Bilboko Iron Cup arrakastatsuaren ostean, lehen mailako txapelketa batekin estreinatuko da Markina-Xemein Jai Alai Leaguen. Egungo puntistarik onenak Uni-an izango dira ostiral honetatik aurrera eta jokoan izango diren puntuak funtsezkoak izango dira ligaren garapenerako. Izan ere, txapelketa bera, bere momentu erabakigarrienean sartu da. Egutegiko 15 probetatik, bederatzigarrena da Markina-Xemeingoa eta pilotari guztiek nahi dute Final Four-erako sailkatu. Momentuz, argi dago Aritz Erkiaga dela kuadroko pilotari onena, baina gainontzeko aurrelariek gertutik jarraitu nahi diote. Atzelarien artean ere borroka handia dago. Une honetan Ibarluzea da ranking-eko liderra eta Del Rio bigarrena. Imanol Lopez berriz bueltan da eta zumaiarrak Ligarako puntuak biltzen hasi nahi du, sailkapenean gora egiteko.
Markina-Xemeingo Grand Slama larunbat honetan hasiko da Unibertsitatean, jaialdi handi batekin. Ibarluzeak Bilbon irabazitako txapela herritarrei erakutsiko die. Olharanekin jokatuko du, Johan Sorozabal eta Julen Del Rioren kontra. Atzeko koadroetan Bilboko finaleko errebantxa ikusiko dugu. Ibarluzea errebesista, eskuman bolbora bizia duen Del Rio-ren aurka.
Horren jarraian, sekulako kartela duen norgahiagoka: Erkiaga eta Zabala alde batetik, Barandika eta Lopez bestetik.
Txapelketa hasteko, beraz, herriko bi pilotari (Ibarluzea eta Zabala), Bilbon maila itzela eman duen Del Rio, Johan gaztea (Erkiagari buruz-buruz irabazi dion azkena), Ameriketatik iritsi diren Olharan eta Lopez... eta noski, figura guztietan handiena, Aritz Erkiaga Ispasterko artista. Ligako zazpi txapelketa irabazi ditu denboraldi honetan. Beste era batera esanda: jokatu dituen guztiak.
Bigarren jardunaldian, beste bi bikote sartuko dira jokoan. Alex Goitiandia eta Gorka Sorozabal gazteak alde batetik, eta Laduche eta Basque bestetik. Azken hau, Thibault Basque bidartarra, egungo txapelduna da. Barandikarekin irabazi zuen iazko txapela baina aurten bi aurre-kanporaketa gainditu behar izan ditu txapelketan presente izateko. Laduche bere bikotekidea ere ez da titular moduan sartu, momentu honetan eta puntuei dagokienez, Ligako bigarren aurrelari onena izan arren. Horrek erakusten digu Ligako txapelketetan sartzeko nolako maila behar den.
Kanpoan geratu dira, aurre-kanporaketetak gainditu gabe, Arbe, Atain, Bixente, Manci, Javier, Danel, Celaya, Salegi, Urreisti eta Unda.
Txapelketan, denera, sei bikotek hartuko dute parte, bi multzotan banatuta. A Taldean Erkiaga-Zabala, Barandika-Lopez eta Laduche-Basque arituko dira eta B multzoan Olharan-Ibarluzea, Johan Del Rio eta Goitia-Gorka. Talde bakoitzeko bi onenak uztailaren 6an jokatuko diren finalerdietara sailkatuko dira eta finala aldiz, uztailaren 16an, Karmen egunean, jokatuko da.
Urrezko puntuak jokoan
Unibertsitatean, Grand Slameko txapela janzteaz gain, Jai Alai Leaguerako urrezko puntuak daude jokoan eta rankinga dagoen bezala, momentu honetan, Erkiaga da lasai egon daitekeen bakarra. Aurrean zein atzean, dena dago zabalik eta Slam kategoriako txapelketa izanik, Markina-Xemeinen irabazten duenak 2.000 puntu eskuratuko ditu. Bigarrenak 1.200 pt, hirugarrenak eta laugarrenak 750 pt eta ligaxkako partiduetan berriz, garaipen bakoitzeko 360 pt eta porrotak 180 pt.
Aurre-kanporaketa fasea jokatu duten pilotariek ere Ligarako puntuak eskuratu dituzte. Laduchek eta Basquek 500 puntu, eta Arbek eta Atainek 300. Azken hauek ordezko ofizial bezala sartuko dira lesiorik baldin badago.
Ligako egutegian, Markina-Xemeinen ondotik, Iparraldeko txapelketa nagusiak etorriko dira (Donibaneko Nazioartekoak eta Biarritzeko Urrezko Xistera), baita Paueko Kopa eta Gernikako udako Grand Slama ere. Asteko egun guztietan izango ditugu Jai Alai Leagueko partida ofizialak. Astelehen eta asteazkenean Biarritzen, astearte eta ostegunetan Donibanen, ostiraletan Pauen eta asteburuetan Hegoaldean.