Maite Ubiria

Parisetik Euskal Herrira: Ezkerreko indarren arteko aliantza, zenbat buru hainbat aburu

2022ko boza legegileen karietara aliantza eratu zuen frantziar ezkerrak. Alta, Nupes delakoak ateak itxi zizkion Hexagonoko hainbat herritan ezker soberanistak ordezkatzen duen eremua aitortuz fronte zabala eratzeari. RNk eman zuen hatzaparkadak oraingoan ausardia gehiagoz eskatzea aginduko luke.

Europar bozen biharamunean, ehunka lagunek karriketara jo zuten Baionan, RNri aurre egitera deitzeko.
Europar bozen biharamunean, ehunka lagunek karriketara jo zuten Baionan, RNri aurre egitera deitzeko. (Guillaume FAUVEAU)

2022ko boza legegileen karietara Herri Batasun Ekologista eta Sozial (Nupes) aliantza eratu zuen frantziar ezkerrak. Tradizio jakobinoari itsatsita, Nupes delakoak ateak itxi zion orduan Hexagonoan baita dauden herrietan ezker soberanistak ordezkatzen duen eremua aitortuz fronte zabal eta anitza eratzeari. Igandean Batasun Nazionaleko (RN) eman zuen hatzaparkadak ausardia gehiagorekin jokatzea eskatuko luke. Are gehiago, arrakasta horien atzean dauden sponsorrek duten boterea aintzat hartuta.

Nupes gorpuztu zenean giro berezia sortu zen frantses Estatuan. Emmanuel Macronek ezarritako gidoia irauli egin zuen, neurri handi batean, entente horrek. Boza legegileak Presidentetzerako lehiaren ostean kokatuz erabateko gehiengoa erraz lortuko zuelakoan zen Macron. Jean-Luc Melenchonen alderdiak, LFI, eta bereziki gainbehera zegoen Alderdi Sozialistako buru berriak Olivier Faurek bestelakoa erabaki zuten.

Ezinbesteko urratsa, baina jarraibiderik gabe

Ekologisten eta komunisten ekarpena mespretxatu gabe, hamarkada luzetan sakondutako amildegia ixteko bidean ezinbesteko urratsa eman zuten bereziki bi alderdi horiek.

Hauteslegoak ez zuen kale egin. Bere bultzadapean bi itzulien sistemak ezartzen duen hesia higatzeko gaitasunak erakutsi zuen ezkerreko batasun berriak.

Hala, Ensemble, gehiengo presidentzialak Asanblea Nazionaleko erabateko kontrolari kendu (246 eserleku lortu zituzten Macronen aldekoek ) eta bigarren talde bezala agertu zen Nupes, 142 diputatu lorturik.

Bi talde nagusi horien atzetik, hirugarren heldu zen 89 eserleku eskuratu zituen RNk.

Bi urteko ibilbide gorabeheratsuak hainbat irakaspen utzi ditu.

Zenbat buru hainbat aburu, lidergotza korala sustatzeko Nupesek zuen asmoak haize berria ekarri ordez zailtasun nabarmenak sortu dizkio aliantzari.

Hedabideen sistemaren bidez abantzu ordu oro sustatzen den diskurtso menderatzaileari urradura txikiak egin badizkio ere, barne zauriak askoz larriagoak bilakatu dira Nupesentzat

Aniztasuna ongarria izatetik mesfidantzaren hazia izatera igaro da, agian ez hainbeste barne lankidetza eremuetan, bai ordea plaza publikoan.

Bollore jaunaren erresuman bizirautea nekeza da

Frantziar hedabideen erregea izateaz gain Europa mailako eduki sortzaile nagusietarikoa den Vincent Bollorek pilatu duen botereak sektore zehatz bat hankaz gora ezartzeaz gain adierazpen askatasuna eta zentzu orokorragoan berdintasunaren printzipioa kolokan jarri ditu.

Adibide bat emateagatik. Hilabeteak dira telebista platoetan jarduten duten iritzi emaileek agindu dutela Palestinaren sarraskia salatuko duen orok juduen etsai gisara behar dela irudikatua izan.

Asanblea Nazionaleko presidenteak, Yaël Braun-Pivetek, bere aldetik, bat egiten zuen iritzi menderatzaile horrekin, palestinar bandera atera zuen Sebatien Delogu diputatu intsumisoa hemiziklotik kanporatu zuenean.

Prefeturek beraiek mobilizazioak debekatzeko Barne Ministerioak emandako ahalmenak baliatu dituzte eta frantziar Polizia, han eta hemen, oldartzen da Gazako sarraskia salatzen duten herritarren aurka.

Atal ezberdinetatik, autoritatearen baloreari bide egiteko Bollorek duen helburua elikatu dute. Bere ametza zein da  Stablishment errepublikarrean toki egitea etxekotutako RN horri.

Katoliko militantea, Eliseon gobernatzen duen Emmanuel Macron liberalaren belarrian xurxulatzen duen aberatsen artean aberatsak ondoko hedabideen kontroa hartu du azken urtetan: Canal+, CNews eta C8 telebista kateak; Europe 1, Virgin Radio eta RFM irratiak; eta 'Le Journal de Dimanche','Paris Match', 'Capital'eta 'Voici' eta 'Gala' (azken biak prentsa arrosaren eremuan kokatzen dira) idatzitako hedabideak.

Oihu eta algara artean, pozez zoratzen hartu zituzten ezkertiar gazteek, bart gauean Parisen, ahuntzaren gauerdiko eztula ez zen adostasun printzipioa.

Ordu batzuk lehenago, Baionan, bapateko mobilizazio jendetsua egin zuten eskuin-muturraren garaipenari lehen erantzuna emanez.

'Libération' kazetak exigentziaz beteriko izenburua eskaini dio, bere gaurko atalean, ekainaren 30an iraganen den lehenengo itzulian hasita hautes-barruti guztietan hautagaitza partekatua aurkezteko xede duen konpromisoari: 'Faire le Front Populaire' (‘Herri Frontea egin’)

Fronteak aldarrikatu baino eraiki behar dira, eta kontua ez da hainbeste iraganeko epiken bertsio digitala irudikatzea esperantzari eusteko euskarri eraginkorrak eskaintzea baino

Akatsetatik ikasiz, luzera ikusteko argiak emanez, betaurreko berriekin etorkizunari begiratzeko atrebentzia izanen du ezkerra hexagonalak? Ordu edo egun gutxi beharko ditugu galdera ikurrari erantzuna emateko gure herrian. Ipar Euskal Herriko Berdeek «ezkerreko indar ekologista guztien batasuna» eratzeko deia egin dute astearte honetan, eta bart Parisen sinaturiko akordioa txalotu zuen Euskal Herria Baik bere biltzar nagusia bilduko du, ostegunean, Uztaritzen.

Orain dela bi urte ezinezkoa izan zen aliantza anitzak bere bidea eginen du oraingo honetan Ipar Euskal Herrian?

Xehetasunek bere biziko garrantzia dutela jakinik ere, hori da galdera nagusia.

Badira bi urteko argazkia gazi-gozoa

Badira urte bi soilik Parisetik ekarritako zapata-horma baliatu zuten, neurri handi batean, hautagaitzak osatzeko, Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan.

Biarno eta Zuberoako zein Nafarroa Behereko hainbat herrik osatzen duten laugarren hautes-barrutian baizik ez zuen emaitza ekarri anka motz geratu zen operazioak.

Ozta-ozta bere eselerkua lortu zuen Iñaki Echaniz diputatu sozialista biarnesak bere bidea egin du geroztik eta, neurri batean, lurraldearen auzia ekuazioan sartzeko gerrikoa -delako etxebizitzaren arazoari buruz, delako gutxitutako hizkuntzen defentsan- erakutsi du.

Aparraren gainean ibili zen ezker hexagonalaren tokiko ordezkariek kolpea ez zuten asmatu ez Lapurdiko kosta barnebiltzen duen seigarren hautes-barrutian, ez da Baiona bere baitan hartzen duen bosgarren hautes-barrutian ere. Egun amildegiaren ertzean dagoen gehiengo presidentzialeko hautagai bik, Florence Lasserre eta Vincent Bruk, eraman zuten partida.

Herri fronteak badira, tokiko mailan

Ezker soberanistak barnealdeko herri txikietatik populazio kopuru handiagoa biltzen duten eskualdetara zabaldu du bere eragina azken hamarkadan Ipar Euskal Herrian.

Arrabotsa handirik egin gabe, eskuin fosilizatua erakundetatik eskobatu eta herri bozetan plaza berriak eskuratu ditu. Herri fronteak ez zaizkie arrotz abertzaleei. Ez alajaina.

Ekologistak, sozialistak, abertzaleak, sindikalistak, edota kultur eta sozial aktoreak, norbera bere neurrian, tokiko berezitasunen arabera, Urruñan, Ziburun edo Biriatun udal gobernu aurrerakoiak osatzea posible egin zuen kolaborazio dinamikaren partaide izan ziren.

Lehenagotik Uztaritzen eta Hiriburun eman ziren errezetak haien herrietara egokitu zituzten espanturik gabe, abertzaleek, urrutira joan gabe Baigorrin ere.

Besterik ez bada emaitzak ekarri dituelako, Ipar Euskal Herrian, udal mailan, baita hainbat lurralde borroka aitzineratzeko orduan, aniztasunetik lan egiteko molde horrek aitortza merezi luke

Norberak han eta hemen duen eragina zintzotasunez neurtu ez gero, urgentziak agindutako erantzuna antolatzeak posible behar luke hiru aste barru jokatuko diren inoiz baino erabakigarriagoak izan daitezkeen boza legegilei begira.

Aukerak zabalik daude, eta pluralean deklinatzen dira.

Lehen indarra izanik, ezkerreko soberanistak gerriko gorria jantzirik aterako dira frontoira. Handik aurrera, pilotakadaz pilotakada jokatu beharko dute.

Borondatea, ahalmena, trebezia eta, ororen gainetik, urrutira begiratzeko argitasuna ezinbesteko aldagaiak izanen dira partida onera eramateko.