Euskara, «ekaitz perfektua» ekiditeko erronkaren aurrean
Euskararen normalizazioa ez doa bide honetik. Horrela nabarmendu dute behintzat UEUk Iruñean egindako lehen ikastaroan. Urko Aiartza abokatuak adierazi duenez, euskarak bidegurutze famatua gainditu du eta «ekaitz perfektu» baterantz doa. Eta hori ekiditeko tresnarik ez da aurreikusten.
Euskararen estatus juridikoaren azterketarekin hasi ditu UEUk ikastaroak ostegun honetan Iruñean. Lurralde desberdinetako egoerak landu dituzte Iñigo Urrutiak (EAE), Joana Falxak (Ipar Euskal Herria) eta Joseba Compainsek (Nafarroa). Ondoren, lege eta arau desberdinek marrazten duten joko zelai horretatik haratago zer egin daiteken aztertu dute.
Egungo egoera ez dute begi onez ikusten. TM e-Lab-eko zuzendari den Urko Aiartzak, adibidez, euskarak hainbestetan aipatzen den bidegurutze famatu hori dagoeneko gainditu du eta orain «ekaitz perfektu» baterantz abiatzen da, egoera lazgarri hori saihesteko aukerak urriak direla gaineratuz.
Panorama beltza ikusten duela nabarmendu du Aiartzak. EAEko Euskararen Legea onartu zenean nerabea zela gogoratu du. Ordutik egoerak okerrera egin duela adierazi du. Familiari dagokionean, euskararen egoera orain pitzatuagoa dago. Donostiako Alde Zaharrean hazitakoa da eta orain paisaia linguistikoan euskarak atzera egin duela ikusten du. Hezkuntzan D ereduak ez ditu beharrak asetzen. Lan arloan, ingelesa, frantsesa eta gaztelania erabiltzen ditu. Egoera honi teknologia berriek eta adimen artifizialak izango duten eragina erantsi beharko zaio –«zein hizkuntzatan hitz egingo digute frigorifikoak edo kotxeak», galdetu du–. Aldaketa demografikoak eta immigrazioa ere ezin dira ahaztu.
Aiartzarentzat euskararen normalizazioa boteregunetik kanpo gelditu da eta horrek ondorio txarrak ditu. Euskararen kontra epaileen partetik ematen den oldarraldiak ez dio, bere ustez, hizkuntza egoeraren hoberenari erantzuten. «Aurrean frenorik ez dutelako» ematen da. Gauzak horrela, hizkuntza politika zein den erabaki behar dela nabarmendu du, ondoren horretarako beharrezkoak diren legeak onartzeko. Egun, ordea, ezarrita dauden legeek erabakitzen dute egiten den hizkuntza politika. Euskal hiztunek belaunalditan pairatu duten «estres linguistikoa» ez dela onargarria gaineratu du. «Zer nahi dugu izan? Bigarren mailaka herritarrak?», galdetu du, Finlandian edo Danimarkan hori gaindituta dutela nabarmenduz.
Epaitegietan arrotz
Elena Laka abokatuak azaldu duenez, Administrazioarekin euskaraz harremanak izateko eskubidea onartua dago. Justizia arloan, ordea, ez da bermatzen. Epaile, fiskal, idazkari, notario, prokuradoreek eta abar luze batek ez dute hizkuntza-profilik. Prozedura bat euskaraz hasi eta amaitzea ezinezkoa da praktikan. «Etsigarritzat» jo du Lakak egoera hori. Dena den, Aiartza baino baikorrago azaldu da, azken urteotan aurrerapausuak eman direla nabarmenduz. EAEko Auzitegi Nagusiak, adibidez, euskarazko lerroak zabaltzeko plana onartu berri du.
Dena den, egunerokatasunean, epaitegietan langile euskaldunak badaude ere oso zaila da euskarazko idatziak aurkeztea. Itzulpena eskatzen dute berehala. «Harreman asimetriko» erabatekoa da epaile eta herritarraren artean ematen dena, eta euskaraz aritzeko eskaerak asimetrikotasun hori handitzen du.
Ipar Euskal Herrian, legetik kanpo
Ipar Euskal Herrian egoera ankerragoa dago, Euskal Konfederazioko Sebastien Castetek azaldu duenez. Legeak Parisen egiten dira eta hizkuntz eskubideak ez dira errespetatzen. Konstituzio frantsesaren bigarren artikulua, Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela esaten duena, aldatzearen beharra nabarmendu du. Artikulu horretan oinarrituta uko egin diote korsikarrei Korsikako Asanbladan korsikeraz aritzeari, Ipar Kataluniako lau udaletan batzarrak katalanez egiteari eta Martinikan kreolera hizkuntza ofiziala izendatzeari. Castetek azaldu duenez hizkuntzen kontra Estatu frantsesak egiten duen erasoa hiru mailatan ematen da. Batetik, erabilera trabatzen dute. Bestetik, eskubideak ez dituzte onartzen. Azkenik, demokraziaren aurkako erabakiak hartzen dituzte. Egoerak ez du hobera egin. Gogoratu zuenez, duela hamarkada zenbait «demoek» euskara erabili ahal izan zuten Baionako epaitegian. Orain, hori ukatu berri zaie hori Ostia sareko kideei edo Gorka Torreri.
Nafarroan, zatikatuta
Nafarroako Topaguneko zuzendari Oskar Zapatak herrialde honetan Euskararen Legeak eta zonifikazioak izan duten ondorio larriak nabarmendu ditu. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du bi hizkuntzek estatus propioa eta eskubide berdinak izatea. Egungo egoeran, ordea, hizkuntzen hierarkizazio bat ematen da, gaztelania garrantzitsutzat jotzen delarik eta euskara arlo folklorikoetara mugatuz. Zonifikazioak, adibidez, egungo Nafarroan biztanleriaren %60a euskararekin inolako harremanik ez izatea eta funtzio publikoan lan egiteko orduan gatazka soziala eragiten da, euskaldunek dituzten ustezko pribiliegioak direla eta. Bi identitateen arteko baterazintasuna da zabaldu nahi den mezua. Egoera honetan, Nafarroan populazioaren %37a euskararen kontra dago. Euskararen aldeko Parlamentuan legeak egin ahal izateko hizkuntza honen alde daudenen kopurua zabaldu behar dela nabarmendu du Zapatak, Topaguneak egin berri duen ikerketa aipatuz. Horretarako konplizitate berriak behar direla azaldu du.
Eskubideak bermatu gabe
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka ere ez da baikorra. Ofiziala bada ere, EAEn euskara bigarren mailako hizkuntza da, eskubideak onartu egiten baitira baina ez dira bermatzen. Lakuako Gobernuak izkutuko zonifikazioa egiten duela azaldu du, ez baititu irizpide berberak erabiltzen Aizarnazabalen edo Oionen, eskubidea bera bada ere. Gauzak horrela, Arabako ertzain-etxeetan ezin da euskara erabili. Nafarroako «eremu euskaldunean» era antzeko egoera ematen da. Adibidez, Lesakako liburuzaina izateko ez da euskara eskatzen. Altsasuko suhiltzailee izateko, soilik 29tik bi postutan. Egoera larria da herrialde osoko zerbitzuetan. Ez da euskaldunik SOS Nafarroan. Ezta Nekazaritza sailean. Osasunbidean %1 inguru dira.