Torturak Nafarroako Sakanan utzi duen aztarnaren kontakizuna jasotzen duen ‘Arg(h)itzen’ dokumentala eman dute asteazken honetan, lehenengoz, Altsasun. «Auzolan erraldoia» izan da dokumentalaren sorrera, eta horren erakusle lehen proiekzioa: torturatuak, adituak, laguntzaileak... protagonista guztiak batu dira Iortia Kultur Gunera.
Dokumentalean parte hartu duten 30 torturatu sakandarrak eseri dira aretoan, nahiz eta askoz gehiago izan zitezkeen, 1966tik 2011ra gutxienez 149 sakandarrek pairatu baitituzte halako tratu txar ankerrak. Egon zitekeen, kasurako, Hilario Urbizu olaztiarra, ahalko balu: 1975ean torturatua izan zen, 40 urte eman zituen etxetik kanpo iheslari eta 2015ean atxilotu zuten Mexikon. «Bera da ‘Arg(h)itzen’ dokumentalerako egin nahi zen elkarrizketa eta egiterik izan ez dena», aitortu dute ikus-entzunezkoaren egileek.
Altsasun izan da tortura aztertu duten aditu sorta bat, besteak beste, Iñaki Egaña historialaria, Martxelo Otamendi eta Mikel Reparaz kazetariak, Amaia Izko abokatua eta Jeannete Goikotxeta Euskal Kriminologia Institutoko lantaldearen laguntzailea.
Eta proiekzioa ikusi ahal izan dute, halaber, dokumentalaren ekoizpenean lagundu duten hainbat norbanako eta erakunde pribatu –Euskal Memoria Fundazioa, Iratzar Fundazioa, Olaso Dorrea Fundazioa, Foku ekoizpen audiobisualeko agentzia, Elkar argitaletxea eta Ahotsa herri komunikabidea– eta publikotako ordezkariek, Sanakanko 13 udaletako alkate eta zinegotziek, Legebiltzarreko talde desberdinetako eta Gobernuko hainbat ordezkarik, Nafarroako Memoria Institutuko Josemi Gastonek, kasurako.
Estatu espainiarraren indarkeria jasan duten sakandarren senitartekoak ere Iortia Kultur Gunean izan dira, horien artean, 1979an Guardia Zibilak errepide kontrol batean hil zuen Mikel Arregirenak; GALek 1984an hil zuen Anjel Gurmindorenak; 1993an Parisko espetxe batean hil zen Pello Mariñelarenarenak eta 1997an hil zen Josu Zabalarenak.
Desagerrarazteko, kontatu
Publikoko ordezkaritzak erakutsi duen bezala, estreinakoz eman den dokumentala «auzolan erraldoi baten emaitza da», adierazi du Manu Gomez ‘Arg(h)itzen’-en egileetako batek Altsasun. Eskerrak eman dizkie proiektuan modu batera ala bestera parte hartu duten guztiei, «tortura kontatzea ekimen konprometitu eta ausarta» dela nabarmenduz. «Lehenengo urratsa da torturarekin behingoz eta betirako bukatzeko; tortura garaitzeko», adierazi du Gomezek.
Hori baitu itu ‘Arg(h)itzen’ dokumentalak, «torturaren egia itzaletik argitara ateratzea» eta halako praktika ankerrak berriz gertatu ez daitezen ekarpena egitea. Horrekin bat egin du Ainara Gorostiaga Nafarroako Torturatuen Sareko kideak ere, esanez «bide horretan egin beharreko ekarpena» dela ‘Arg(h)itzen’.
Eta bide horretan sakontzeko, Gorostiagak deialdi bat luzatu die «arrazoi politikoengatik eskubideen urraketa pairatu duten pertsona guztiei, funtzionario publikoengandik edota ultraeskuineko talde antolatuengandik eskubideen urraketa pairatu duten guztiei», aurkez daitezela 16/2019 Nafarroako Foru Legeak ireki duen prozedurara
«Lege hau ez da guri gehien gustatuko litzaigukeena, baina uste dugu aukera batzuk ireki ditzakeela aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen norabidean», nabarmendu du.