NAIZ

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute Markina-Xemeingo Grand Slamean

Markina-Xemeingo Grand Slamaren bigarren jardunaldia hasi aurretik, zesta-puntako kirolari eta eragileek Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten. Datorren larunbatean, pilotari batzuk agerraldia egingo dute Espainia eta Frantziako selekzioei uko egingo diela adierazteko.

Markina-Xemeingo Unian, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko argazkia.
Markina-Xemeingo Unian, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko argazkia. (ERAMAN JAI ALAI)

Zesta-puntaren olatu aparra geldiezin dabil. Gernikako Winter Serieseko neguko hauspoa hartuta, arrakastatsuak izan dira udaberrian jokatu diren beste txapelketak, Jai Alai League txapelketaren barnekoak: Gasteiz, Lekeitio, Zumaia, Bilboko Iron Cup eta orain, Markina-Xemein anfitrioi, puntista handien etxea.

Ekainaren 15ean abiatu zen, lehenago aurre kanporaketa batzuk jokatuta, eta asteburu honetan bigarren jardunaldia jokatu da. Laduche-Basque eta Johan-Del Riok garaipen bana pilatu zuten, Barandika-Lopez eta Goitia-Sorozabalen aurka, hurrenez hurren.

A multzoa estutu zuen bikote lapurtarraren garaipenak, lehen jardunaldian Barandika eta Lopezek Erkiaga-Zabala garaitu baitzuten. B multzoan, aldiz, nagusitasuna berretsi zuten Johan Sorozabal eta Julen Del Riok, 7 punturekin sailkapen buru baitira, Goitia-Sorozabal (puntu bat) eta Olharan Ibarluzearen (0 puntu) aurretik.

Emaitzak emaitz, bigarren jardunaldi honen atarian, zesta-puntako kirolari eta eragileek Euskal Selekzioaren alde egin zuten aldarria nabarmentzekoa izan zen. ‘Gu ere bai’ herri dinamikaren pankartarekin, «Euskal Selekzioa, ofizialtasuna; Euskal Herritik mundura» lelopean, argazkia atera zuten.

Hain justu, hurrengo larunbatean, hilaren 29an, Hendaian agerraldi bat egingo dute euskal pilotari batzuk, Espainiako eta Frantziako selekzioei uko egingo diela adierazteko. Duela bi urte, Biarritzen jokatu zen Munduko txapelketan, euskal pilotariak –tartean puntista batzuk– Espainia zein Frantziako elastikoekin lehiatu behar izan ziren.

Txapelketa amaitu bezain laster iragarri zuten EAJ eta PSOEk Espainiako Kirol Lege berrian zuzenketa batzuk egin zituztela eta pilota eta surfaren kasuan Euskal Selekzioaren ofizialtasuna egingarritzat jo zuten jeltzaleek. Kasik bi urte pasa diren honetan, oztopoak bere horretan jarraitu dute, Espainiako pilota Federazioaren ahalmenari esker

Hala, hurrengo larunbatean egingo den agerraldi publikoarekin, ofizialtasunaren bidea berriro ere agintarien agendan kokatzeko baliagarri izan daiteke. Hala ezean, 2026ean Argentinan eta 2030ean, Euskal Herrian berriro ere, euskal pilotariak Espainia eta Frantziako elastikoekin lehiatzen ikusiko ditugu.