NAIZ

Azkenera arte sufrituta berritu du Oiartzunek bere nagusitza Gipuzkoako Herriartekoan

Zaldibiak tanto batez irabazi du kadeteen lehia, txapeldunek erraz berdindu dute jubeniletan eta nagusietan emozioa puri-purian egon da eta azkenerako Etxeberria-Landa 22-20 nagusitu dira.

Oiartzun eta Zaldibiko pilotari eta ordezkariak sari banaketaren ostean.
Oiartzun eta Zaldibiko pilotari eta ordezkariak sari banaketaren ostean. (Gorka RUBIO/FOKU)

Dagoeneko beldurrik gabe esan dezakegu, Azpeitiaren lekukoa hartuta, Oiartzun dela Gipuzkoako eskuzko Herriartekoaren dinastia berria, gaur lortutakoarekin, jarraian eskuratutako hirugarren txapela –orotara laugarrena– jantzi baitute Zaldibia gaindituta. Hori bai,  goierritarrek –aurtengo ezusteko nagusia–, majo estutu dituzte oarsoarrak, azken partidan, nagusienean, Oihan Etxeberria eta Unax Landak, 22-20 gainditu dituzte eta Alex Sukia-Aitor Elizegi.

Finalaren nondik norakoak ikusita, Asier Retegi, oiartzuarren entrenatzaileak, arriskuak ere hartu behar izan ditu, nagusien finalean azken unera arte zalantzan izan den Ohian Etxeberria eta Unax Landaren aldeko apustua eginda. Adinez jubeniletan joka zezakeen  Oihan Etxeberria azken unera arte zalantzan zen sorbaldan hartutako kolpe baten ondorioz eta Landa jotzailea ere txapelketan  partidarik jokatu gabea zen zenbait arazo fisikoengatik. Baina Alex Sukia eta Aitor Elizegik maila bikaineko bikotea osatzen dute, Herriarteko honetan jokatutako partida guztiak irabaziak zituzten, eta zuen onena jartzera behartuak ziren txapeldunak txapelari eusteko.

Eta partida hasieran gazteek abantailak lortu badituzte ere (16-9ere joan dira aurretik Oarsoaldeakoak), partida ikaragarri orekatua izan da amaieran eta Etxeberria-Landak 22-20 irabazi dute.

Emozioa gorenean

Eta puntu erabakigarria estua joan bada, zer esan jaialdia ireki duen kadeteen partidaz, non Suhar Mantzizidor eta Ahetz Lopezek tanto bakarraz gainditu dituzten Aitor Etxeberria eta Unai Zelaiaran (22-21), lehendik ere goia jota zegoen zaldibiarren ilusioa are gehiago puztuz.

Behar-beharrezkoa zuten lehen puntu hori zaldibiarrek, aldez aurretik bazekitelako jubeniletako puntuak, handiren bat gertatu ezean, Oiartzunera joateko boleto guztiak zituela. Pronostikoek ez dute hutsik egin eta Manex Olaiz eta Mikel Leonetek ez dute errukirik izan Aratz Aranburu eta Jokin Mendizabali 22-4 irabazi zieten, finala bana berdinduta.

Gauzak horrela, dena azken partida emozionagarrian erabaki da eta Oiartzuarrek txapelari eutsi ahal izan zioten. Momentuko pena pasata, zaldibiarrek harro egoteko moduko txapelketa osatu dute eta hala eskertu zieten zaleek.