NAIZ

Etxeko langileek langabezia kobratzeko eskubidea dutela berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak jakinarazi duenez EAEko Auzitegi Nagusiak etxeko langile batek langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidea duela onartu du. Elkarteak espainiar Lan Ministerioaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarrera deitoratu du.

Etxeko langile bat, zorua garbitzen.
Etxeko langile bat, zorua garbitzen. (Ricardo RUBIO | Europa Press)

EAEko Auzitegi Nagusiak berriro onartu du etxeko langile batek langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidea duela, gainerako langileen baldintza berberetan, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ELE) jakinarazi duenez.

ELEk ohar baten bidez eman du ezagutzera kasua. Hauen arabera, helegitea jarri zuen etxeko langileak «kaleratu baino ia 10 urte lehenago kotizatuta zeukan, eta SEPEk (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa, gaztelaniazko sigletan) prestazioa ukatu zion langabeziarako kotizatzen urtebete ez zeramalako». Elkarteak, era berean, gogora ekarri du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere «diskriminatzailetzat eta Erkidegoko zuzenbidearen aurkakotzat» jo zuela etxeko langileak langabezia-prestaziotik kanpo uztea. Horren ondorioz, espainiar Gobernuak legea aldatu behar izan zuen, 2022ko urriaren 1etik kontingentzia horretarako kotizazioa barne.

«Epai hori ez da berria; izan ere, duela bi urte baino gehiago, Aragoiko, Kataluniako, Galiziako eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiek beren langabezia-egoeraren aurreko aldi kotizatuak kontuan hartzea eskatzen zuten langileen eskari guztiak hartu zituzten, baita kotizatzen utzi gabe diskriminatzen zituzten denbora ere», nabarmentzen du oharrak. Hala ere, gaur egun, SEPEk gehienez 180 eguneko prestazioa aitortzen die. «Diskriminaziorik gabeko tratua jasotzeko 720 eguneko eskubidea izan beharko lukete», aldarrikatu du ELEk.

Era berean, SEPEk 52 urtetik gorakoen sorospena ukatzen ari dela baieztatu du elkarteak, «langabeziarako sei urte kotizatuta ez dituztelako». «SEPEk, Lan Ministerioak, Yolanda Díaz ministroak, ondo dakite dagoeneko aitortuta dauden eskubideak murrizten ari direla; ahal duten guztia atzeratzen ari dira eskubide horien aplikazioa».

Hori egiteko «langile askoren informazio faltaz, informazio hori legezko erreklamazioetan erabiltzeko denbora faltaz eta auzitegien moteltasunaz» baliatzen direla ere salatu dute. «Politika lotsagarria da», azpimarratu du elkarteak.