Haritz Larrañaga

Nolakoak dira Brasilgo kostaldeko olatuak? Zergatik ez dira oso handiak?

Egunotan Brasilgo Saquarema hondartzan dira CT itzuliko lehiakideak. Kontinente baten ekialdean egiten den lehen mailako txapelketa bakarra da Brasilgoa. Olatuak ederrak eskaintzen ditu Brasilgo kostaldeak, baina zergatik ez dira olatu handiak?

Saquaremako hondartza eta WSL txapelketako kartela.
Saquaremako hondartza eta WSL txapelketako kartela. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Brasilek surf egiteko urautsi ederrak ditu, eta maiz izaten dira olatu politak eskaintzen dituzten itsaskiak, baina ez da olatu handiak eskaintzen dituen lekua, edo hobeto esanda, Brasilen ez dira olatu oso handiak izaten. Hau da, olatu handiak izan daitezke, lau metro artekoak, baina sei edo zazpi metroko olatuak izatea ezinezkoa da. Zergatik? Brasil Kontinente amerikarraren ekialdean dagoelako.

Munduko edozein kontinente edo uharte hartuta, mendebaldeko itsasertzak izaten dira itsaski handi eta ugarienak jasotzen dituztenak. Izan ere, lurraren errotazioa mendebaldetik ekialderantz ematen da (Ipar poloa ardatz hartuta), alegia,  munduak eskuin aldera ematen du buelta ipar hemisferioan bizi garenontzat. Horixe da kontinente baten mendebaldean itsaskiak handiagoak izatearen arrazoi nagusia, baina horrek ez du esan nahi ekialdeko itsasertzetan olaturik ez dagoenik.

Bestalde, itsaskiak goitik behera (Ipar hemisferioan) eta behetik gora (Hego hemisferioan) sortzen dira. Bidean, indarra hartzen joan daitezke eta latitudeen erdi aldera iristean lortu dezakete puntu gorena, hau da, 45 graduko latitudean. Horren ostean, itsaskiak pixkanaka indarra galtzen joaten dira, ekuatorera iritsi arte. Laburbilduz, itsaskien indarra apalagoa da poloetan (90 graduko latitudean) eta ekuatorean (0 graduko latitudean), eta alderantziz, 30 eta 45 gradu arteko latitudean itsaskiak indartsuagoak dira.

Brasil kontinente baten ekialdean dago, eta ekuatoretik gertu, beraz, ez ditu betetzen itsaski sendoak izateko bi baldintza nagusiak, baina, hala ere, olatu ederrak ditu. Nola da hori posible?
Brasilek olatuak izateko bere alde duen osagai nagusia Atlantikoari irekia egotea da, itsaskiak erraz jasotzen baititu. Bestalde, itsaskiak sorrarazten dituzten haizete indartsuak izaten dira kostaldetik nahiko gertu, eta horrela olatuak sortzen dira, nahiz eta olatuen arteko distantzia laburra izaten den. Hala ere, Brasilek badu beste berezitasun bat ekialdeko kostaldeetan ezohikoa dena: nahiko distantzia luzeak egiten dituzten uhinak jasotzen ditu.

Brasilgo kostaldea

Amerikako ekialdean dago, baina Atlantiko osoa du parean, beraz, nahiko distantzia luzea egin dezaketen uhinak hurbil daitezke Brasilgo hondartzetara, eta horri esker olatu ederrak altxa daitezke. Itsaskiak ez dira oso handiak eta maiztasuna ere ez da Amerika mendebaldean bezalakoa. Munduko olatu handienetakoak eskaintzen dituen Amerika mendebaldean, Txilen esaterako, uhinen arteko tartea 20 segundo baino gehiagokoa izan daiteke, Brasilen ordea, hamar segundokoa.

Iparraldetik hegoaldera, 7.500 kilometroko kostaldea du Brasilek. Urautsi gehienak hondartzetan sortzen dira eta maila guztietako surflarientzako olatuak aurki daitezke. Iparraldean, Fernando de Noronha eta Natal artean daude urautsi ezagunenak. Erdialdean, berriz, Itacare inguruan, eta hegoaldean, Rio de Janeiro eta Santa Catarina artean.

Brasil hegoaldean surf egiteko sasoirik onena negua da, apirila eta urria bitartean, alegia; garai horretan olatuek hiru metroko altuera har dezakete. Brasil iparraldean, ostera, surf egiteko sasoirik onena uda izaten da, azaroa eta martxoa bitartean. Garai horretan eurite tropikalak izaten dira Atlantikoan, eta sortzen diren haizeteen ondorioz ohi baino uhin handiagoak jasotzen dira iparraldean.
 
Rio de Janeiro

Munduko surf txapelketa Rio De Janeiroko txapelketa gisa aurkezten da, baina egiaz hiri horretatik 100 kilometro ekialdera dagoen Saquaremako hondartzan egiten da lehiaketa. Orain gutxi arte Rio De Janeiro hiriburuko hondartzetan egiten zen txapelketa, Barra da Tijucan, baina azken urteetan Saquarema bilakatu da Brasilgo surfaren hiriburu. Bertan egiten dira bi txapelketa garrantzitsu, bata lehen mailakoa (CT), ekain amaieran, eta bestea bigarren mailakoa (CS), urri hasieran.

Rio de Janeiro Estatuan dagoen Saquarema herriari “lakuen eskualdea” deitzen diote, eta olatu ederrak sortzeko baldintzak dituen ingurune bitxi batean dago. Hondartzaren ekialdean “Areia” izeneko ibaia itsasoratzen da eta hegoaldeko itsaskiekin eskuin olatu ederrak sortzen dira Barrinha urautsian. Hondartzaren mendebaldean, lurmutur bat dago, eta haren ondoan olatu ederrak izaten dira Itauna hondartzan, hego-mendebaldeko itsaskiak sartzen direnean. Tartean badira urautsi gehiago, baina batez ere bi urautsi horietan egiten da munduko txapelketa.

Apirila eta urria bitartean, Antartikan sortutako ekialdeko itsaskiak jasotzen ditu hegoaldeko kostaldeak, eta Rio de Janeiron surf egiteko garai aproposa da, baita Saquareman ere, hegoalderantz begira baitago. Nahiz eta Antartikan sortutako uhinek Brasilera iristerako indarra galtzen duten (ekuatorera hurbiltzen direlako), itsaski ederrak izaten dira sasoi honetan.