NAIZ

Programa eta hautagaiak aurkeztu ditu EAJk, Parisen «Euskal Herria eta demokrazia defendatzeko»

Astearte honetan aurkezti ditu EAJk frantziar hauteskunde legegileetarako programa eta hautagaiak. «Euskal Herria eta demokrazia defendatzeko prest» dela nabarmendu du Bidarten egindako agerraldian.

Peio Etxelekuk aurkeztu ditu EAJten hautagaiak eta programa.
Peio Etxelekuk aurkeztu ditu EAJten hautagaiak eta programa. (Guillaume FAUVEAU)

Duela bi urte ez bezala, EAJk parte hartuko du ekainaren 30ean eta uztailaren 7an izango diren frantziar hauteskunde legegileetan, eta astearte honetan aurkeztu ditu Ipar Euskal Herria barne biltzen duten hiru hautes-barrutietarako hautagaiak: Gracianne Mirande Bec, Jean-Marie Erramuzpe eta Jean Telletxea.

Kazeta.eus-ek zabaldu duenez, jeltzaleen esanetan, «duela zazpi urtetik hona, Frantzia blokeatuta dago: deszentralizatu beharrean birzentralizatu egiten da, egunetik egunera gehiago dago Pariseko botereen menpe, gure benetako beharretatik hurbilen dauden arbitrajeak eta aurrekontuak eskuordetu beharrean». Eta egoera honen aurrean, prest da «Euskal Herria eta demokrazia defendatzeko, premiazkoa baita Pariseko instituzioetan herritarren ahotsa entzunaraztea».

Programaren lehen puntuan agertzen dira euskara eta gaskoia. EAJren helburua da hizkuntzak babestea eta lan egitea frantziar Konstituzioan onar daitezen. Halaber, tokiko botere deszentralizatua ere aldarrikatzen du, Euskal Elkargoaren eskumenak indartuz.

Eta Hego Euskal Herriarekin harremanak indartu nahiko lituzke, «bereziki jarduera ekonomiko eta kulturalei, irakaskuntzari eta ikerketei dagokienez, garraio sare eraginkor, egokitu eta arduratsu baten bidez».

Espekulazioaren kontrako zerga

Etxebizitzari dagokionez, bigarren bizitegien kopurua arautzea proposatu du alderdi jeltzaleak, baita espekulazioaren kontrako zerga bat.

Ekonomia «orekatu» baten alde ere agertu da: «Aktibitate lekuak eraiki ditzagun, euskal kostaldearen eta barnealdearen arteko harreman ekonomikoak indartu ditzagun, itsasoko profesionalak eta lehorrekoak sostengatu ditzagun».

Zentzu honetan, tokiko laborantza babesteko laborantza lurrak zaintzea proposatzen du, hala nola, Safer-en ahalmenak hedatu du eta espekulazioa debekatuz.