Palestinaren okupazioaren historia detaileez lagunduta kontatzen duen ‘Detaile xume bat’, Adania Shibliren eleberria, euskarara itzuli berri du Aitor Blancok, Igela argitaletxearekin. 1948ko Nakba exodotik abiatuta XXI. mendearen hasierako egoera islatzen da liburuan.
Esperientzia «berezia» izan da itzultzailearentzat, asteazken honetan egindako aurkezpenean azaldu duenez. Bi zati «aski desberdinetan» banatuta dagoela azaldu du. Lehenengoa 1949an gertatzen da, Nakbatik urtebetera, sortu berri den Isralego Estatuaren mugak zaintzeaz eta «seguru aski lurra bereganatzeaz» arduratzen den destakamentu militar bateko kidea da protagonista. Beduino talde baten bila espedizioan doazenean, neska bat bahitzen dute. Berarekin gertatzen dena da bigarren atalaren abiapuntua.
Blancok zehaztu duenez, benetan gertatutako istorioa da hori, 2003an Israelgo egunkari batean argitaratu zena, eta bertan ezagutzen du krimena bigarren zatiaren protagonistak. Emakumeak Palestina okupatuaren barrena bidaia egiten du, gertatutakoa ikertu nahian. Honetan, itzultzailearen arabera, «gerra baino lehenagoko Palestinaren egoera nolakoa zen ezagutu daiteke».
Estilistikoki «oso desberdinak» dira ere. Lehenengo partea hirugarren pertsonan idatzita dago, eta ez dakigu nolakoa den protagonista. Hala ere, eguneroko bizitza, beroa, lehortasuna eta paisaia bezalako elementuak helarazten dio autoreak irakurleari eta, Blancok azaldu duenez, «gertatzen zaiona bizitzen dugu». Idazkera «sinplea» bada ere, «hipnotikoa» da eta tentsioa gordetzea lortzen du.
2004ko atala, aldiz, lehenengo pertsonan idatzita dago. Horrela, emakume protagonistaren beldurra, urduritasuna, antsietatea eta bakardadea transmititzen dira eta «bere buruan sartzen gara», bere izena edo zertan egiten duen lan zehaztuta ez dagoen arren.
Desberdintasunak desberdintasun, bi zatien arteko paralelismoak nabarmendu ditu itzultzaileak, baita «iraganaren eta orainaren arteko konexioak» bigarren zatian ere. Txakurra, ibilgailua, armiarmak bezalako elementuak dira lotura erakusten dutenak. Horren adierazgarri ere bi istorioen azken parrafoen arteko antzekotasuna da ere. Blancoren ustez «oso finki daude lotuak» eta espero du irakurleak ere horretan erreparatzea.
Izenburuak, bere garrantziagatik, «lan dezente eman dit», adierazi du Aitor Blancok. Berarentzat, «historiaren gertakari nagusietatik urruntzea eta detaileak kontatzea erresistentzia da». Azalak ibilgailuak bi istorioetan duen protagonismoa islatzen du.
Ane Irazabalen hitzaurrea
Hitzaurrea Ane Irazabal kazetariak idatzi du. 2010etik 2013ra Palestinan bizi izan zenak, aurkezpenean azaldu duenez, liburuarekin topo Berlinen korrespontsal bezala lanean zegoenean egin zuen, urriaren 7tik egun gutxietara. Adania Shiblik literatura sari bat jaso berri zuen Alemanian, baina antisemita izatea egotzita, ekitaldia bertan behera utzi zuten.
Orduan irakurri zuen liburua Irazabalek eta handik hilabetera euskarazko bertsioaren hitzaurrea egitea proposatu zioten. Eleberriaz «deigarria» iruditzen zaio bigarren zatiaren protagonista kotxean doan bitartean okupazioa -hala hitz egiten du idazleak Palestinaren egoeraz- deskribatzen duen modua.
Kazetariarentzat, «begi guztiak Palestinara begira daudenean zaila da eguneroko indarkeria kontatzea eta kazetaritzan saltzea», baina Shiblik hori egiten du ‘Detaile xume bat’ lanean, istorio «xumeei» garrantzia ematen die. Irazabalen ustez liburua «polita eta tristea da hein handi batean» eta «oso liburu konpletoa da».