NAIZ

Tigre eltxoari aurre egiteko programa plantan eman du Ziburuko Herriko Etxeak

Hainbat herritarrek tigre eltxoaren hedapenari buruz eginiko oharra aintzat harturik, Ziburuko herriak egitasmo esperimentazioa abian eman berri du Miguelenia-Caparocenia auzotegian, Oihan-Alde auzotegiko batzordearekin lankidetzan.

Baratzez inguraturiko auzotegi batean garatuko dute tigre eltxoari aurre egiteko egitasmoa Ziburun.
Baratzez inguraturiko auzotegi batean garatuko dute tigre eltxoari aurre egiteko egitasmoa Ziburun. (Ziburuko Herriko Etxea)

Hainbat herritarrek tigre eltxoaren hedapenari buruz eginiko oharra aintzat harturik, Ziburuko herriak egitasmo esperimentazioa abian eman berri du Miguelenia-Caparocenia auzotegian, Oihan-Alde auzotegiko batzordearekin lankidetzan.

Programa horren baitan ehun bat zepo banatuko dizkiete baratzak dituzten etxez osaturiko auzotegi horretako biztanleei.

Biziki deserosoa izateaz gain eritasun ekarlea da tigre eltxoa. 2015az geroztik espezie horren presentzia etengabe emendatuz doa Ipar Euskal Herrian.

Herritarrak aldizka zuzentzen dira udaletara osasu arazo horren aurrean erantzunak ekar diezaizkieten. Hori hala da, besteak beste, norbanakoek baliabide eraginkor gutxi dituztelako eskura tigre eltxoari aurre egiteko.

«Izari handiko aterabideak konplexuak dira, eltxo-hiltze kanpainak Eskualdeko Osasun Agentziak bakarrik abiarazi ahal dituelako eta operazio horiek ez dira hain eraginkorrak, gizakiengan ondorioak dituztelako», azaldu du Ziburuko Herriko Etxeak ekimen aitzindari baten berri emateko plazaraturiko prentsa oharrean.

Miguelenia-Caparocenian garatuko da neurriko esperimentazioa. Auzotegia egokia da plana martxan emateko baratzez inguraturiko etxe indibidualez osatua delako.

Hunkituak diren herritarrei, gutunez, Marinela eskolan, ekainaren 16an iragan den bilkura publiko batera etortzeko gomita igorri die Herriko Etxeak, norberak bere etxean jarrera onak har ditzan, ur geldiak mugatuz eta emeen errutzea saihestuz.

Eskualdeko Osasun Agentziak balioztatutako ehun bat BG-GAT zepo banatuko ditu egitasmo horren baitan Ziburuko Herriko Etxeak urrats horretan parte hartu nahi duten Migueleniako bizilagunen artean eta horrekin batera jarraipen bat eginen dute eltxo horren kopuruari buruz uda garaian.

Entsegu garaia amaiturik, udazken aldera  bilan bat egina izanen da herritarren laguntzaz antolaturiko entsegu hori egokia denez egiaztatzeko.

Herritarren informazioa hobetu

Tigre eltxoak bi ezaugarrri nagusi ditu. Alde batetik, ez du distantzia handirik egiten, haren sorlekutik 150 metroko hedadura bakarrik egiten baitu. Bestalde, lehortzea ez zaio gustatzen eta ura du beharrezkoa ugaltzeko.

Horretaz jabeturik, «Ura moztu iezaiozue eltxo tigreari» mezu nagusia duen kanpaina abiatu du Ziburuko Herriko Etxeak, alde batetik, eta, horren osagarriz, emeak erakarriz arraultz errutzea saihesteko funtzioa betetzen duten zepoak banatuko ditu.

Horrekin batera, publiko zabal batengana iristeko asmoz, informazio berezia garatuko du Udalak herriko aldizkariaren bidez. Finean, tigre eltxoari eskainitako erakusketa ibiltaria Marinela eskola, Sardara Gela eta Herriko Etxean igaroko da hilabete bateko garaian.