Materialarekin nahikoa txapelketa lasai baten ostean, finalaren atarian izan da ez kexarik, baina bai nolabaiteko harridura Jokin Altunari orain arte izan ez den pilota klase bat egon dela iruditu baitzaio. Gorriz janzteagatik aukeratzea lehenengo egokitu zionez, amezketarrak gustura amaitu berak aukeratutako biekin, «lurrean azkarragoak eta frontisean gutxiago irteten direnak», baina gainontzekoak ez zaizkio batere gustatu. «Desberdinak dira nik eta berak aukeratutakoak, agian aukeratzen lehena izan balitz berak aukeratuko zituen nireak, ez dakit. Baina zortzitik bi edo hiru gustatu zaizkit, bestea gustatzen ez zaidan materiala da, frontisetik irteera handia duena eta lurrean azkenaldian ikusten ari garen materialarekin konparatuta, hain azkarra ez, bote gehiago hartzen duena eta gainera frontoi honetan pilotak tendentzia du buelo handia hartzeko eta horrela iruditu zait», azaldu du.
Unai Lasok, bere aldetik, oso gustura amaitu du aurkitutakoarekin eta Aspekoarekin alderatuta, antzeko materiala iruditu zaio batak eta besteak apartatutakoa. «Azkar aukeratu dut, nire pilotak nik uste biziagoak direla, baina bereak ere antzekoak dira eta ongi». Aurten finala baino bi hilabete lehenagotik zegoen eginda partida honetarako aurre aukeraketa bat eta beste urteetan 10 pilotaren artean aukeratu behar izaten dute finalistek eta oraingo honetan zortziren artean egin behar izan dute. Honek ez omen du pilotarien lana batera baldintzatzen Baikoko aurrelariaren iritziz, baina gipuzkoarrarentzat orain aukera gutxiago dago saskian era guztietako pilotak egon daitezen. Askotan ez da datu oso esanguratsua izaten, baina pisuan ere nabari da alderik batak eta besteak aukeratutakoaren artean; Altunak 105.1 eta 104.9 gramotakoak aukeratu ditu eta Lasok 106.2 eta 106.7takoak.
Biak lasai
Finala gerturatzen ari den heinean barruko tximeletak agertzen ari diren arren, bi pilotariak lasai agertu dira eta egun hauetan euren egunerokoa ahalik eta gutxien aldatzen saiatzen ari direla nabarmendu dute. Duela hilabete inguru Bizkaia pilotalekuan bertan elkarren aurka jokatu zuten partida ez omen dute berriz ere ikusi eta ez dute uste iganderako erreferentziatzat balio duenik.
Hori bai, final laurdenetako ligaxkan Lasok 22-7 irabazi izanak argi uzten omen du, Jokin Altunarentzat, nafarra faborito argia dela. «Orain dela bi edo hiru aste, telebistan eta partidak ematen zituztenetan ematen zuen Baikok txapela irabazia zuela, tendentzia aldaketaz hitz egiten erabat, eta bueno, bizirik jarraitzen dugu. Hemen gaude, baina faboritoa, oraingo honetan, nik uste, bera dela. Klasikoa edo derbia deitzen diozue eta halako bat denean bat izaten da faborito, bestean bestea eta gertatu zait, klasikoa baina beti ni faborito. Orain txapelketa honetan ez da horrela, askoz joko gehiago erakutsi duelako eta emaitza hobeak izan ditu. Igual hurrengo txapelketa batean nik arrasatuko dut berak orain egin duen bezala, eta orduan onartuko dizuet, egindakoagatik, ni naizela faborito baina orain bertan bera da. Argumentuekin erantzun dizuet»