Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Nerea Eizagirrek beste bi urtez eramango du Realeko besokoa

Amaitzear zegoen kontratua berritu du tolosarrak eta 2026rarte luzatu du, kamiseta txuri-urdinarekin hamarkada bat betetzeko. «Nahi duzun lekuan egoteko aukera izatea sari bat da», poztu da Eizagirrek.

Nerea Eizagirre, Anoetan; Garbiñe Etxeberria eta Roberto Olabe Kirol zuzendariekin batera.
Nerea Eizagirre, Anoetan; Garbiñe Etxeberria eta Roberto Olabe Kirol zuzendariekin batera. (REAL SOCIEDAD)

Proiektu berriari ekingo dio Realak Jose Luis Sanchez Veraren etorrerarekin baina taldearen euskarriak sendo mantendu nahi ditu. Urrats erraldoia eman du bide horretan kapitainaren berritzearekin. Albistea iaz baino beranduago iritsi da baina orduan baino pozgarriagoa izan da, oraingoan bi denboraldiz luzatu baitu bere kontratua Nerea Eizagirrek, 2026ra arte, kamiseta txuri-urdinarekin hamarkada bat betetzeko.

«Harro eta pozik» agertu da tolosarra kontratu berria sinatu ondoren. «Beti esan dut Reala nire lehentasuna izan dela momentu guztietan. Azkenean konfiantza daukagu proiektuan, talde polita daukagu, aldaketak etorriko dira eta konfiantza daukat berriro ere mometu horiek, finalak edo momentu berezi horiek, bizitzen eta ospatzen jarraitzeko. Eta horregatik ute dut Reala dela egoteko daukadan lekurik onena». Horregatik eta «etxean» dagoelako, «familiatik gertu, zaletuen beroa sentitzen dut eta gustora nagoen lekuan nago. Oraingoz uste dut hau dela nere lekua eta hemen jarraitu nahi dut».

2016an debutatu zuen Eizagirrek kamiseta txuri-urdinarekin eta, kontratua betez gero, hamarkada oso bat beteko du Realean. «Ez da erreza izaten horrenbeste denbora egotea –esan du–. Baina ilusioa daukat, gogoa daukat, hasi nintzenean nuen ilusio berarekin nago. Gauza gehiago bizi nahi dutut eta horretan jarraitu nahi dut, partida garrantzitsuak jokatzen, denboraldi onak egiten, ahalik eta gorenen amaitzeko aukerak izaten eta bizi izan ditugun momentu asko bizitzen jarraitzen». «Hamargarren denboraldia iritsiko nahiz –gaineratu du kapitainak–, gutxi iristen dira, gainera ni gaztea izanik. Bakoitzak nahi duen lekuan egoteko aukera izatea sari bat da eta nik aukera hori daukat. Harro eta pozik nago talde honetan jarraitzeagatik, kolore hauek ahalik eta gorenen uzten saiatzeagatik».

Eizagirrek taldea eta jokalariak eskutik helduta urte hauetan nola hazi diren nabarmendu du. «Hazten joan gara. Hona etorri nintzenean oso gaztea nintzen eta gauzak hobetzen joan dira, hazten. Azken bost urteotan lau final jokatu ditugu, aurten ere denboraldia ez da oso ona iza baina beste final bat jokatu dugu. Klub bezala hobekuntza batean gaude, goruntz goaz, talde gogorra gara. Espero dugu hazten jarraitzea, momentu politak bizi izan ditut eta bizitzen jarraitu nahi dut», azpimarratu du.

Eskertu du, bestetik, tolosarrak klubak eskainitako «konfiantza. Eta erantzunkizuna, taldeko kapitaina baitnaiz eta izaten jarraituko du. Neregan konfiantza asko daukate, badakite zer ematen diodan taldeari eta nik ere konfiantza bera hori ematea nahi dut, beraiek nitaz espero duten ematen saiatzea. Jende gazte asko daukagu eta horiei lagundu nahi diet, hazten lagundo eta ni ere ahalik eta maila onenean egotea. Nik uste dut nere maila altuenean banago, taldeak nabarituko duela», amaitu du.