Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Boliviako cholita skaterrak: ez dago jolastea baino gauza serioagorik

‘Time’ edo ‘National Geographic’ bezalako hedabideetan argitaratu ohi ditu Luisa Dörr brasildarrak bere argazkiak. Emakumeekin eta kultur tradizioekin lotutako proiektuetan lan egiten du batez ere; horren adierazle, ImillaSkate taldeari buruz egin duena. Skatepark-en jarri du Getxophotok.

ImillaSkate taldeko partaideak, lanean.
ImillaSkate taldeko partaideak, lanean. (Luisa DÖRRS | GETXOPHOTO)

«Ez dago jolastea baino gauza serioagorik», esan zuen Maria Ptqk komisarioak Getxophoto nazioarteko jaialdiaren aurkezpenean, aurtengo leloa zein den argitu zezala eskatu zitzaionean. ‘Play’ hitza aukeratu baitute: «Jolasean gauza ugari ikasten dugu: arauak errespetatzen, kanpotik inposatutakoak, joko horretan horrela jokatzen delako, edo asmatzen ditugunak, joko horretan beste era batera ere joka daitekeelako –aipatu zuen María Ptqk-k–. Bizikidetzaren oinarrizko arauak ikasten ditugu, taldea egiten eta bakarrik jolasten, galtzen eta irabazten, errespetatzen eta negoziatzen. Proba-eremu zabal horretan etortzekoa dena entseatzen dugu».

Jolasa eta bizikidetza, hortxe sartzen da, bete-betean, Luisa Dörr (Lajeadon, 1988) argazkilari brasildarraren ‘Imilla’ proiektua. ‘Time’, ‘National Geographic’, ‘The New York Times’ edo ‘Geo’ bezalako aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak, eta argazkilaritzako jaialdi nagusienetan ere presente egon da emakume hau. Orain, Getxophoton dugu ikusgai ‘El Pais’ edo ‘Time’ hedabideetako igandekarietan argitaratutako argazki-saio ikusgarria. Kalean dago gainera, doan, Skateparken.

Jokin Aspuru, Getxophotoko zuzendaria lanean harrapatu dugu, buru belarri, oraindik jaialdia bukatu arte egun dexente dituztelako aurretik. Ekainaren 6an hasi eta 30era arte luzatuko den hitzordu hau berezia da: herritarra eta, era berean, nazioarteko ikuspegia duena. Aurten 22 erakusketa antolatu dituzte gehienbat espazio publikoan; izan ere, Getxophotok espazio publikoa defendatzen du. Ereaga hondartza edo Algortako azoka aspaldi ‘bereganatu’ zituzten; edizio honetan, aisialdirako eta kirolerako gune publikoak ere erabili dituzte, hala nola La Kantera Skatepark-a.

ImillaSkate taldea Bolivian sortu da. (Luisa DÖRRS / GETXOPHOTO)

«Gu jaialdi txiki bat gara, baina, aldi berean, anbiziodunak. Luisa Dörren lana ezagutzen genuen, hautatutako gaiarekin bat zetorren eta zuzenean proposamena egin genion: ‘Zure lana erakutsi nahi dugu Skatepark mitikoan’, esan genion. Eta zergatik? Zentzu guztia duelako: oso kirol maskulinoa da, emakumeak bideak zabaltzen ari dira, oso irudi ikusgarriak dira... eta berari asko gustatu zitzaion. Oso erraza izan zen baietza lortzea. Egin ohi dugun bezala, photoshopean erakusketaren fikzio antzeko bat bidali genion, eta asko gustatu zitzaion. Askotan pasatzen zaigu: oso potenteak diren artistak errazak dira lortzen, eta hasi berriak, zalantza gehiago dituztenez, kostatu egiten da erakartzea».

Luisa Dörr, egun, punta-puntako argazkilaria da. Hainbat azal egin ditu, esaterako, ‘Time’ aldizkarirako. «Lan bat amaitutakoan, nire helburua da zerbaitetan lagundu dudanaren sentsazioa izatea –aipatu zion ‘Vogue’ aldizkariari, iaz PhotoVogue Festival Grant irekiarazi zuenean Getxo ikusgai dagoen argazki-seriearekin–. Ez dudana nahi zera da, paraxut batetik jausita izango banintz bezala, toki batera iritsi, argazkiak atera eta alde egin. Ni saiatzen naiz nolabait parte hartzen. Esaterako, Imilla taldekideen lehen irudia Instagramen ikusi nuenean, berehala sentitu nuen haiei buruz gehiago jakin behar nuela. Hori izan ohi da mugiarazten nauena: nire unibertso pertsonal txikia zabaltzeko behar hori asetzea».

Luisa Dörr: «Lan honek aukera ematen zidan gai garrantzitsu batzuk ukitu eta horien inguruko estereotipoak hausteko: emakume gazteak, identitatea, etnografia, kirola, politika, kultur herentzia eta sinesgarritasuna...»


Pollerak deiturikoak gona koloretsu eta mardulak dira, Boliviako mendilerroko emakume indigenekin lotu ohi direnak. Berezitasun kulturalaren sinbolotzat hartzen dira, baina baita diskriminazioaren ikurtzat ere. Cochabamba hirian, gazte hauek arropa horiek erabiltzen hasi dira elkarrekin patinatzera ateratzen direnean, ahalduntze eta errebeldia keinu gisa. 2019an, horietako batzuek ImillaSkate kolektiboa osatu zuten.

Cochabamba hirian, gazte hauek arropa horiek erabiltzen dituzte elkarrekin patinatzera ateratzen direnean. (Luisa DÖRRS / GETXOPHOTO)

‘Imilla’ hitzak neska esan nahi du aimara eta kitxuan. Beren patinekin eta pollera tradizionalekin armaturik, imillaskaterrek espazio publikoa okupatzen dute, askotan haientzat segurua ez dena. Eta gainera, jatorri gringoa duen eta maskulinoa den hiri-kirolaz jabetzen dira.

Luisa Dörr: «Aukera ematen zidan gai garrantzitsu batzuk ukitu eta horien inguruko estereotipoak hausteko: emakume gazteak, identitatea, etnografia, kirola, politika, kultur herentzia eta sinesgarritasuna... Taldea ezagutu nuenean, 5.000 jarraitzaile zituzten Instagramen; gaur egun 80.000 [egun, dagoeneko, 109.000]. Orain bidaiak, elkarrizketak telebistan, babesa eskaintzen dieten markek eta era guztietako gauza onak etorri zaizkie. Jendeak nor ziren jakitea baino ez zuen behar; eta ni pozten naiz horretan lagundu ahal izan badiet».

Hilaren 30era arte, Getxon badago zer ikusi. Batez ere Euskal Herriko ikusleria izaten du argazkilaritza ardatz duen jaialdi herrikoi honek eta, iazko datuei kasu eginez, bertatik 70.000 bat bisitari pasatu ohi dira (datua estimatu da, ez baitago zenbatzerik). Aretoetan jarritako erakusketetara 5.000 ikusle joan ziren iaz, eta antolatu ziren ekitaldietan 2.000 lagunek hartu zuten parte. Online presentziak asko handitzen ditu zifrak: 45.000 bisitari webgunean.

Kutxa Fundazioaren Fototekaren jauzien argazkiekin sortutako binilo-sortak entzuten. (GETXOPHOTO)

«Aurten lehenengo asteburuan dena aurka genuen, baina bikain atera zaigu. Hamar bat artista etorri ziren eta nazioarteko hainbat hizlari izan genituen. Esaterako, Emma Bowkett, “Financial Times Weekend Magazine”-eko editore grafikoa; Catherine Troiano, Victoria & Albert Museum-eko argazkilaritza arduraduna; Ariane Rinaldo, PhEst jaialdiko zuzendari artistikoa...», dio Jokin Aspuruk.

«Bisitariak oso pozik itzuli dira. Pentsa, Ingalaterra edo Estatu Batuetako artista bat dator, eta hau berez ez da jaialdi handia, oso familiarra da, baliabide handiak ez dituena. Txoko batean bazkaltzen dute, eta pozik. Guretzat garrantzitsua da artisten eta bisitarien arteko lokarriak sendotzea».

Merezi du Algortara gerturatzea, esaterako, Kasinoan, Estatu Batuetako Jason Fulford artista eta editorearen ‘Sol Moon Izar’ (jaialdirako propio sortutako pieza) eta Argentinako Verónica Fieiras editorearen ‘Leve’ lanak ikustera eta entzutera. Azken hau jaialdiaren ekoizpen propio bat da: Kutxa Fundazioaren Fototekaren jauzien argazkiekin binilo-sortak egin ditu, musika eta argazkigintza lotuz.