Erlojuaren aurka lehiatu da igande honetan KAE1 ligako estreinako estropada, Pasai Donibaneko uretan eta etxeko trainerua erabat nagusi izan da, lehen txandan arituta. Joseba Fernandezen eskifaiak 20 minutu eta 36 segundo behar izan ditu 3 miliak osatzeko eta zentzu horretan, ez du areriorik izan. Are gehiago, Zumaia izan da bigarren sailkatua, ezustekoa emanda, ‘Erreka’ baino minutu erdi gehiago behar izan duela (21:12.42).
Hala, San Juanek berretsi du igoera lehiatzeko hautagaietako bat izango dela aurten ere. Iaz play-offetatik urrats batera geratu zen (laugarren bukatu zuen liga erregularra) eta hasi berri den denboraldian, Gipuzkoa zein Euskadiko txapelketan maila ona erakustearekin batera, indartsu dagoela berretsi du ligaren estreinaldian.
Ez du areriorik izan III. CMO Valves bandera astintzeko eta gainera, arerio zuzena izan daitekeen Lapurdirekiko aldea –iaz, Joseba Fernandezen gidaritzapean igoera jokatu zuten lapurtarrek–, sailkapen nagusian, bi puntukoa da, bien artean Zumaia sartu baita. Telmo Deunak baino zazpi segundo gehiago behar izan du Lapurdik estropada bukatzeko (21:1967) eta bere atzetik sailkatu da Santurtzi (21:24.63), Eusko Label ligatik jaitsi berria.
Arkote, Zarautz, Portugalete, Pedreña, Camargo, Orio B eta Deusto, helmugaratu dira hurrenez hurren. Hondarribia B, bestalde, kanporatua izan da, hain zuzen ere, motorra bezala zetorren etxeko traineruari bidea oztopatzearren.
KAE 1 liga - III. CMO Valves bandera
1. San Juan 20:37.66 (12 puntu)
2. Zumaia 21:12.42 (11 puntu)
3. Lapurdi 21:19.67 (10 puntu)
4. Santurtzi 21:24.63 (9 puntu)
5. Arkote 21:27.89 (8 puntu)
6. Zarautz 21:40.61 (7 puntu)
7. Portugalete 21:46.51 (6 puntu)
8. Pedreña 21:47.02 (5 puntu)
9. Camargo 21:57.79 (4 puntu)
10. Orio B 21:58.01 (3 puntu)
11. Deusto 22:03.54 (2 puntu)
12. Hondarribia - kaleratua (0 puntu)
Zumaiaren bigarrena ETE ligan
Gizonezkoetan, Zumaiak ezustekoa emanda bigarren bukatu badu, emakumezkoetan beste garaipen eder bat pilatu du Telmo Deunak, asteburua ezin hobeto biribilduz. Hala, ETE ligako lidertza sendotu du –nahiz eta denboraldia hasi besterik ez den egin–. Zumaiarrek, bi garaipenekin, 16 puntu pilatu dituzte, Astillerok 14 dauka eta Kaikuk, 12.
Ikaragarria!!!! Zorionak @telmodeunAE @DELTECO1 pic.twitter.com/chfqOQVTqI
— Zumaiako Telmo Deun (@telmodeunAE) June 23, 2024
Hain zuzen ere, bezperan, Astilleroko uretan erregistratu zen sailkapena kasik bere horretan errepikatu da igande honetan XI. Pasaiako ikurrinaren lehian, bai behintzat goialdean. Are gehiago, lehia oso estua egon da Zumaia eta Astilleroren artean, larunbatean legez, eta azkenean, 79 ehunekogatik, zumaiarrek eraman dute garaipena.
Kaikuk egin du hirugarren, irabazlearengandik 8 segundora helmugaratuta. Zarautz, San Juan –lehen txandan denbora onena eginda, 12:13.88–, Deusto, Ondarroa eta Hernanik itxi dute sailkapena.
ETE Liga - XI. Pasaiako ikurrina
1. Zumaia 11:46.39
2. Astillero 11:47.08
3. Kaiku 11:54.40
4. Zarautz 12:09.11
5. San Juan 12:13.88
6. Deusto 12:30.86
7. Ondarroa 12:39.20
8. Hernani 13:01.60
ETE Liga - Sailkapen orokorra
1. Zumaia 16 puntu
2. Astillero - 14 puntu
3. Kaiku - 12 puntu
4. Zarautz - 10 puntu
5. San Juan - 7 puntu
6. Deusto - 7 puntu
7. Ondarroa - 4 puntu
8. Hernani - 2 puntu
Donostiarrak bigarren postua errepikatu
Pasaiako estropada eremuan uretaratzen lehendabizikoak KAE 2 ligako traineruak izan dira, hauek ere denboraldiko bigarren banderaren lehian, XXXIX. Pasaiako Bandera, zehazki. Castreñarentzat izan da garaipena, Donostiarrak bigarren postua errepikatu duela. Hala, Kaiarribakoek Astillerorekin –Pasaian, hirugarren– berdindu dute sailkapen nagusian (12 puntu).
Busturialdea izan da laugarren eta Hibaika, Lutxana eta Santoñak, hurrenez hurren, itxi dute sailkapena.
KAE 2 liga - XXXIX. Pasaiako Bandera
1. Castreña 22:43.47
2. Donostiarra 22:52.82
3. Astillero 22:53.19
4. Busturialdea 23:17.93
5. Hibaika 23:28.31
6. Lutxana 24:08.70
7. Santoña 25:45.00
KAE 2 liga - sailkapen orokorra
1. Astillero - 12 puntu
2. Donostiarra B - 12 puntu
3. Castreña - 11 puntu
4. Hibaika - 8 puntu
5. Busturialdea - 7 puntu
6. Lutxana - 4 puntu
7. Santoña - 2 puntu