Bilbao Hiria Idiazabal Gaztaren XIX. Txapelketak Julen Arburua artzain ekoizlearen SC Kortaria gaztandegiari eman dio lehen saria. Lehiaketara 16 pieza aurkeztu dira. Hitzorduarekin Idiazabalgo barietate honetako lehiaketen denboraldia abiatzen da.
Lehiaketa igande goizean egin da, Bilboko Plaza Barrian. Bigarren sailkatua Ander Barandiaran gaztagilea izan da, Idiazabalgoa, eta, hirugarrena, Xabier Azurmendi, Zegamakoa. Bestalde, Bizkaiko gaztarik onena Abadiñoko Anbe gaztandegiko Aitor Urienentzat izan da.
Hiru irabazleek ezin izan dute sari-banaketan parte hartu «ekoizpen denboraldian bete-betean» baitaude. Dagokien txapela eta saria jasoko dutela iragarri dute antolatzaileek. Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak, Artzai Gazta artzain-ekoizleen elkartearekin eta Idiazabal JDKrekin batera, Bilboko Udalarekin eta BBK Fundazioarekin elkarlanean, antolatzen dute lehiaketa.
Idiazabal Jatorri Deitura Babestuko dastatzaile ofizialek eta hainbat kritikari gastronomikok osatutako epaimahaiak aurkeztutako gazten «kalitate handia» nabarmendu du.
«Kalitatea ikaragarria da. Bilbao Hiria txapelketa hau hasi zenetik izan dudan dastatzerik onena da», azaldu du Jesus Oleaga Idiazabal Jatorri Deitura Babestuko dastatze batzordeko kide eta lehiaketa hau hasi zenetik epaimahaikide izan denak. Adierazi duenez, «gazta gazteak izan arren, bukatuta ez daudenak», gazta «oso finkatuak ikusi dira, garbiak, gatzagiaren erabilera oso kontrolatu batekin».
Txapelketarekin batera, Idiazabal gaztaren inguruko nekazaritzako elikagaien azoka egin da Plaza Berrian, Gazta Festaren barruan. Jaialdia joan den ostiraletik ekainaren 16ra bitartean egingo da Alde Zaharrean. Gainera, gazta eta esnekiak, txakolina, sagardoa edo baratzeko produktuak egiten dituzten 30 bat lagunek parte hartu dute.