Maitane Aldanondo Gabilondo
DONOSTIA

EKOetxea Sareak 130.000tik gora bisita izan ditu 2023an

Ingurumenaren aldeko jarrerak sustatzeko ekimen eskaintza berritu du EAEko Ingurumen Zentroen sareak eta iaz antolatutako 256 jardueretan 30.000 bat ikaslek eta 34.000tik gora pertsonak parte hartu dute, asebetetze maila 10etik 9,5 puntukoa izan da.

EKOetxea Sareak eraberritu egin du Gallartan duen egoitza, eraikinaren azalera handituz.
EKOetxea Sareak eraberritu egin du Gallartan duen egoitza, eraikinaren azalera handituz. (EKOETXEA)

Urdaibai, Meatzaldea, Azpeitia eta Txingudi ekoetxeek osatzen dute Euskadiko Ingurumen Zentroen Sarea. Ihobe elkarte publikoak kudeatutako egiturak 132.771 bisita erregistratu zituen iaz, orain arteko kopururik handiena. Gune bakoitzean, herritarrei zuzendutako esperientziak aurrera daramatzate ingurumena zaintzeak duen garrantziaz jabetu, eta egunerokoan ohitura jasangarriak barneratuz, jarrerak aldaketak lortzeko.

EKOetxeek beren esperientzien eskaintza berritu dute -hibridoak zein presentzialak- eta eraldaketa hori izan daiteke bisita kopuruaren hazkundea azaltzeko arrazoi nagusietako bat. Aldaketaren xedea, hain zuzen ere, bisitariak ikusle hutsak izan beharrean, ingurunearekiko konpromisoa duten pertsona bilakatzea da. Jarduerak metodologia berritzaile batekin diseinatu dituzte, eta honek ahalbidetzen duen parte hartzeari, gogobetetze mailari eta herritarrengan duten inpaktuari buruzko datuak eskuratzea. Horri esker jakin dute iaz eskainitako 256 jardueretan parte hartu duten pertsonen asebetetze maila 10etik 9,5 puntukoa izan dela.

Askotariko ekimenak dira, hala nola, naturagunean barrena egindako pista jokoak, ihes jolasak edo ginkanak, familientzako tailerrak edota ikuskizunak. Haietako bakoitza ingurumen esparru jakin batean oinarritzen da, eta aukera ematen du esperientzia esanguratsu eta berezi bat bizitzeko, hausnarketa eta ekintzarako bidea sustatuz. Izan ere, jarduera guztiek iraunkortasunarekiko konpromisoa barneratzen dute, pentsaeran eta jardunean aldaketa pizteko.

Jende gehienak eskatutako esperientziak honakoak dira: Ingurumenaren Mundu Egunean taldean egindako hondakin bilketa, “Zetazeoak 10etan” programaren barruko itsas irteera, Lurzoruaren Mundu Egunean ikasleekin burututako esperientzia digitala, eta Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan, azaroan aurrera eramandako “Ez zaitez biltzen utzi” familiei bideratutako kanpaina.

BISITATIK HARAGO

Esperientzia horiek ez dira zentroetan bertan soilik gauzatzen. Bisita egin aurretik «lehen ezagutza» moduko batean parte hartzen dute, normalean, modu digitalean; eta EKOetxean jardueraz gozatu ondoren, konpetentzien ikaskuntza indartu ahal izateko, jarduera digital bat egin dezakete, konpromiso jasangarria lortzera motibatzeko.

Aipatu bisitarietatik 34.464k parte hartu zuten esperientzietan; eta hala egin zuten ia 400 familiak beraien portaera aldatzeko 2.000 konpromiso baino gehiago formalizatu zituzten. Errepikatuena «kontsumo arduratsu eta iraunkorraren alde egitea» da, eta hartu beharreko neurri zehatzen artean daude erosketara poltsa berrerabilgarriak eramatea, janaria alferrik ez galtzea, eta hondakinak etxean behar bezala bereiztea eta dagokien edukiontzietan uztea.

Eskolei begirako eskaintza ere egokitu eta birdefinitu du oraintsu EKOetxea Sareak. Iaz 3 eta 18 urte arteko 29.689 ikaslek parte hartu zuten haietan, eta, besteak beste, biodibertsitatea, klima aldaketa edo ekonomia zirkularrari lotutako ikaskuntza esperientzietan.

Halaber, kanal sozialen eta webgunearen erabiltzaile kopurua ere nabarmen handitu da, iaz 122.771 bisita izan zituen, eta 5.000 pertsonatik gorako komunitatea du.


Pasa den urtean Txingudin egindako bilketa. (EKOETXEA

Hondakin bilketa kolektiboak, Ingurumenaren Mundu Egunaren harira

Ekainaren 5 honetan ospatzen den Ingurumenaren Mundu Egunaren leloa “Gure lurrak. Gure etorkizuna” da. Horren harira, Ihobek hondakin bilketa kolektiboak aurrera eramango ditu ekainaren 8an, larunbata, lau EKOetxeetan. Jarduera honen bidez, herritarrak arazoaz jabetzea eta irtenbidearen parte bihurtzea du asmo. Parte hartu nahi dutenek hilaren 7a arte dute izena emateko.

EKOETXEA URDAIBAI:
Non:

San Kristobal padura eta Muruetako teilategian, itsasoak hondakin asko uzten dituen lekuan.

• 12:00-12:15. Ongietorria, akreditazioak eta ekipazioa (zakua, pintzak eta eskularruak).

• 12:15-12:30. Antolatzaileek ongietorria.

• 12:30-13:45. Garbiketa kolektiboa.

• 13:45-14:00. Bildutako hondakin kiloak zenbatzea.

• 14:15. Bazkaria eta talde argazkia Ekoetxean.

Arratsaldean: Stop plastikoak familia jarduera, kontsumo ohiturei buruzko ikus-entzunezko ipuina eta plastikozko hondakinekin eskulanak.

EKOETXEA MEATZALDEA:
Non:

Larreineta eta Barrionuevo auzoak (Trapagaran). Bereziki asteburuetan giza jardueraren eragina pairatzen duen gunea.

• 10:30-11:00. Ongietorria, akreditazioak eta ekipazioa (zabor poltsak eta eskularruak).

• 11:00-11:15. Antolatzaileen harrera.

• 11:15-13:30. Garbiketa kolektiboa.

• 13:30-14:00. Bildutako hondakin kiloen zenbatzea eta talde argazkia.

• 14:00. Hamaiketakoa.

EKOETXEA TXINGUDI:
Non:

Arbes auzotik La Juanita aurreko haur-parkeraino (Ibarla). Atari zabaleko jarduerak eta aisialdikoak egiten dira bertan.

• 10:00-10:15. Ongietorria, akreditazioak eta ekipazioa (zakuak eta eskularruak).

• 10:15-10:30. Antolatzaileen harrera.

• 10:30-12:30. Garbiketa kolektiboa.

• 12:30-12:45. Bildutako hondakin kiloen zenbatzea eta talde argazkia.

• 13:00. Hamaiketakoa eta haur jolasak.

EKOETXEA AZPEITIA:
Non:

Landeta auzoko industrialdean.

• 10:00-10:30. Ongietorria, akreditazioak eta ekipazioa (zabor poltsak eta eskularruak).

• 10:30-10:45. Antolatzaileen harrera.

• 10:45-11:45. Garbiketa kolektiboa.

• 11:45-12:00. Bildutako hondakin kiloen zenbatzea eta talde argazkia.

• 12:00. Hamaiketakoa.

Horrez gain, ekaineko lehen hamabostaldian “Let’s Clean Up Euskadi 2024!” kanpaina koordinatuko du Ihobek. Ekimena Hondakinen Prebentziorako Aste Europarrak sustatutako “Let’s Clean Up Europe” egitasmoaren parte da eta helburu du zorua osasuntsu eta zaborrik gabe mantentzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea garbiketa ekintzen bidez.

Elkarte publikoak haietan parte hartu nahi duten erakundeen eskura jarriko ditu materialak, ekimenak antolatzeko gidak, eskularruak eta poltsak, eta, halaber, udalekin harremanetan jarriko da ikastetxeek, enpresek edo erakundeek garbi ditzaketen guneak identifikatzeko.