Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘The Tattooist of Auschwitz’: Maitasuna izuaren erdian

THE TATTOOIST OF AUSCHWITZ
Bretainia Handia. 2024. 6 atal.
Zuzendaria: Tali Shalom-Ezer. Gidoia: Gabbie Asher, Jacquelin Perske, Evan Placey.
Akto.: Jonah Hauer-King, Melanie Lynskey, Harvey Keitel, Anna Prochniak. Plataforma: Movistar +.

Filmeko bi protagonistak Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparruan.
Filmeko bi protagonistak Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparruan. (SKY STUDIOS.)

Lale eta Gita Sokolov-en bizitza azaltzen duen miniseriea da: Bigarren Mundu Gerran, Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparruan, presoen besoetan identifikazio-zenbakiak tatuatzeko agindu zioten preso judutarra zen Lale. Egun batean, tatuatzeko txandaren zain zegoen neska bat ikusi zuen, Gita, dardara batean, izuak goitik behera hartuta, eta erabaki irmoa hartu zuen: infernu hartatik biek bizirik atera behar zuten.

Holokaustotik bizirik atera ziren Lale eta Gita Sokolov judu eslovakiarren benetako historia du oinarri filmak: Auschwitz-en izuaren erdian, maitasuna aurkitu zuten bi preso. Heather Morris-en izen bereko eleberrian oinarritzen den istorioa moldatu dute Gabbie Asher, Jacquelin Perske eta Evan Placey gidoilariek. Morrisek, antzerki lanak idazten hainbat urte eman ondoren, bere lehen eleberria argitaratu zuen 2018an: ‘The Tattooist of Auschwitz’ (‘Auschwitzeko tatuatzailea’), 44 herrialdetako bi milioitik gora irakurle txunditu zituen.

Egileak berak liburuari atariko gisa jarritako oharrean dioen bezala, fikzio lan bat izan arren benetako gertakarietan dago oinarritua; alde horretatik sortu dira ahots kritikoren batzuk, zenbait daturen zuzentasuna zalantzan jartzen dutenak. 

Alberdania argitaletxeak euskarara ekarri zuen 2019an Miel Anjel Elustondoren eskutik. Esan behar da gutxitan ikusi dela itzultzaile bat Elustondo bezain hunkituta euskaratu duen liburuaz aritzean, enkargua jaso aurretik barne-barneraino iritsi zitzaion bisita egin berria baitzen Auschwitzera.

Miniserieak 55 minutu inguruko sei atal ditu eta aktore zerrendan Harvey Keitel, Melanie Lynskey, Jonah Hauer-King edota Anna Prochniak topatu daitezke.