Amaitu da Sagardoaren Txapelketako lehenengo fasea eta finalerdien konposaketa erabakita geratu da. Urriza eta Martirena (Aburuza) bikotea sailkatu da lehenengo postuan eta finalaurrekoan osteguneko aurkari berak izango dituzte, Ansa II-Zubiri (Bereziartua). Bigarren finalerdia, berriz, Ezkurra II.a-Azpirozek (Alorrenea) jokatuko dute Jabalera eta Barrenetxea IV.aren (Oialume Zar) aurka.
Ligaxkako azken jardunaldian, lehenengo partidan, Urriza eta Martirena bikoteak Ansa II-Zubiri gainditu zituzten 0-2 (7-15, 14-15). Nagusi izan ziren urdinak. Urrizak 19 tanto egin zituen (8 lehenengo setean eta 11 bigarrengoan) eta Martirenarekin batera bikote sendoagoa osatu zuten. Lehenengo seta eroso irabazi zuten Urrizak eta Martirenak. Aurrelari iruindarrak ez zuen akatsik egin. Bigarren seta parekatuagoa joan zen eta tantorik ederrena azkena izan zen, hamalaunakoan rebesez pilotakada eder batek Ansa eta Zubiri gainditu zituen.
Bigarren partidan set erabakigarrira joan ziren. Segurolak eta Larrañagak irabazi beharra zuten aukerekin jarraitzeko, baina lehenengo seta 15-14 irabazi ondoren, 8-15 eta 3-8 galdu zituzten hurrengo biak. Lehenengo seta oso nahasia izan zen. Gorriak 10-7 irabazten joan ondoren 10-14 jarri ziren galtzen, baina azken bost tantoak egin eta 15-14 lortu zuten aurreratzea.
Bigarren setean Azpirozek asko hobetu zuen bere jokoa eta Ezkurraren zazpi tantorekin 8-15 berdindu zuten partida. Azken jokoan ildo beretik jarraitu zuen lehiak eta Ezkurraren 4 tantok eta Azpirozen beste bik 3-8koa jarri zuten markagailuan.
Markagailuak dioena baino estuago
Hirugarren partidan Jabalera-Barrenetxeak 15-12 eta 15-13 irabazi zuten. Aldabek eta Juaneneak txapelketako partidarik onena jokatu zuten, baina punturik lortu gabe amaitu dute txapelketa. Polita eta lehiatua izan zen norgehiagoka nahiz eta 2-0 amaitu. Lehenengo setean Barrenetxeak zazpi tanto egin zituen akatsik gabe. Juanenea ere oso ongi aritu zen, guztira bederatzi tantorekin. Set amaieretan gehiago asmatu zuten gorriek. Hamabina eta hamahiruna joan eta eta gero azken hiru eta bi tantoak gorri izan ziren.