Jon Ormazabal

Jon Ander Peñaren abiadurak aurretik eraman du Unai Lasoren grina (11-22)

Saketik hasita, tolosarrak Unai Laso faboritoak baino abiadura bat gehiago sartu dio pilotari eta Bizkarreta-Gerendaingoa 5-2 aurreratu bada ere, aurkariaren mende egon da partida guztian.

Saketik min handia egin dio Peñak Lasori.
Saketik min handia egin dio Peñak Lasori. (Gorka RUBIO/FOKU)

Tolosaldeako bi pilotarik, Jokin Altunak eta Jon Ander Peñak, jokatuko dute datorren igandean Nafarroa Arenak hartuko duen Sanferminetako kaiolako lehen finala, gaur Elgetan Tolosakoak Unai Laso kanporatu ostean. Lehenik ere erakutsia zuen Baikoko aurrelari gipuzkoarrak kaiolan oso kontuan izan beharreko pilotaria dela, baina Elgetakoa bezalako frontoi bizi batean, bere abiadurari etekin izugarria atera dio eta ezerezean utzi du erroibartarraren ohiko grina. Bizkarreta-Gerendaingoak ez du, hortaz, Buruz Buruko arantza ateratzeko modurik izango, ez oraingoz, baina tolosarra gaurko maila errepikatzeko gai bada –Arenako kantxa ere ez da batere txarra bere doahinentzat– final ederra ikus dezakegu, aurretik ere majo estutu izan baitu amezketarra kaiolan.

Hori bai, tolosarrak ez du erraza izango gaurko eraginkortasuna eta akats kopuru murritza errepikatzen partidari halako erritmoa sartuta, eta horixe da bere dohainik onena. Ezkurdiak berak ere erritmoa sartuz irabazi zizkion Sadarren aldamenean jokatutako kaiolako bi finalak Altunari.

Epailearen txapa lagun, ondo ekin dio Unai Lasok partidari, lehenengo zabalera jotako sake batekin 3-0 aurreratuta eta sake-erremate dotore batekin ere beste hiru tantotako aldea lortuz (5-2). Baina hortik aurrera Jon Ander Peñaren erritmora dantza egitea egokitu zaio eta, tantoaren ekimena lortu ezinda, deseroso aritu da lehia guztian zehar Baikoko nafarra.

Sake beldurgarriak

Saketik hasita, denera zazpi tanto sartu dizkio lehen pilotakadarekin tolosarrak, Jon Ander Peñak beste abiadura bat sartu dio pilotari eta aurkaria defentsa lanetan izan du nagusiki. Tarteka pilotaren batek ihes egin badio ere, aurrelari gipuzkoarrak asko mugiarazi du Laso eta ezker airez ere oso eraginkor eta oldarkor aritu da, jokatu duen erritmorako oso akats gutxi pilatuz.

14-1eko partzial batekin hautsi du partida Jon Ander Peñak eta tanto bakar horrek ere urdina behar zuen, Lasoren erremateak zabaleko txapan jo baitu. Baina sakean ere nabarmena izan da, gaurkoan behintzat, Lasoren pilotakadek ez zutela aurkariaren abiadurarik eta nafarrari kosta egin zio lehen pilotakadaren jabe zenean ere, tantoak pilatzea.

Irabazteko bertigorik gabe, Jon Ander Peñak berean jarraitu du, gauzak egoki eginez eta bere ibilbide profesionaleko buruz buruko lehen finala jokatzeko bidea egin du, nahiz eta sanferminetakoa ez izan urteko hiru txapelketa handietako bat.

Erik Jakak min hartu du

Elgetako jaialdiko lehen partidak ez du amaitzerik izan, Urrutikoetxea-Ugartemendia markagailuan 19-14 aurretik zirela, Erik Jakak min hartu baitu. Lizartzarra, oinak hiruko arrastoan zituela ezker boleaz sartzera zihoala, ezker oinak irrist egin dio izerdi putzuren batean eta lurrera joan da spagat moduko bat eginez. Aurrelari gipuzkoarrak ez du jokatzen jarraitzerik izan eta azaldu duenez, abduktorean hartu du min.

Lizartzarrak uste du ez duela ezer larririk, baina ikusi egin beharko da datozen orduetan egingo dizkioten mediku probek zer esaten duten. Erik Jakak ez du bere kexa ezkutatu, azkenaldian halako ezbeharrak sarriegi errepikatzen ari direlako. Jakak berak Zestoan izan omen zuen, oporren aurretik, antzeko sustoren bat, Elordik ere aurrekoan irrist egin zuen frontoian eta ezin ahaztu Unai Laso kantxetatik kanpo izan duen ebakuntzak kantxan irrist eginda izandako lesio batean izan zuela iturburua. Lanak pilatzen ari zaizkien garai honetan, kantxak egoera onean egon daitezen eskatu du Jakak.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka: 11

Peña: 22

Pilotakadak: 218. Iraupena: 47 minutu. Markagailua: 3-0, , 3-2, 5-2, 5-7, 6-7, 6-16, 7-16, 7-19, 9-19, 9-21, 11-21, 11-22. Sakeak: 2 Lasok eta 7 Peñak. Egindakoak: 5 Lasok eta 11 Peñak. Galdutakoak: 4 Lasok eta 4 Peñak. Gorabeherak: Sarrera polita baina betekadarik ez Elgetan. Jon Marriezkurrena izan da Lasoren botilleroa eta Aitor Aranguren Jon Ander Peñarena.