NAIZ

Inoiz baino bikote gehiago lehiatuko dira aurtengo San Fermin Torneoan

Enpresa bakoitzeko lau bikote ariko dira lehian aurtengo San Fermin Torneoan eta bi aurrekanporaketa jokatuko dira. Ostiral honetan hasiko da txapelketa Labriten. Elordi, Asperen aldetik, eta Aranguren eta Urrutikoetxea, Baikoren aldetik, dira nobedade nagusiak, Mastersarekin alderatuz.

Binakako San Fermin Torneoa jokatuko duten pilotariak, txapelketaren aurkezpenean, San Fermin basilikan.
Binakako San Fermin Torneoa jokatuko duten pilotariak, txapelketaren aurkezpenean, San Fermin basilikan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Binakako San Fermin torneoak hazten jarraitzen du. Aurtengo edizioa inoizko parte-hartzaileena izango da, enpresa bakoitzeko lau bikote lehiatuko direlako. Hiru bikoteko bi multzoak osatzeko, aurrekanporaketa moduko bat jokatuko da eta lehendabiziko partida ostiral honetan jokatuko da, Iruñeko Labriten, 22.15etatik aurrera. Larunbatean jokatuko da bigarren kanporaketa eta modu honetan, ohiko bi multzoak osatuta geratuko dira.

Bi enpresek lehen lerroko pilotariak aukeratu dituzte txapelketa honetarako eta beraz, apenas dago ezustekorik. Nobedade handiena, Aspek Aitor Elordi aukeratu izana da, Javier Zabalaren aurretik. Aurrelari errioxarra urte oparoa ari da izaten eta horri esker, Caixabank Mastersean tokia egin zuen. San Ferminetarako, baina, Elordiren aldeko apostua egin du Eibarko enpresak. Inaxio Errandoneak, Aspeko zuzendari komertzialak, Caixabank Masterseko aurkezpenean jada aurreratu zuen aurrelari bizkaitarrak aukerak izango zituela udako txapelketetan eta San Fermin Torneorako hautatzeak ideia hori berretsi du.

Lehen lerroko bost aurrelariren artean bat kanpoan utzi beharrak buruhauste ugari sortzen ditu baina, era berean, berme handia da Eibarko enpresarentzat. Hala, sekulako deialdia osatu du: Elordirekin batera, Ezkurdia, Peio Etxeberria eta Jokin Altuna –Lau eta Erdiko finalista– izango dira aurrelariak. Atzean apenas dago nobedaderik: Zabaleta, Rezusta –egungo txapelduna, Altunarekin batera–, Martija eta Tolosa.

Baikoren aldetik ere antzeko zerbait gertatzen da. Martxel Iztueta sartu zen Caixabank Mastersean baina San Ferminetarako Aitor Arangurenen aldeko apostua egin du Bilboko enpresak. Aginagako atzelariarekin batera, Mariezkurrena, Imaz eta Albisu izan dira hautatuak. Aurrealderi dagokionez, Urrutikoetxea da nobedade nagusia, Artolaren lesioa dela-eta. Gainontzean, Jon Ander Peña –Lau eta Erdiko finalista–, Laso eta Jakak osatzen dute deialdia.

Bikoteak eta multzoen egituraketa

Bikote oso lehiakorrak osatu ditu Aspek, Binakakoan ongi funtzionatu zuenari jarraipena ematen. Hala, Binakako txapeldun (Peio Etxeberria eta Zabaleta) eta azpitxapeldunak (Jokin Altuna eta Martija) elkarrekin jarri ditu, eta A multzotik abiatuko dira. Multzo berean lehiatuko da Baikoko Jaka-Albisu bikotea.

B multzoari dagokionez, Peña-Mariezkurrena bikotea arerioen zain dago. Ostiral honetan jokatuko da lehendabiziko kanporaketa, Baikoko beste bi bikoteen artean: Laso-Imaz eta Urrutikoetxea-Aranguren. Larunbat arratsaldean, bestalde, Asperen kanporaketa jokatuko da, Ezkurdia-Tolosa eta Elordi-Rezustaren artekoa.

Behin kanporaketak jokatuta, hilaren 7an, San Fermin egunean, 22.15etatik aurrera jokatuko da lehendabiziko jardunaldia, Jaka-Albisu eta Peio Etxeberria-Zabaletaren artean. Hurrengo sei egunetan (hilaren 12ra arte), egunean pilota jaialdi batekin, multzoen artean txandakatuko dira jardunaldiak eta 14an, San Fermin jaien azken egunean, jokatuko da final handia.

Bestalde, hilaren 13an, desafioa jokatuko da, hiru modalitateetan, baina enpresek oraindik ez dituzte iragarri jaialdi honetarako pilotariak. Modu honetan, hamaika pilota jaialdik osatuko dute San Fermin festetako egitaraua. Enpresek iragarri dutenez, soilik uztailaren 5, 6 eta 7rako sarrerak daude salgai, gainontzeko egunetako sarrera guztiak agortuta daude.

Lau eta Erdiko finalean, Jokin Altuna eta Jon Ander Peña

Binakako San Fermin Torneoko aurre kanporaketen ondoren, Lau eta Erdiko finalaren txanda iritsiko da, San Fermin egunean, eguerdian. Nafarroa Arenan jokatuko da Altuna III.a eta Jon Ander Peñaren arteko final handia. Amezketakoak, egungo txapelduna Binaka zein kaiolakoan– hiru aldiz irabazi du San Ferminetako kaiolakoa (eta bost final jokatu ditu) eta Tolosakoarentzat estreinako finala izango da.