NAIZ

«Sexu lana lana dela» aldarrikatu dute Gasteizen

Sexu langileen eskubideen nazioarteko egunaren bezperan Gasteizko Mugimendu Feminista kalera atera da «sexu lana lana» dela aldarrikatzeko. Epai moralistak eta debekuak alde batera utzi behar direla esan dute, «pertsona prekarizatuak klandestinitatera kondenatzen» dituelako.

Gasteizen larunbat goiz honetan egin duten mobilizazioa.
Gasteizen larunbat goiz honetan egin duten mobilizazioa. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Ekainaren 2an sexu langileen eskubideen nazioarteko eguna da, eta horren harira, Gasteizko Mugimendu Feminista «sexu lana lana» dela aldarrikatzeko elkartu da larunbat goiz honetan. Jakinarazi dute beraien eremuetan ez dutela sexu-langileen eskubideen eta ahotsen aurkako inderkariazko diskurtso eta jarrerarik onartuko.

«Ezinbestekoa ikusten dugu sexu-langileen eskubideen alde borrokatzea feministak, antiarrazistak, antikapitalistak garen heinean eta langileen eskubideen alde borrokatzen dugunez», aldarrikatu dute

Lehenik eta behin sexu-esplotazioa helburu duen pertsonen trafikoa, trata edo salerosketa eta sexu-lana kontzeptuak bereizi nahi izan dituzte, «dena trata da» leloa «arriskutsua» dela nabarmendu dute. «Batetik, erabakitako sexu lanaren existentzia ezkutatzen duelako eta, bestetik, ez zaiolako benetako irtenbiderik ematen trataren arazoari». Horri loturik argi adierazi dute «trataren eta edozein esparritan ematen diren eraso matxisten aurka eta sexu-langileen eskubideen alde» daudela.

«Zapalkuntza marko komunak dituzten arren, ezin ditugu unibertsalizatu sexu langileen egoerak eta bizipenak, ezta diskurtso moralistetan erori ere», azaldu dute. Eta salatu dute, sexu langileek beti estigmaren pisuari eutsi behar izaten diotela: ama txarrak, putak, zikinak, errundunak, biktimak, gaixoak... «Epai moralista hauek sexu langileak estigmatzen dituzte, agentzia politikoa eta erabakitzeko gaitasuna kentzen dizkiete eta beraien aldarrikapenak isilarazten dituzte», gaineratu dute.

Adierazi dute, beraien ustez «klase kokapena daukan feminismoak» ulertu beharko lukeela «sexu lanaz haratago beste lan eta ofizioetan ere genero zapalkuntza, bortizkeria egoerak eta lan esplotazioa sarri gertatzen direla, eta are gehiago migratuen, arrazializatuen eta trasn pertsonen kasuan».

Eskubideen alde

«Lan esparru bat debekatzeak, ezinezkoa izateaz agin, pertsona prekarizatuak klandestinitatera kondenatzea besterik ez du egiten», salatu dute, eta zapalkuntza gainditzeko aukera bizi baldintzen hobetzetik, giza eskubideen zein gizarte eta lan eskubideen errespetua bermatzetik eta tresnak sortzetik etorriko dela esan dute.

Mugimendu femininista ez dutela «pribilegiatuen beharretatik eta ikuspegi salbatzaile batetik» eraiki nahi adierazi dute, eta zapalkuntza ardatz ezberdinak ulertuz «estrategia komununak sortu eta aliantzen bidez komunitatea eraiki» nahiko luketela gaineratu dute.