Iazko uztailean 19 urtez azpiko Euskal Saskibaloi Selekzioak Eslovakiaren aurka jokatu zuen Beasainen eta Zarautzen eta urtebete geroago, 20 urtez azpiko selekzioa bera, jokalari berdintsuek osatzen dutena, hain zuzen, Bratislavara bisita itzultzekoa da.
Egunotan, Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile Mikel Odriozolaren gidaritzapean, Beasainen ari dira entrenatzen, ostegun eta ostiralean. Ostean, uztailaren 3an hegazkina hartu eta Bratislavarantz joko dute. Eslovakiako hiriburuan Hant Arena pabiloia ezagutuko dute Mikel Odriozola eta bere mutilek, 5.500 ikusle sartzen diren pabiloi dotorea, eta hilaren 5ean eta 6an neurketa bana jokatuko dute bertoko selekzioaren aurka.
Batere ohikoa ez delako euskal saskibaloi selekzioek halako txangorik burutzea, norbere burua erakustea eta bere gaitasuna frogatzea izango da Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldearen egitekoetako bat.
«Beraiek beren kategoriako Europako txapelketa ari dira prestatzen eta gu, berriz, esperientzia berri bat bizitzeko gogotsu gaude. Zoritxarrez, ez daukagu aukera handirik guren halakorik bizi ahal izateko, baina hain zuzen horregatik, motibazio elementu izan behar du guretzat hitzordu honek, beste herrialde baten ezagutu gaitzaten ere. Nik uste guretzat bezala, gure saskibaloiarentzat oso garrantzitsua dela», aipatu du 20 urtez azpiko Euskal Saskibaloi Selekzioko hautatzaileak.
Gogoan izan behar da Euskal Selekzioak iaz menpean hartu zuela Eslovakia. Beasainen 60-56 nagusitu ziren euskaldunak uztailaren 17an eta handik bi egunera, berriz, 82-68 irabazi zuten Mikel Odriozolaren mutilek.
Euskadiko Saskibaloi Federazioaren kirol zuzendari Alex Aranbururen hitzetan, «iaz oso esperientzia ona izan genuen eslovakiarrekin. Beraiek ere oso pozik geratu ziren nolako harrera egin genien ikusita. Hala, aurten ere Euskal Herrira itzultzeko prest zeuden, baina nahiago genuen guk hara joatea, batez ere atzerrian ere Euskal Saskibaloi Selekzioarik badela jakin dezaten. Lehiakorra gainera».
«Aurten 20 urtez azpikoekin egingo dugu lan, eta ekitaldi berean, Eslovakiako eta Portugalgo talde nagusiek jokatuko dute ere. Horrek ikusgarritasuna emango die gure neurketei ere. Horrez gain, datorren urtean esperientzia hau emakumeen taldearekin osatzea gustatuko litzaiguke, Eslovakiaren aurka. Ez dakigu han edo hemen, baina horixe lizateke, besteak beste, gure intentzioa», gaineratu du Aranburuk.