NAIZ

Skabidean taldearen ‘Piztu Zangoza!’ izango da aurtengo Nafarroa Oinezen abestia

Ostegun honetan aurkeztu dituzte aurtengo Nafarroa Oinez jaiaren abestia eta bideoklipa, ‘Piztu Zangoza!’, Skabidean musika taldeak eta Amaia Aldanondok egindakoa. San Ferminetan Takonerako parkean egongo den Oinez Txokoaren egitarauaren berri ere eman dute.

Ostegun honetan aurkeztu dute ‘Piztu Zangoza!’ 2024ko Nafarroa Oinezen kanta.
Ostegun honetan aurkeztu dute ‘Piztu Zangoza!’ 2024ko Nafarroa Oinezen kanta. (Nafarroa Oinez)

Amaia Aldanondo eta Skabidean musika taldea izan dira aurtengo Nafarroa Oinezen edizioaren kanta ondu dutenak. ‘Piztu Zangoza!’ da abestiaren izena, Zangozako ikastola laguntzeko egingo delako aurtengo jaia.

Ostegun honetan aurkeztu dute abestia Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan egindako agerraldian. Nagore Oria, Zangozako ikastolako zuzendaria; Eneko Alkorta, Jarduerak batzordeko arduraduna; June Gabarain eta Antonio Iriarte, Skabidean taldeko kideak; eta Amaia Aldanondo, abestiaren letraren egilea elkartu dira. Bideoklipa ere aurkeztu dute eta bertan izan da Marina Lameiro zuzendaria.

Abestiaren letrarekin hasi zen prozesua, azaldu dutenez. Oriak esan bezala, ikastolak argi izan zuen hitzek «Zangozaldeko euskaldunon artetik atera behar zutela» eta lehiaketa inguru horretan egin zuten. Amaia Aldanondok azaldu duenez, «ertza eta periferian gauden euskaldunak hemen gaudela aldarrikatu nahi nuen, gure zentroa eraikitzen ari baikara hori erakutsi nahi nuen, besterik ez».

Skabidean Iruñeko taldeko kideek adierazi dutenez, «abestiak elkartasuna eta auzolana batzen ditu, baina alaitasuna alde batera utzi gabe, euskara aldarrikatzeko oso beharrezkoa iruditzen zaigun nahasketa, Euskal Herriaren eta Nafarroa Oinezen izaera ezinhobe irudikatzen duena».

Ikastolako irakasle batzuek ikasleen ahotsak prestatu zituzten eta Andoaingo Garate estudioan ahotsak grabatu zituzten Skabidean taldeko kideekin batera. Nagore Oriak esan duen bezala, ikasleek, familiek eta irakasleek «esperientzia ahaztezina» bizi izan zuten grabazioaren egunean.

Bideokliperako, Marina Lameiro zinema zuzendariarekin, ikasleek ere parte hartu dute. Lameirok tailer batzuk antolatu zituen DBHko eta LH 3. zikloko ikasleekin bideoklipa antolatzeko eta grabaketa baten ezaugarriak ezagutzeko: «Egungo irudi digitalez beteriko munduan, interesgarria iruditzen zitzaidan txiki eta gazteei beste teknologia bat gerturatzea eta mundura ekartzen ditugun irudietan pixka bat hausnartzea», esan du. Ikasleen proposamenetan oinarrituta dago gaur ezagutzera eman den bideoklipa eta Super 8 kamera batekin grabatu da. Esan dutenez, «oso esperientzia aberasgarria izan da ikasleentzat eta asko eskertu dute haien proposamenen emaitzak bideoklipean ikustea».

San Ferminetako egitaraua

San Ferminetan egingo dituzten ekintzak ere aurkeztu dituzte ostegun honetan. Takonera parkean izango den Oinez Txokoa goizeko 10.30etik gaueko 2.30 edo 3.30 arte egongo da irekita. Txosnan ogitartekoak eskainiko dira eta arropa eta material salmenta postu bat egongo da.

Egitarauari dagokionez, parte hartzera joango diren ia sortzaile gehienak nafarrak izango dira eta hori azpimarratu nahi dutela aipatu du Alkortak. Ekintzak bi blokeetan banatu dituzte: alde batetik, arratsaldekoak eta, bestetik, gauekoak. Arratsaldeetan, besteak beste, bertso saio musikatua, EuskarAbentura, Trikidantz, dantza saioa, Pontx pailazoa, Jotatxo... izango dira. Gauean aldiz, Streetwise eta Leizeak, Gailu eta Ochi di Farfalla, Against You eta Dj Marzel, Trikidantz eta Dj Mortx, Baizera, Irati 58... bezalako taldeak entzuteko aukera egongo da. Horretaz gain, reggae jai bat ere antolatuko dute.

Zangozako Ikastolak euskalgintza erdigunean jarri, eta hurrengo uztailaren 6ko txupinazoa LABA taldeari ematea erabaki du. «Eredugarria iruditzen zaigu LABA taldeak azken urteetan euskara eta euskal kulturaren alde Iruñean egin duen lana eta nolabaiteko esker ona merezi dutela uste dugu», nabarmendu du Alkortak.