NAIZ

Emakundek eta Eudelek indarrak batu dituzte jaiguneetako eraso sexistak prebenitzeko

Emakunde eta Eudeleko 53 udalerrietako ordezkariek bilera egin dute ostegun honetan Gasteizen. Topaketan, indarrak batu dituzte udako jaiguneetan gertatzen diren eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko.

Emakunde eta Eudeleko ordezkariak bilera egin dute eraso sexisten kontrako borrokan indarrak batzeko.
Emakunde eta Eudeleko ordezkariak bilera egin dute eraso sexisten kontrako borrokan indarrak batzeko. (EMAKUNDE)

Emakunde eta Eudeleko ordezkariek bilera egin dute ostegun honetan Gasteizen, udan jaiguneetan gertatzen diren eraso sexisten prebentzioa bultzatzeko eta esperientzia egokiak elkarbanatzeko.

EAEko 53 udalerrik hartu dute parte topaketan: Arabako 9k, Bizkaiko 32k eta Gipuzkoako 12k. Helburua informazioa eta aholkularitza eskaintzea izan da, eta bi erakunde publikoen indarrak batzea, udan ugaritzen diren eraso sexisten prebentzioan lan egiteko.

Halaber, Mungiako eta Azpeitiko udaletako eta Arabako Lautadako kuadrillako prebentzio ekintzei buruzko hiru jardunbideren berri eman dute, gainontzeko udalentzat eredu izan daitezkeela iritzita.

Mungiako Udala lehenengoa izan zen EAEn jaietan sexu erasoen prebentziorako protokoloak lantzen, eta urte hauetako ibilbideaz aritu dira bertako ordezkariak. Azpetiaren kasuan, herriko eragile ezberdinekin eta batez ere emakumeekin eta neska gazteekin egin dituzten prozesu parte hartzaileak nabarmendu dituzte, eta Arabako Lautadari dagokionez, udal ezberdinen arteko koordinazioa nola landu duten azaldu dute.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak udalak zoriondu ditu jaietako erasoen prebentzioan gero eta inplikazio handiagoa dutelako, eta azaldu du ostegun honetako topaketa udalek urte osoan egiten duten lanaren ondorioa dela.

«Gaur, beste behin ere, jaiguneak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko konpromisoa agertzen dugu. Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti kontuan izatea nahi dugu», adierazi du.

Nati Lopez de Munain Eudeleko ordezkariak gogorarazi duenez, EAEko udalek konpromiso sendoa dute jaiak «berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gune bihurtzeko». «Gure lana da erne egotea eta sexu erasoen aurrean edo indarkeria sexualaren edozein adierazpenen aurrean ‘zero tolerantzia’ jarrera agertzea, hainbat eragileren lankidetza oinarri hartuta», gaineratu du.

Materiala

Urtero bezala, Emakundek material ugari bidali du udaletara, erasoen aurkako kanpaina bateratua martxan jarri eta sentsibilizazio ekintzak errazteko.

Horrela, ‘Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida’, ‘Eraso sexistarik gabeko egunak eta gauak’ gazteentzako informazio liburuxka, erasorik gabeko jaien aldeko kartel bat eta sareetan erabiltzeko iragarkia jaso dituzte udalek