Gasteizko Udalaren eta Lazarraga elkartearen arteko akordioak kultur elkarteari Gasteiz Antzokia proiektua aurrera eramatea ahalbidetuko dio. Udalak ez du zehaztu, baina ‘Alea’ komunikabidearen informazioaren arabera, 112.817 euroko zorra bost urteko epean ordaindu beharko du Lazarragak, hilean 2.000 euro inguru.
Astelehen iluntze honetan Gasteizko Udalak helarazitako oharrak dioenez, hitzamenaren baldintzak Tokiko Gobernuaren Batzordeak egingo duen hurrengo bileran berretsiko dituzte, urteko hitzarmena onartzean.
Lazarraga Kultur Elkarteko lehendakari Lukas Etxeberriak azaldu duenez, elkartea «itxaropentsu dago lortu den akordioarekin. Batetik, Gasteiz Antzokia proiektuaren korapiloa askatzen asmatu dugulako, eta zentzu horretan, espero dugu bizi izan duguna bezalako egoera saihesteko elkarlan zintzoa lortuko dela egungo Udalarekin. Eta bestetik itxaropentsu gaude, Gasteizen, berriro ere, kultura sortzeko eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango dugulako». Akordioa dela eta, 2024rako plan operatiboa aldatu behar izan da eta dagoeneko Lazarragak aurkeztu dio Udalari.
Akordioa hitzarmena sinatu den data eta abenduaren 31 artekoa da. Datu ekonomikoei dagokienez, diru-laguntza, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko hitzarmena, 325.000 eurokoa izango da; hasiera batean 350.000 euro aurreikusi ziren.
Maider Etxebarria alkateak honakoa adierazi du: «Pauso honi esker, Gasteizen bultzada handia emango diogu euskarazko kulturaren garapenari. Horren bidez, legealdi honetarako gure gain hartutako konpromiso bat bete eta hiri proiektua berme osoz jarriko dugu abian, beti defendatu eta Alkatetzara iritsi ginenetik horrenbeste lagundu dugun moduan».