Argitxu Dufauk ez du erabili beharreko adjektiboaren inguruko zalantza handirik ukan. LAB sindikatuak Ipar Euskal Herrian duen bozeramailearen ustez, Gabriel Attal lehen ministro frantsesak maiatzaren 26an ezagutzera eman zuen langabezia asurantzaren erreforma «biziki bortitza» da. Azken egun hauetan, testuaren ildo nagusiak bildu dira prentsan: zortzi hilabeteko lana, sei hilabeteren ordez, eskubide berriak zabaltzeko; kalte-ordain epea 18 hilabetetik 15era pasatzea eta 50-57 urte bitartekoendako hainbat arau kentzea, onuragarriegitzat jotzen zirenak.
Xedea 3.600 milioi aurreztu eta enplegu osoa lortzea da langabezia aseguruaren kudeaketaz arduratzen den Unedic erakundearendako. Emmanuel Macron presidente frantsesarendako obsesio bilakatutako norabidea da, erreformak biderkatzekotan, bost urtean hiru plantan ezarriz, langabezian direnak lanean berrezartzen baititu, derrigorrean.
«Makronia hutsa da», dio Dufauk. «Langabezia pribilegiotzat jotzen da, baina eskubide bat da, horrendako kotizatzen da. Azpimarratu nahi nuke berdin kotizatzen jarraituko dugula eta, hala ere, eskubide gutiago izanen ditugula. Finean, demokrazia falta da aipatzen ez dena. Erreforma hau dekretu baten bidez gauzatuko da [heldu den uztailaren 1ean argitaratuko dutena], abenduan plantan ezartzeko. Ez dugu legerik bozkatuko».
Denbora luzeagoa langabezian
Ondorioz, gazteak sarritan kontratu laburren pean direnez, galtzaile nagusiak adinekoak dira. Erretreta hartzeko legezko adina 64 urtera gibelatu dutenez geroztik, 57 urte behar dira senior kategorian sartzeko. 57 urte beharko dira orain arte 53 urtetik gorakoei zegokien salbuespen-erregimena ukaiteko ere. Gaur egun, adineko soldatapekoek besteek baino iraupen luzeagoko kalte-ordainak dituzte: 22,5 hilabete 53 urtetik goiti, eta 27 hilabete 55 urtetik goitikoendako. Abenduaren 1etik aitzina, berriz, beste lau urtez itxaron beharko da, behar izanez gero, gehienez ere 22,5 hilabeteko langabezia ukaiteko.
«Egin beharreko galdera, batez ere, adinekoen enpleguari eusteari buruzkoa da», dio Mercedes Gracietek, CFDT sindikatuaren Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiak. Azaldu duenez, «Frantziar Estatu mailako zifrak behatuz gero, 55 urtetik goitikoek 806 egun pasatzen dituzte langabezian batez beste, eta adin guzietakoak kontuan hartuta, 370 egun. Ontsa dakigu enpresaburuek ez dutela pertsona horiek kontratatzeko gogorik, gaitasun jakin batekin iristen direlako eta, beraz, soldata batekin».
Testuinguru horretan heldu da Gabriel Attalen “senior enplegu bonusa”, urtebetez dirulaguntzak eta soldata metatzea ahalbidetzen duena. «Har dezagun 57 urteko eskatzaile bat, 3.000 euro gordin errezibitzen dituena. Bihar, 2.000 euro gordineko lana eskaintzen badiote, lan berri hori 2.000 eurotan metatu ahal izango du, langabezia asurantzak ematen dizkion 1.000 euroekin». Eskulan kualifikatu eta eskarmentuduna «merke saltzen da» horrela.
«Lan anitz dugu egiteke»
Bertako sindikatuek frantziar Gobernuak arazoa alderantziz hartzen duela uste dute. Attalek ez du egiturazko iragarpenik egin enpresak haien nagusiak gordetzera bultzatzeko edota kontratatzeko orduan diskriminazioa mugatzeko, Gracietek deitoratu duenez. «Lan anitz dugu egiteke», aitortu du Cedric Gardette France Travailen Pirinio Atlantikoetako zuzendariak ere martxoaren 15ean, Frantzia Urdineko uhinetan.