Gipuzkoako Aspaceren eguneko zentroetako eta hezkuntza eta arreta goiztiarreko langileek seigarren greba eguna egin dute asteazken honetan, ELAk eta CCOOk deituta, eta, sindikatuen arabera, «jarraipena are handiagoa izan da oraingoan: greba egin zezaketen grebalari ia guztiek egin baitute bat».
Ohar batean nabarmendu dutenez, Aspacek pasa den astean eskaintza berri bat egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu ostean. Eginiko eskaintza hori, ordea, «ez da nahikoa» ELAk eta CCOOren ustez. Administrazio Publikoari eta Aspaceri eskatzen diete «erosahalmena bermatzeko soldata hobetzeaz gain, gainontzeko hobekuntzak bermatzea: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak, hobekuntza sozialak eta enpresa beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea».
Guztira, 169 langile daude grebara deituta. Zehazki, Irungo Arrupenea eta Urdanibiako zentrokoak, Bergarako Orixondoa zentrokoak, Arrasateko Udalaitz zentrokoak, Urretxukoak, eta Donostiako Intxaurrondo eta Goienetxe zentrokoak dira. Eta hezkuntza bereziko langileei dagokienez, hauetan ere: Beasainen, Tolosan, Eskoriatzako Luis Ezeizan, Donostiako Santa Teresan, Eibarko Goienetxen, Bergarako Ibaiondon, Andoaingo La Salle-Berrozpen, Eskoriatzako Luis Ezeizan eta Arrasateko Musakolan.
Donostian burutu dute kontzentrazioa, bai eta kotxe karabana ere, eta Aspacek eta administrazioak jarrera aldatu ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatuek.