Iraitz Mateo

Kutxa Fundazioak Atenea espazioa irekiko du Tabakaleran, 2026ko udazkenean

2024-2030 bitarteko Plan Estrategikoa aurketzu du Kutxa Fundazioak, bertan ezagutza eta jakin-mina sustatzeko eta «Gipuzkoa zein gizarte hobe bat» sortzeko baliabideak eta erramientak ematea izango du helburua. Tabakaleran Atenea espazioa sortuko dute, eta Eureka! zientzia museoa itxi.

Atenea izango denaren irudia, ‘Zientziabidea’ espazioa.
Atenea izango denaren irudia, ‘Zientziabidea’ espazioa. (Kutxa Kultur Fundazioa)

Kutxa Fundazioak 2024-2030 Plan Estrategikoa aurkeztu du astearte goiz honetan Tabakaleran. Orain arteko estrategia eta jarduera programak berrikusi eta eguneratzearen aldeko apustua egin dutela azaldu du Ander Aizpurua Fundazioko zuzendariak. Lau ardatzen inguruan antolatu dute estrategia berria, eta mugarri nagusia Tabakaleran bertan 2026ko bigarren seihilekoan ateak irekiko dituen Atenea izango da.

2030era bitarteko ikuspegiarekin osatu dute plan estrategikoa, 250 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du, eta lau ardatzen inguruan antolatu dute. STEAM bokazioen bultzada; ezagutzaren, jakin-minaren eta sormenaren sustapena; konpromiso ekosozoziala, eta garapen ekonomiko jasangarria.

«Ildo horretan, Kutxa Fundazioak ezagutza zientifiko, artistikoa eta humanistikoa eta pentsamendu kritikoa ikuspegi inklusibo eta berritzailetik sustatzeko» konprimiso berritua aurkeztu duela azaldu du Aizpuruak. Horretarako orain arteko programak eta jarduerak «birformulatuko» dituztela adierazi du.

Kutxa Fundazioak ia hiru urteko hausnarketa prozesuaren bidez «aro berri bati hasiera emango dion jarduera-agertoki berri bat definitu» du Aizpuruaren hitzetan, gogoratu du Gipuzkoari lotutako ikuspegia eta «bokazio soziala» izan dituela Fundazioak sortu zenetik eta lurraldearen zein gizartearen aldaketak hartu dituztela kontuan estrategia berritzeko momentuan; trantsizio ekologikoa eta digitala besteak beste. Eta hori guztia norabide batean: «Gipuzkoa bidezkoagoa, sortzaileagoa, kultuagoa eta jasangarriagoa egiten laguntzeko erantzunak sustatu eta babestea».

Atenea espazio berria

«Sormenari, jakin-minari eta ezagutza artistiko, zientifiko eta humanistikoari irekitako espazioa», horrela definitzen dute fundazioko kideek Atenea espazioa. Kutxa Fundazioak jada Tabakaleran duen espazioa (beheko solairua, eta lehen eta laugarren solairuak) eraldatzea izango da xedea. «Erakusketa guneak, inspiraziorako lekuak eta prestakuntza edo lankidetza bidezko esperientziak lantzeko espazioak izango ditu», zehaztu dute.

Karmele Gomezek eman ditu Atenearekin inguruko xehetasun guztiak, Kutxa Fundazioko Berrikuntza Zuzendariak. Orotara, 6.300 metro karratuko azalera izango du espazio berriak solairu ezberdinetan banatuta, eta 15 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Fundazioak. Tabakalerarekin erabateko hartu emanean egongo direla zehaztu du Gomezek, «Tabakalerak irudikatzen duen disziplinartekotasunaren eta lankidetza publiko-pribatuaren bidean».

Kutxa Fundazioaren programa asko gauzatuko diren espazioa izango da aurkeztu berri dutena Gomezen esanetan: «Ekipamendu berri eta berritzailea sortzearen aldeko apustua egin dugu, eta gure komunitatearen beharrei zentzurik zabalenean erantzuteko konfiguratu dugu, proiektu aktibo eta didaktikoetan oinarrituta, ekipamendu dinamiko eta aldakorra izan dadin, analogikoa eta digitala aldi berean».

Beharren arabera espazioa moldatu

Gogoetarako espazioa bihurtzea dute helburu, «entzuten edo irakurtzen dugunarekin kritikoagoak izatera bultzatzeko aurreiritzi eta joera okerrei aurre egiteko tresnak eskainiz». Espazioaren forma definitu badute ere, orain lanean dabiltza landuko diren edukien, programen edota erakusketen inguruan, eta alde horretatik ezin izan dute zehaztapenik eman. Aipatu dute krisi energetikoa, klima aldaketa, giza eskubideak, bedintasuna, migrazio krisia edota bestelakoak lantzeko asmoa dagoela, baita orain arteko programei leku egitekoa ere.

Atenea espazioaren mapa.


Beheko solairuan ‘Artebidea’ eta ‘Jakinbidea’ izeneko espazioak egongo dira «jakin mina praktikatzea xede duen hipermedia espazioa eta erakusketa aretoa, egun arte ‘Artegunea’ izenez ezagutu dena». Lehenengo solairuan, ‘Kluba’ ikuskizun aretoa egongo da, egun ere badagoena.

Eta laugarren solairua, berriz, guztiz aldatuko dute ‘Zientziabidea’, ‘Ezagutza Km0’ eta ‘Hazitegia’ espazioak sortuz. Ruiz Balerdi Aditoriuma mantendu egingo da, eta baita Doctor Camino Liburutegia ere. ‘Zientziabidea’ STEAM ezagutza lantzeko erakusketa gunea izango da, hipermedia baliabideak dituena; «‘Ezagutza Km0’ gunea gune propositiboa izango da, eta bertan, Gipuzkoako ezagutzaren eragileekin eta sektore produktiboekin lan egingo da urteko erornka jarkin baten inguruan», zehaztu du Gomezek. Eta hirugarren espazioak «sormenezko proiektu bideragarri, jasangarri eta berritzaileei» egingo diela leku azaldu dute.

Bestalde, Eureka! Zientzia museoa 2026ko udazkenean itxiko dutela aurreratu dute. Bertako zenbait modulo Tabakalerara lekualdatzeko asmoa dutela adierazi dute, baina oraindik espazio guztiari forma eman ondoren erabaki beharreko zerbait dela kontatu dute. Eureka! museoa zegoen espazioaren inguruan galdeginda, oraindik zer egingo duten ez dutela erabaki aitortu dute.