Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Sambre’: 30 urteetako inpunitatea

SAMBRE
Estatu frantziarra. 2023. 6 atal.
Zuzendaria: Jean-Xavier de Lestrade. Gidoilariak:  Alice Géraud-Arfi, Marc Herpoux, Jean-Xavier de Lestrade. Aktoreak: Alix Poisson , Jonathan Turnbull , Julien Frison , Pauline Parigot. Argaz.: Elin Kirschfink. Musika: Raf Keunen. Plataforma: Movistar +.

Telesailaren fotograma bat
Telesailaren fotograma bat (France 2 (FR 2))

Gustuko dut True Crime generoa, asko gainera. Estreinatzen diren ia lan guztiak ikusten ditudan arren, aitortu behar dizuet azken bizpahiru urteotan iristen diren gehienak trakets samarrak iruditzen zaizkidala. Modan daudenez etengabe ari dira formatu hau ekoizten eta sarritan kalitate maila zalantzagarria izaten dute.

Datuak gainetik aztertuz gero antzeman daiteke 2015etik aurrera hasi zela gorakada hau, eta ziurrenik, horren erantzuleak ‘Making a Murderer’ eta ‘The Jinx’ bikainak izan ziren. Biak urte horretan estreinatu ziren, eta ordura arte era honetako beste dokumentalek izan ez zuten arrakasta, kritikarien adostasuna eta oihartzun mediatikoa lortu zuten. Biak ala biak mugarri izan dira generoaren barruan. Etekinak eta harpidetzak bereganatzeko helburuz ordea, True Crime-en ekoizpen kopurua nabarmen igo da. Ondorioz eduki kaskar ugari estreinatu da eta neketsua da ganorazko lanak topatzea.

Zentzu horretan, estreinatu berri den ‘Sambre’ eredugarria iruditzen zait. Kasu erreal hau, 80ko hamarkadaren amaieran hasten da, Estatu frantseseko iparraldean. Maubege eskualdeko Samber ibaiaren ondoan dagoen errepide batean, gizonezko batek emakumezko bat bortxatzen duen unean zehazki. Poliziaren utzikeria eta mespretxuaren erruz, errudunak aske jarraitzen du, eta eraso bakana zirudiena, patroi bera erabiliz, etengabe errepikatzen hasi eta emakume gehiago erasotzen ditu: 50 bortxaketa baino gehiago izan ziren.

80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urte baino gehiagoan garatzen den istorio honetan gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Estatu frantsesaren historian emakume gehien bortxatu dituen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide. Sistemaren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina, biribila bezain aseptikoa, morboarengandik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean kokatu ditu.