«Gure DNAn eredu asanblearioa eta praktika zuzen erradikalak daude»
ESK sindikatuak bost urtean behin bildu ohi du Kongresua, eta ostiral honetan bertan egingo dute VI. Asanblada nagusia, ‘Bizitza duinak borrokatuz’ lelopean. NAIZ irratian izan da sindikatuko kide den Jabier Saenz, elementu esanguratsuenez hizketan.
«Gure DNAn eredu asanblearioa eta praktika zuzen erradikalak daude»
Ponentzia, zirriborro eta eztabaida artean egon zarete orain arte, zein elementu aipatu dituzue?
Lan polita egin dugu azken urte honetan ponentziaren eraketan eta eztabaidan. Gure ustez, garai hau kapitalaren eta bizitzaren arteko borrokak zeharkatzen du. Buru-belarri aritu gara fronte guztietan bizitza duinen defentsan eta kapitalaren aurka. Gaur egun planeta eta biosferako baliabide naturalak agortzen ari dira, eta kapitalismoarentzat pertsonen esplotazioa beharrezkoa da aurrera egiteko. Beraz, gure ustez bizitza versus kapitala gatazka betean gauden, eta gure apustua, dudarik gabe, bizitza duinen aldekoa da.
Bosgarren biltzarrean hartutako erabakietatik hona, ba al da aldaketa esanguratsuren bat?
Gatazken areagotzea ikusi dugu, batez ere hiper inflazioagatik, eta bost urte hauek borroka ziklo batek oso ezaugarrituak izan dira. Batetik, ikusi dugu lan gatazkek gorakada handia izan dutela, eta aldi berean elikagaien, etxebizitzaren, erregaien, gasaren edo elektrizitatearen proezioaren gorakada, bankuen eta enpresen onurek gora egin dute bitartean. Gure ustez inflazio hau etekin finantzieroekin lotuta dago eta ikusi dugu gobernu guztiak kapitalaren menpe egon direla. Gauzak aldatzeko beharra dagoela ikusten dugu, eta horretarako gure ekarpena egiten dugu lantokietan eta kalean.
Langabezia datuak duela gutxi ezagutu genituen, badirudi lan gehiago dagoela Euskal Herrian. Zuek bizitza duina aldarrikatzen duzue, nolako hutsunea dago?
Lanaren datuak onak dira, baina tranpatiak ere badira. Partzialtasun asko ikusten dugulako datuetan: genero arrakala sortzen da lantoki eta sektore guztietan, ikusten dugu zaintza lanak oraindik emakumeen gain daudela eta zaintza lan hauek datu guztietan ez daudela aitortuta. Pasa den azaroaren 30ean kalera atera ginen zaintza lanak duintzeko eta sistema publiko baten alde, ikusten dugulako bizitzaren hustiapenean kapitalak behar duela patriarkatua eta doako lan hauek egingo dituen jendea. Guk ezin dugu lana begiratu bi perspektiba hauek kontutan hartu gabe.
Ezker Sindikalaren Konbergentzia 1985. urtean sortu zen, zertan bereizten da?
Gure formak bereziak dira, egia da orain dela 40 urte erregistratu zela ESK-CUIS, baina egia da ere frankismoaren urte ilunenetan hasi zirena ernaltzen hazi errebeldeak. Duela ia 40 urte sindikatu berri bat sortu zen, praktika politiko eta sindikala presente zegoen garaian eta hori da gure oinordetza.
Pentsatzen dugu gure DNA oso lotuta dagoela eredu asanblearioarekin, parte hartze ez-burokratikoarekin eta praktika zuzen eta erradikalekin. Gauden lantokietan eta eragile sozialetan gure ekarpena gauzak argi esanez egiten dugu, eta erabaki gunean errespetatzen ditugu. Adibidez, lantokiren batean erabakiren bat hartu behar bada, gure hautua beti da asanblada errespetatzea eta jendearen parte hartzea sustatzea. Oso positibotzat ikusten dugu gure eredua hazten ari dela, orain dela bost urte 5.300 afiliatu ginen sindikatuan, eta gaur egun 7.000 gaude. Arlo soziosindikal eta politikoan garrantzitsuak garela pentsatzen dugu, gure praktikak gero eta garatuago daudela gizartean.