Maite Ubiria

Indarkeria jasaten duten emazteak babesteko mozioa defendatuko du EH Baik Pauen

Annie Poveda EH Baiko kontseilariak joan zen maiatzaren 3an Donibane Lohizunen bere bikotekideak hil zuen emaztearen kasua oinarrituz mozioa defendatuko du ostiral honetan Pirinio Atlantikoen Departamenduaren Kontseiluan, Pauen.

Mugimendu feministak maiatzaren 3an gertaturiko feminizioa ekidin zitekeela salatzeko mobilizazioa egin zuen, Donibane Lohizunen.
Mugimendu feministak maiatzaren 3an gertaturiko feminizioa ekidin zitekeela salatzeko mobilizazioa egin zuen, Donibane Lohizunen. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan maiatzaren 3an gizonezko batek emaztea hil zuen Donibane Lohizunen. Tren geltokitik gertu dagoen hotel batean iragan zen hilketak zirrara berezia sortu zuen. Ez soilik bortizkeria izugarria baliatu zuelako erasotzaileak, baizik eta hilketaren aurrekari gisara har zezakeen beste gertakariaren ondotik heldu zelako hilketa.

Hala da. Maiatzaren 3an hil zen emaztea larri zauritu zen Ziburuko hotel baten bosgarren estaiatik karrikara erori zelarik, joan zen apirilaren 14an.

Orduan, ustezko erasotzailea galdezkatu eta libre utzi zuen Poliziak.  Baionako Fiskaltzak, bere aldetik, suizidio saiakeraren tesia hobetsi zuen.

Alta, handik aste batzutara, erietxetik alde egin eta bere bikotekidearekin berriz elkartu zen emaztea. Donibane Lohizuneko hotel batean gelan hilik atzeman zuten, maiatzaren 3an.

Lapurdiko herrian mobilizazio jendetsua egin zuen, maiatzaren 6an, mugimendu feministak Euskal Herrian aurten gertatu den lehen hilketa sexista salatzeko.

Bertan engaiamendu zehatzak galdetu zizkieten Ipar Euskal Herriko erakunde zein hautetsiei emazteen aurkako bortizkeriaren aurrean. Lehenik era behin, «jasangaitza den bortizkeria» salatzeko hitza har dezakela eskatuz.

Ostiral honetan enplazamendu hori Pirinio Atlantikoen Departamendu Kontseiluaren bilerara eramanen Euskal Herria Baik. Anne Poveda kontseilariak aurkezturiko mozioaren bidez.

Feminizidioak ekiditeko «ihardokitze politiko eza»

Aipaturiko proposamenean «eraso sexista eta sexualen aurka borrokatzea denon ardura dela» orootarazi ostean, hain zuzen 2023-2027 epean frantses Estatuan ministerioarteko ekintza-plan baten inguruan «elkarteak, erakundeak eta profesionalak, biktimak babesteko borondate politiko beraren inguruan bildu zirela eta horri esker hainbat lege garatu zirela» nabarmendu du Povedak.

Besteak beste, planak hainbat xede zehaztu zituen. Hala nola larrialdietarako telefono sarea zabaltzea, urruntze brazaletearen erabilpena indartzea, bikotea erasotzen duten pertsonen fitxategia sortzea edota tokiko gobernantza hobetzea.

Ikuspuntu horretatik, iragan maiatzaren 3an gertatutakoa «ekidin zitekeen feminizidioa izan zela, biktima jada erasotua izan baitzen bere bikotearengandik» iradoki du EH Baik mozio horretan. «Erailketa honen inguruan egondako ihardokitze politiko eza» deitoratu du ezkerreko talde soberanistak.

Horiek horrela hiru eskaera zehatz eginen die departamendu kontseiluko kideei. Isiltasunaren haria hausteko bidean, «gure lurraldean, feminizidio bat gertatzen bada, gogorki salatu eta minutu bateko isiltasuna egitea» proposatuko du EH Baik.

Bigarren galdera hauxe da: «Baliabide gehiago eskatzea frantses Estatuari beharrezkoak diren ikerketak burutu ahal izateko zein lanjerosa izan daitezkeen jarrerak aurreikusteko eta behar den babesa emateko, bortizkeria jasatzen duten emazte guziei».

Finean, «publiko guztiari zuzendutako hezkuntza eta sentsibilizazio ekimenak» bultzatzea galdetuko du Povedak, horrekin batera, arazo larri horren inguruan lanean ari diren elkarte eta erakundeei aitortzen zaien laguntza emendatzeko beharra agerian jartzen du EH Baiko mozioak.