NAIZ

Herritar batek eraso homofoboa jasan duela salatzeko elkarretaratzea egingo dute Anoetan

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ komunitatearen harrotasun egunean, Anoetako gazte bati eraso egin zioten Bilbon, Gipuzkoako udalerriko Udalak jakinarazi duenez. Astearte honetan, 19.00etan, elkarretaratzea deitu du herriko plazan, indarkeria homofoboa salatu eta herrikideari elkartasuna adierazteko.

Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratze baten artxiboko irudia.
Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratze baten artxiboko irudia. (EUROPA PRESS)

Anoetako Udalak herriko gazte batek Bilbon jasan duen eraso homofoboa gaitzetsi du ohar baten bidez, eta elkarretaratzea deitu du astearte honetan 19.00etan, herriko plazan, egun gailentzen ari diren gorroto diskurtsoen kontrako jarrera argia agertzeko.

Ekainaren 28an, LGTBIQ+ komunitatearen harrotasun egunean, egin zioten eraso Anoetako gazteari, Bilbon. Gertatutakoa jakin bezain laster, erasoei eman beharreko erantzuna koordinatzeko Adi eta So! Mahaia bildu zen astelehenean, eta erasoa publikoki salatzeko erabakia hartu zuen.

Gipuzkoako herri honetako Udalak ohar bat argitaratu du astearte honetan, erasoa jasan duen gazteari «erabateko elkartasuna eta babesa» adierazi eta gertakariak «zeharo arbuiatu eta gaitzetsiz».

Kezka agertu du, LGTBIfobia kasuak gora egiten ari direlako. Azkena Errezilgo jaietan izan zen, bikote baten kontra, baina gehiago ere izan dira, Getxon eta Zarautzen, kasurako. Atharratzen, halaber, pintaketa homofoboak agertu ziren ekainaren hasieran eta homofobia salatzen zuen oihal bat erre zuten Corellan hilaren amaieran. Bestalde, Berdinduk maiatzean jakinarazi zuenez, 2023an LGTBIfobiarekin lotutako 35 kasu erregistratu zituen.

Gorroto diskurtsoen ondorio larriak

«Indarkeria homofoboa giza eskubideen urraketa larria da, eta LGTBI+ pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa da. Aniztasunaren eta gizarte zuzenbidezko eta berdinzale baten bilaketa aldarrikatzeko garaia da, pertsona guztiak beldurrik gabe eta askatasunean izateko, sentitzeko eta bizitzeko eskubidea bermatu dadin», adierazi du Anoetako Udalak oharrean.

Ohartarazi du LGTBI+fobia «gero eta presenteago» dagoela, eta azpimarratu «indar politiko batzuk aniztasun sexualaren eta genero aniztasunaren kontra botatzen dituzten gorroto diskurtsoek ondorio larriak dituztela».

Udalak agertu duenez, honen aurrean, «arduragabekeria da beste alde batera begiratzea eta egiaz gertatzen denaren kontzientzia ez izatea», eta, horregatik, diskurtso eta ekintza diskriminatzaileen kontra egitera deitu ditu talde politiko eta eragile guztiak.