NAIZ

Zupiriaren aurkako pintadak gaitzetsi eta ezabatzeko agindu du Hernaniko Udalak

Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburu izendatu berriaren aurkako pintadak agertu dira Hernanin. Udalak gaitzetsi eta ezabatzeko agindu du, «horrelakoek ez dutelako lekurik», alkatearen esanetan. EAJk, EH Bilduk, PSEk, Podemos-Ahal Duguk eta PPk ere beren gaitzespena azaldu dute.

Hernanin agertutako pintadak.
Hernanin agertutako pintadak. (EAJ)

Hernanin Bingen Zupiriaren aurka negutegi batzuetan agertu diren pintadek gaitzespen adierazpenak eragin dituzte. «Zipaios en lucha. Tiro en la nuka. Bingen erne ibili» esaldiak eta EAJ sionistekin eta naziekin alderatzen duten ikurrak dira zehazki, Imanol Lasa GBBko kideak X sarean zabaldu duenez.

EAJk bertxiokatu egin du Lasaren mezua eta «irmotasun osoz» gaitzetsi du erasoa, «Euskadik jada atzean utzi duen garai batera garamatzana. Irainak, mehatxuak eta xantaiak ez dute tokirik gizarte demokratiko batean. Gainerako alderdi politikoei eskatzen diegu ekintza hau irmotasun berarekin gaitzestea».

Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea (EH Bildu) ere pintaden aurka agertu da eta, ohartarazi duenez, «beti egiten dugun moduan, agindua emana dago ezabatzeko».

«Mezu honekin babesa adierazi nahi diet bertan kaltetuak direnei. Horrelakoek ez daukate lekurik. Udal ordezkariei adierazpen instituzional bat egiteko proposamena luzatuko diet», gaineratu du, eta, horrez gain Bingen Zupiriari zuzenean elkartasuna adierazi diola nabarmendu du.

Hernaniko Udalak adierazpen bat onartu du gero, «halako ekintzak onartezinak» direla azpimarratuz: «Bertan mehatxu egin zaien herri erakundeei eta haren ordezkariei, kasu honetan, Bingen Zupiriari, elkartasuna eta babesa adierazten diegu».

EH Bilduk ere azpimarratu du onartezinak direla «horrelako irain, mehatxu eta jazarpen erakustaldiak. Euskal Herrian bizikidetza demokratikoa eraikitze bidean, horrelakoek ez dute tokirik. Gure elkartasuna adierazten diogu, hein berean, Bingen Zupiria kontseilariari».

Gipuzkoako PSEk ere salatu ditu sailburuaren aurkako pintadak. «Ekintza bandaliko horiek gaitzesten ditugu eta biktimei elkartasuna adierazten diegu», azaldu du sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.

Podemos-Ahal Duguk gaitzetsi egin ditu pintadak eta «horrelako ekintzak betiko baztertu» behar direla esan du.

PP ere batu da gaitzespen sokara.