ez da erraza. Agian olerki bat idaztea baino zailago da».

Orain gutxi atera berri du azken liburua, zahartzaroa, sorkuntza eta emakume sortzailea izateari buruzkoa. Geruza asko ditu liburu honek. Pozik aurkitu dugu idazle bizkaitarra, adin guztietako jendea gerturatu zaiolako. «Nik uste dut senti-pentsatzeko liburu bat dela», esan du. «Neure hautua egin nuen, erabaki nuenean sorkuntza eta euskara lotzea. Baina azpi-azpian dago askatasun gosea, eta nik horri eutsiko diot bizi naizen artean», adierazi du.

Politika, liburuak eta xomorroak

Txalapartaren mahaian maiatzeko nobedadeen ikusgarri bat topatu genuen: tximeletak, liburu zabalgarri batean. Liburuaren izenburua ‘Xomorroak’ da. «Ipuin bilduma eta saiakera literarioaren arteko nahaste bat da. Xomorroak aitzakiatzat harturik, denboraz eta bizitzaz eta horrelako gogoeta batzuk egiten ditu Julia Guillamonek. Katalana da», azaldu du Garazi Arrula editoreak.

Asel Luzarragaren ‘Zortzigarren hiria’ distopikoa, Bea Salaberriren ‘Mesfida zaitez’ edo ‘Gudari’, ‘Txikia’ eta ‘Ogro Operazioa’ liburuen bertsio bitxiak plazaratu ditu Txalapartak.

Maiatz argitaletxean ere antzekoak aurkitu ditugu, bitxikeriak: esaterako, Marc Legasseren ‘Santxo Azkarra’ liburuaren bertsio berritu bat eta Maddi Sarasua bertsolariaren lehen poema liburua, ‘Biharraren hegietan’. Poema politikoak ondu ditu Sarasuak, aurrekoen eta etorkizuneko borroken ahotsak bilatu nahian. Liburuaren barnean esaldi hau utzi digu hausnarketarako: «Zenbat esaldi falta zaizkion historiari...».

Liburuzaleen hurrengo hitzordua Ziburun izango da ekainaren 1ean: 450 metro karratuko karpa nagusia, 120 metro salmahai, 41 argitaletxe eta diskoetxe, ehundik gora berritasun, 40 sortzaile...