NAIZ

Udan 77 anbulatoriotan ordutegiak murriztuko ditu Osakidetzak eta 44 egun batzuetan itxiko ditu

Udan zehar Osakidetzak 77 anbulatoriotan ordutegia murriztuko du, 44 osasun-zentro egun puntualetan itxiko dituzte eta beste hamar itxita egongo dira. ELA, CCOO eta ESK sindikatuek neurria kritikatu eta urteroko neurri hauek «egiturazko gaitz» bihurtu direla deitoratu dute.

Laudioko osasun-zentroan gabeziak salatzeko apirilean egindako agerraldia.
Laudioko osasun-zentroan gabeziak salatzeko apirilean egindako agerraldia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Osakidetzak udan zehar Lehen Mailako Arretako 72 osasun-zentrotan ixteko ordutegia aurreratuko du eta egun jakin batzuetan 44 itxiko ditu eta beste hamar ez dituzte uda osoan behin ere irekiko, astelehen honetan jakinarazi dutenez.

Lakuako Osasun Sailak osasun-zentroetarako plan bat prestatu du, urtero udan egin ohi duen bezala, lanaldiak eta ordutegiak moldatzeko, egun horietan eskaera txikiagoa izaten dela argudiatuta eta langileek oporretako egunak hartzen dituztelako.

Osasun Sailaren arabera, lehen mailako arretako 339 osasun-zentroetatik 155etan ez da lanaldian edo ordutegian aldaketarik egongo. 72tan itxiera-ordua aurreratuko da, 20.00etatik 17.00etara, 44 anbulatorio udako hilabeteetako egun batzuetan itxita egongo dira eta 58tan oraindik ez da plangintza zehaztu.

70 zentro gehiagotan murrizketak

Bestalde, normalean astean ordubetez irekita egoten diren osasun-zentroak guztiz itxita egongo dira udan zehar. Iaz 225 zentrotan Osakidetzak ez zuen inolako murrizketarik egin, baina oraingoan 155 baino ez dira izango inolako aldaketarik jasango ez dituztenak.

ELA, CCOO eta ESK sindikatuek beste urte batez egingo diren murrizketa hauek salatu dituzte. Zentroen ordutegien murrizketa, langileen murrizketa eta beste langile batzuek aparteko orduak egin behar izatea eta EAGak medikurik gabe irekitzea deitoratu dute.

Sindikatuek jakinarazi dutenez, astelehen honetan mahai sektorialaren bileran hartutako erabakia iaz baino osasun zentro eta EAG gehiagori eragingo die eta Osakidetzak aurreikusten du 1.000 lan txanda inguru bete gabe daudela udako sasoirako, kopurua zehaztu ez badute ere.

ELAk bere aldetik salatu duenez, murrizketa hauek lan karga handia dakarte lanean ari diren langileentzat eta «argi dago egiturazko arazo larriei aurre egiteko planik ez dagoela».

Sindikatu honen arabera, Lakuako Osasun Sailak dio ez dagoela murrizketarik, eta udan aplikatu beharreko neurri horiek langileen atsedena bermatzeko beharrezkoa den berrantolaketaren ondorio dira. «Errealitate bakarra da murrizketen aurrean gaudela, Osakidetzak justifikatu nahi dituenak langileak eta haien eskubideak erabiliz», adierazi dute ELAtik, «erabaki politikoen ondorioa» direla gaineratuz.

ESK-k, bestalde, Osakidetzako EAG batzuetan medikuen «estaldura falta» salatu du eta Osakidetzari «egoera lazgarri horri konponbiderik ez ematea» leporatu dio.

Honekin ados, CCOOk salatu duenez, «aldi baterako adabaki» gisa hasi zena egiturazko gaitz bihurtu da, eta urtez urte errepikatzen da». Osakidetzak eta Osasun Sailak «profesionalak erakartzeko eta fidelizatzeko eta murrizketak errepikatu edo txikiagotu beharrik ez izateko epe ertain eta luzerako neurririk hartu nahi ez dutela» deitoratu dute.

Medikuak faltan dagoeneko

ESK-k ohartarazi duenez, igandean, ekainaren 2an, ez zen medikurik egon Bermeoko EAGan, eta maiatzaren 25ean egoera berdinean egon ziren Bermeoko zein Zornotzako EAGak. Halaber, maiatzaren 18an Amurrioko EAGan ere ez zela medikurik egon, eta egoera hori Laudioko EAGan medikuen «falta etengabeari» gehitu behar zaiola.

Ohartarazi dutenez, «ESI horretako arduradunek hilabeteak daramatzate eskualde horretako biztanleen osasuna arriskuan jartzen, eta aurreikuspen eta ardura falta erakusten dute, eta horrek berehalako kargugabetzea merezi du».

Hori dela eta, sindikatuak «berehala aurrera eramateko eta egoera jasanezin hau konpontzeko» eskatu dio Osakidetzako zuzendaritzari.

Osakidetzaren «itxuragabekeria»

Sendagileen Sindikatuak (SME) ere kritikatu du Osasun Sailaren erabakia. Ohar batean nabarmendu duenez, «Osakidetzaren itxuragabekeriak ez du mugarik».

Sindikatuak  ohartarazi duenez, ordutegia murrizten bada, pazienteak Etengabeko Arretatako Gunetara (EAG) edo ospitaletako larrialdietara joango dira.  

«Sendagileen Sindikatukook azpimarratu nahi dugu egokiena eta lehentasunezkoena lan-baldintzak hobetzea dela, kontratazio-zerrendetan behar adina mediku izateko. Eta medikuen poltsa hori ez badago, Osakidetzak kalitatezko arreta bermatzeko beharrezko neurriak martxan jarri beharko ditu», gaineratu du.