Arnaitz Gorriti

ACB Ligarako Lauko Finala jokatu ez arren, GBCk «urterik dibertigarriena» osatu du

Mikel Odriozola entrenatzailea buru dela «Arima gipuzkoarra berreskuratzea» eta «hazten, gero eta sendoago» dagoen kluba dela azpimarratu dute Nacho Nuñez GBCko presidenteak eta Jose Luis Zubizarreta ‘Xubi’ kirol arduradunak. Illunbera jende gehiago erakartzea litzateke hurrengo urrats nagusia.

‘Xubi’ eta Nacho Nuñez, 2023/24 denboraldiko balantzea egiten.
‘Xubi’ eta Nacho Nuñez, 2023/24 denboraldiko balantzea egiten. (@GIPUZKOA BASKET)

«Urterik dibertigarriena», «erroak botatzen hasteko urtea», «kluba zer-nolakoa den kantxan ikusi den urtea», «proiekturik gipuzkoarrena errotzen joan den urtea»... Halako hitz loriatsuekin bataiatu dute Gipuzkoa Basketen 2023/24 denboraldia Nacho Nuñez presidenteak eta Jose Luis Zubizarreta ‘Xubi’ kirol arduradunak. «8ko nota jarriko nioke taldeak egin duenari; Lauko Finalera iritsi izan bagina, 9koa zatekeen nota hori; ACB  Ligara igoz gero, 10ekoa», laburbildu du ‘Xubik’, Nolanahi, taldea «sendoago» ikusi dute batak zein besteak etorkizunera begira –Urrezko LEB Liga izatetik «FEB Aurreneko Maila» izatera pasatzen denean–.

«Taldeak bere izaera erakutsi du kantxan. Serioa bere lanean, irabazten zaila, eta era berean, joko erakargarria egin duena eta jendea Illunbera –Angulas Aginaga Arena pabiloira– erakartzea lortu du. Ez zen erraza iaz egindakoa errepikatzea –Lauko Finalera iritsi ziren donostiarrak–, hainbat jokalarik ezin zutelako hemen jarraitu eskaintza hobeak zituztelako. Baina jokalari horien hutsunea nola bete dugun aintzat hartuta, pozik eta harro egoteko modukoa da», azpimarratu du Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendariak.

Presidentearen hitzetan, aurten «3.500 bazkide» izatera iritsi da kluba, pare bat urte lehenago «erdia inguru» zirelarik. Oraindik orain, helburu behinena ez da, nonbait, Gipuzkoa Basket ACB Ligara igotzea, «arima gipuzkoar» hori «errotzea» baino, gaineratu dute biek aho batez. «Agian ez dugu 2,10 metroko gipuzkoarrik fitxatu ahal izango hurrengo urteetan, baina aukera dugularik, Gipuzkoako jokalarien aldeko hautua egingo dugu, baina beti ere kantxan jartzeko. Hau da, ez kantxan jartzen ditugula esateko, baizik eta beraiengan sinesten dugulako eta zaleekin batera, taldearen poz eta penak elkarrekin bizitzea nahiko genukeelako baizik», azaldu du Zubizarretak.

Nacho Nuñezek adierazi duenez, «joan zen udan hasi ginen klubean aldaketak egiteko beharrarekin, bai zuzendaritza orokorrean, bai kirol zuzendaritzan, eta 12 hilabete geroago esan dezakegu klubak gero eta oinarri sendoagoak dituela». Izan ere, presidente jauna pozik azaldu da kirol ibilbidearekin, baita zaleen, erakundeen eta babesleen erantzunarekin ere.

Horrez gain, aipatu duenez, «klubak handinahia eta hazkundea transmititzen jarraitu behar ditu», eta oso positibotzat jo du azken bost urteetan –pandemiari loturikoa izan ezik– maila ekonomikoan emaitza positiboak izan dituela argitu du.

ACB Liga oraindik urruti

Hala ere, oraindik urruti dago ACB Ligan egoteko eta egonkortzeko modua. Nacho Nuñezek aurten ACB Ligan aritu den Palentzia eta bi urte segidan gorenean dabilen Granada jarri ditu adibide gisa. «Lauko Finalera iritsi eta bera irabazteko aukerarik izan genezakeela galdetzen badidazue, baietz esango dut, eta ACB Ligara igoz gero han parte hartzen saiatuko ginatekeela ere bai. Baina gure lekua oraingoz LEB Ligan dago, gorantz eta hazten goazen arren. Esaterako, ez gara Palentzia: ACB Ligara igo eta apropos egindako 5.500 ikusleko pabiloia izan du eta egunero jendez lepo bete du. Ez gara ere Granada; bigarren urtez segidan maila salbatu du, baina etxean jokatu duen partida bakoitzeko 8.000 lagun bildu ditu harmailetan. 8.000, alajaina! Ez gaude hor. Gure betebeharra hazten jarraitzea da. Hor sartzen da pabiloia egokitzea eta Gipuzkoa osoko zaleak erakartzen jarraitzea ere».

‘Xubi’ ere antzera mintzatu da. «Askoz gehiago balio dute niretzat Burgosera Tizonaren aurkako bosgarren partidara joan ziren 200 kide horiek eta joan ezinik geratu ziren beste 100 horiek. Alegia, iaz Lauko Finala jokatu genuen eta aurten ez, baina nik iaz baino ilusio handiagoa daukat orain. Kluba bera herrialdeko jendearekiko hobeto kokatuta dagoela iruditzen zait. Hori hobeti iruditzen zait ACB Ligara igo eta orduan bakarrik hurbiltzen diren zaleak, eta zu animatu edo Real Madril animatu erabaki ezinik geratzen diren horiek ekartzea baino», azpimarratu du.

Uneotan, uda luzeari begira, Manex Ansorregi eta Aitor Zubizarreta jokalariek eta Mikel Odriozola entrenatzaileak bakarrik dute kontratua. «Zaila izango da guztiak hemen geratzea, baina ahaleginduko gara», adierazi dute berdin kirol zuzendariak hala presidenteak aho batez.

Entrenatzaileari buruz, Odriozolaren inguruan ez du zalantzarik egin ‘Xubik’. Ez da bakarrik Gipuzkoan sorturiko entrenatzaile gazte bat, baizik eta Donostia inguruan sortu diren jokalari erdiak entrenatu dituena da eta, ondorioz, ez dago apustu hoberik».

Jokalarien inguruan, berriz, Nacho Nuñezek gehitu duenez, «jarraitzen ez duten jokalariek kirol eskaintza hobea jasoko dutelako izango da. Alegia, aurreko urteetan 450.000 euro inguru gastatu ditugu jokalari multzoa osatzen eta hurrengo denboraldira begira 650.000 eta 700.000 euroren inguruan ibiliko gara. Ondorioz, kontratua amaitzen duten eta jarraitzea nahiko genukeen guztiei eskaintza egingo diegu eta jarraitzen ez badute, nekez izango da gure kategorian berberean jarraitzeko, baizik eta ACB Ligako eskaintza dutelako edo Frantzia, Alemania edo Europako beste nonbaiteko gorengo mailako eskaintzaren bat dutelako».

«Hauxe izan da presidente naizenetik, gehien dibertitu naizen urtea eta etorkizunera begira, ilusioa pizten dit klubak», esanda amaitu du balorazioa Nuñez presidenteak.