Alessandro Ruta

Zaldibarrek Conference Leagueko finala irabazi zuen gaua

Jose Luis Mendilibarren kuadrillaren tabernan bizi dugu Olympiakos eta Fiorentinaren arteko norgehiagoka, entrenatzailearen lagunekin hitz egiten, jaten eta, azkenik, ospatzen ere bai.

«Mendi» zaldibartarra, bere saltsan Atenasen bitartean, garaikurra eskutan.
«Mendi» zaldibartarra, bere saltsan Atenasen bitartean, garaikurra eskutan. (Olympiakos)

«Mintza zakidaz, oi Musa!, era askotaz buru argiko gizasemeari buruz; gogoraidazu Troia uri donea suntsitu ondoren, luzaro be luzaro, ainbat uri ikusi ta gizaseme askoren oiturak ikasiz, arat-onat ibilli yakuna: itxasoak eurrez zearkatu ta, bere bizia jagon nairik eta bere lagunak aberrira biurtu eitezan, ziriak eta miñak ikusi zituna». Homeroren ‘Odisea’-ren hasiera da honako hau; futbolarekin zerikusirik ez du, egia, baina berdin zait, epikaz ari delako, eta epikoa da Atenasen gertatu dena, Zaldibarko buru argiko gizaseme baten eskutik.

Zaldibartik Atenasera mirariak gerta daitezke, gertatu izan dira. Zaldibarren jaio zen eta bertan bizi da normalean Jose Luis Mendilibar, herriko harribitxia, entrenatzaile eta pertsona maitatua. Hau dela eta, Conference League txapelketaren finala bertan ikustea erabaki dugu, gau berezi bat pasatzeko. Hain zuzen ere, Mendilibarren kuadrilla elkartzen den gunean: jatetxe bat da, Karobi deitzen dena.

Auzoko jendea

Terraza bat kanpoan, bi sarrera (aurrealdean eta atzealdean), eserleku batzuk, barra bat eta telebista piztuta:

-«Ez al zaitut ezagutzen, txapela horrekin? Zergatik bada?», galdetu dit bertako batek.

-«Ez dakit, italiarra naizelako beharbada?».

-«Orduan, zer egiten duzu hemen? Fiorentinaren alde al zaude?».

-«Ni? Ez, ez, ni kazetaria naiz bakarrik. Milanzalea batez ere. Eta Mendilibarzalea, jakina».

Eskerrak beste gizon batek lagundu nauela: «Baina, ez al duzu ikusten? Giro d'Italiaren tipoa da!». Hortik aurrera, dena aldapan behera hasi zait...

Agurrak batetik, agurrak bestetik... 12-15 pertsona daude jada Karobi tabernan. «Gutxi, ezta? Gehiago egongo zinetela pentsatzen nuen», esan diot Olympiakoseko txano bat daraman gizonari. «Beste horrenbeste joan dira Atenasera –azaldu dit–, sukaldaria barne. Baina gosez bazaude zerbait aterako dugu. Hori bai, pixkanaka-pixkanaka...».

12-15 lagun daude. «Beste horrenbeste joan dira Atenasera –azaldu didate–, sukaldaria barne. Baina gosez bazaude zerbait aterako dugu».

 

Karobi jatetxetik askotan pasatzen zen Mendilibar, Greziara abiatu aurretik. Inguru honetan jaio zen entrenatzailea, tabernaren parean hain justu ere: «Ikusten duzu argi hori? –galdetu dit aurrean eserita dagoen gizonak– Bertan jaio zen. Baina aspaldi hartu zuen baserri bat, goiko partean, berritzeko eta han bizitzeko».

Finalaren atarian norbaitek ‘Mendi’-rekin hitz egin ote duen jakin nahi dut: «Bai, Whatsappeko talde bat dugu. Ez dago urduri, lasai dabil. Bere barruan beti uste du irabaziko duela. Gero, jakina, ezin da beti irabazi, baina berak ez du inor beldur hori izaten». Eta entrenatzaile-auzokide-lagunak goizean bidalitako mezua erakutsi dit: «Laster egongo gara, bai».

Taberna... El Kaabi

Neurketa negargarria da futbol kalitateari dagokionez. Baina emozioei dagokienez olatu modura doa gaua; Olympiakosek bultzatzen duenean, gauza bera egiten du jatetxe guztiak.

Taktikari buruz hasi gara. «Fiorentinakoak pecho frío batzuk dira», aipatu diet (eta nola asmatuko nuen). «Tentsioa nabarmena da», ondorioztatu dugu guztiok. Azken finean, final bat da, final europar bat.

Nik ez dakit zergatik baina Fiorentinako Andrea Belottiren beldur dira. «Famatua da, ezta? Golegile handia», helarazi didate. Egia esan, golegile izandakoa: Belotti gixajoak azken urteotan sekulako beherakada izan du.

Erabateko idoloa El Kaabi da: «Begira nola deitzen den gure taberna, antzekotasun handia du abizenearekin ezta?». Bere burukadarekin hasi da ospakizuna.

 

Erabateko idoloa, aldiz, El Kaabi da, Olympiaseko aurrelaria: «Begira nola deitzen den gure taberna. Antzekotasun handia jokalariaren abizenarekin, ezta? Patuan dago hori». Bueno, izan daiteke. Dena den, El Kaabi gaur ez dabil fin, Milenkovic eta Martinez Quarta atzelariak erraz kontrolatzen ari dira.

Atsedenaldira iritsita, afaltzeari ekin diote. Beraiekin jateko eskaini didate baina ez, etxean dagoeneko zerbait hartu dut. Tortilla, gazta, ardo beltza: soziedade baten ohiko menua, lagun artean. «Olympiakosen partidu guztiak ikusten al dituzue?». «Conference League-koak bai», erantzun didate. «Hemengo ordena hau da: Athletic, Eibar eta gero Olympiakos», zehaztu du beste norbaitek.

Otordua Karobin, Al Kaabiren zain. (A.R.)

Bigarren zatian zehar, jokoa are motelagoa bilakatu da. Luzapena saihetsezina dirudi baina bat-batean talde greziarrak indar berriak atera ditu nonbaitetik. Mendilibar bera orain kamara aurrean askoz tenteago ageri da eta tabernako giroa hori berrestera dator: «Men–di–li–bar, lolololo» eta abar, abesbatza baten modura.

Luzapenean erronda berria

Luzapenean penalti argia ez dio epaileak onetsi Olympiakosi eta ezkor hasi dira guztiak: «Seinale txarra da hori». Olympiakoseko txanoa daramanak, bere semearekin batera, itxaropentsuago dirudi: «Penaltietan irabazi ezkero, erronda bat ordainduko dizuet». Badirudi bukaera hori izan behar dela, ezinbestean.

Baina bi minutu geroago, orain bai, El Kaabiren burukada dator. Jatetxea lehertzear jartzen du golak, are gehiago VARrek bost minutuz luzatzen duen erabakian berretsia izan ostean. Fiorentina ezinean dabil hortik aurrera, «Viola» taldeak ez du erantzuteko gaitasunik.

Gauerdira iristeko hogei minuturen faltan bukatu da finala. Nahiz eta penaltien aurretik izan den, erronda berri baterako aukera paregabea da: «Niretzat ezer ez, eskerrik asko, Otxandioraino gidatu behar dut», justifikatzen dut neure burua. Baina ezinezkoa da tragotxo bat ez hartzea...

«Laster aldatu beharko dute herriko plazako monumentua, Mendilibarrena ipiniko dute», hau da entzun dudan esaldirik onena. Eta egia da; nola maite duen herriak bere ‘Mendi’, bere semea, laguna, kidea, dena batera. Bera itzuli arte ospatzeko ez dute itxoiteko asmorik, ordea.