Maite Ubiria

Atez ateko kanpaina Ipar Euskal Herrian, frantziar pantailetara zeharka begira

Hauteskunde legegileak egiteko astebete falta denean milorri baten antza duen kanpaina aurrera doa. Zerikusi gutxi du Ipar Euskal Herrian, azokaz azoka eta atez ate, alderdietako militanteek garatzen duten kanpainak frantziar pantailetatik barreiatzen den mehatxu zaparradarekin.

Fronte Herritar Berriko lagunak herritarrei aliantzaren xedeak azaltzen, Kanboko merkatuan.
Fronte Herritar Berriko lagunak herritarrei aliantzaren xedeak azaltzen, Kanboko merkatuan. (Naiz)

Emmanuel Macronek aurreratutako hauteskunde legegileen lehenengo buelta ekainaren 30ean eginen da. Frantziar presidenteak hartutako erabakiak nolabaiteko argitasuna ekartzen duen panorama politikoan edo, horren ordez, are ilunago batera daraman jakiteko astebete eskas falta da.

Igaro berri den asteburuan plazaraturiko inkestek ez diote mesederik egin agintari liberalari.

Goizegi bada ere ondorio borobilak ateratzeko, gaur gaurkoz Macronek salbamendu taula bezala irudikatu duen «hirugarren eremu moderatu baten susperraldia» ez da inondik inora agertzen.

Elabe eta Infop inkesta etxeek ekoiztutako ikerketak bat datoz frantziar presidentearen onarpen maila behera doala adierazteko orduan.

Bai Emmanuel Macronek baita bere lehen ministro Attalek lauzpabost puntu galdu dituzte kanpaina abian eman zenetik. Batezbestekoak begiratuz gero, berritasun gutxi.

Batasun Nazionalak (RN) bere nagusitasunari heltzen dio, boto asmoaren %35-36 biltzen duelarik.

Bigarren tokian agertzen da Fronte Herritar Berria (NFP). %27 eta %29,3 arteko boto-portzentajea aitortzen diote inkestek.

Renaissance alderdiak boto asmo apalagoa du: %19,5 eta %20 artekoa, hain zuzen ere.

‘Je Journal du Dimanche’ Vincent Bollore aberats ahalguztudunaren igandekariak Jordan Bardellari eskaini zion igandean bere azala.

Barruko orrialdeetan erabateko gehiengoa galdetu zuen Bardellak Matignonen agintea hartzeko.

 

Jordan Bardella balizko lehen ministro gisara aurkezten dute normaltasun osoz hedabide handiek.
Jordan Bardella balizko lehen ministro gisara aurkezten dute normaltasun osoz hedabide handiek. Ludovic MARIN/AFP

Prentsa idatzian, telebista kateetan eta, zer esanik ez, sare sozialetan, eskuin muturrari aingeru irudia emateko operazioa fase erabakigarrian sartu da.

Era berean, enpresaburuak mugitzen duen inperio mediatikoaren atalaia horiek beraiek Jean-Luc Melenchon eta Frantzia Intsumituaren (LFI) aurkako erabateko bonbardaketa agindu dute.

Hondoratzea saihestu nahian, Macronen gehiengoa beharrezko laguntzailea bilakatu da Fronte Herritar Berria higatzea xede duen erasoaldi horretan.

Maniobra horren atzean dauden premiak hobeto ulertzeko inkestek datu esanguratsua utzi dute. 2022an Macronen alde botoa eman zuten herritarren artean %16 gogoetatzen ari da NFP delakoari bere sostengua ematea ekainaren 30ean.

Hesia ezarri Fronte Herritar Berriari

Errepublikanoen (LR) alderdiaren hainbat agintarik –berdin europar bozetan zerrendaburu izan zen François-Xavier Bellamyk zein 2022ko Presidentetzarako bozetan hautagai galdua izan zen François Fillonek– aho bilorik gabe adierazi dute RN bozkatzera joko dutela eskuin muturreko eta NFPko hautagaien –zehazki LFIkoak dituzte jomugan– artean lehia baldin bada bigarren itzulian.

Alta, oraingoan, gobernukide batek, hain zuzen demokrazia berritzeko egitasmoa garatzeko ardura duen Prisca Thevenot ministroak, ezkerraren aliantzari «hesia ezartzeko» deia egin du.

Eskuin muturra gelditzeko martxan eman zen «hesia» oraingoan ezkerraren programa egia bilakatu ez dadin baliatu nahi du Macronen aldeko gehiengoak.

Jauzi horren tamaina hain da handia zaila dela oraindik ere bere sakoneko eragina neurtzea.

Edonola ere, ezkerraren deabrutze operazioa fase erabakigarrian sartu da.

Nola sumatuko dira mugimendu horiek guztiak heldu den igandean Ipar Euskal Herrian?

Hiru euskal lurraldeetan kanpaina askoz giro lasaiagoan badoa ere, zaila da jakitea pantailetatik norabidetutako mezu ilunen galeriak norainoko distortsioa sortu dezakeen.

«Dinamika berezia» sortu du ezkerraren aliantzak

Fronte Herritar Berriak «dinamika berezia» piztu duela jakitera ematen du kanpainaren lehenengo egunetan egin dituen bilkura publikoetan bildu duen jendetzak.

Lehen itzulirako kanpaina hesteko Fronte Herritar Berriak eginen duen mitin bateratuaren zain, Hiriburun eginiko bilkura publikoa, Baionako aurkezpen ekitaldia eta laugarren hauteskunde barrutian Iñaki Echaniz jarduneko diputatuak eginiko bilera publikoak arrakastatsuak izan ziren.

Bestalde, jatorri eta ibilbide ezberdinetatik datozen militanteak eskuz esku kanpaina egiteak ezohiko mezua pasatzen du.

Horren adibideetako bat da Colette Capdevielle sozialista eta Alain Iriart abertzalea kartelburu dituen bosgarren barrutiko hautagaitzak elkarlana loratuz sareraturiko bideoa.

Egunero, karriketan, jendearekin solasean, azaldu dira hiru euskal barrutietan NFPk aurkezten dituen hautagaiak.

Berdin azoketan zein kultur edo gizarte ekimenetan haien mezuak aurrez aurre herritarrekin partekatzeko aukera jorratu dute.

Izan ere, askoz oharkabean pasatzen ohi den beste ekimenak garrantzia handia hartu du, atez atekoa delako hain zuzen Estatu mailan jokatzen diren boz horiek bertaratzeko, eta tokian tokiko asmoen arabera biziarazteko, lan molde nagusia.

Oso denbora gutxian eratu duten aliantzaren nondik norakoak azaltzeko parada baliatzen dute ate joka dabiltzan NFPko militanteek.

Bide batez, hainbat abertzalek –baita frantziar menpeko ezkertiar alderdietako zenbait jarraitzailek ere– sentitu ditzaketen zalantzak uxatzeko eta, konfiantzak eratzeko, baliogarria direla atearen aurreko iritzi trukaketak aitortzen dute.

Jordan Bardella miresten duela berehala erantzuten duen jubilatu bat bizi da lehen estaian. Pare bat pisu gorago, hain argi ez badu esaten ere, pultsio berdina izan dezakeen behargina.

Ziurgarritasun sozioekonomikoaren gainean kontsumo mediatiko konpultsiboak arrakalak sakontzen lagundu duela ukaezina da. Ezohiko kanpainan eginiko atez atekoa diagnostiko zehatzak egitea ahalbideratuko duen lehen hizketaldia izan daiteke. Ez gehiago ezta gutxiago ere.

Batasun Nazionaleko ikurrean agertzen den hiru koloreko zuzia itzaltzeko gai izanen den enbata altxatuko da ondoko egunetan Ipar Euskal Herrian? Hala bada, esperantza ate joka izanen da.