Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Beroa bero, 34 gradu ez da berdin Lekeition edo Ablitasen

Kostatzen ari da uda erritmoa hartzen. Hala ere, udak aurten badakar berritasun bat. Espainiar Osasun Ministerioak beroak eragindako alertak ezartzeko sistema berria ezarri du, probintzietatik «meteosalud» eremuetara pasatuz.

Espainiar Osasun Ministerioak beroak eragindako alertak ezartzeko sistema berria ezarri du.
Espainiar Osasun Ministerioak beroak eragindako alertak ezartzeko sistema berria ezarri du. (NAIZ)

Ekainaren 17an jarri zen martxan espainiar Osasun Ministerioaren sistema berria tenperatura altuek eragindako alertak aktibatzeko. Abisuak ez dira erkidego edo probintzien arabera banatzen, baizik eta "meteosalud eremuak" izeneko eremuen arabera. Eremu horiei esker, tenperatura altuak askoz ere zehatzago neur daitezke, eta beroak herritarren osasunean eragiten duen kaltea arintzea dute helburu. Horrela azaldu dio Hector Tejero Ministerioko osasun eta klima aldaketaren arduradunak NAIZi.

«Espainian, klima aldetik oso ezberdinak diren probintzia asko daude. Aemetek dagoeneko meteosalud eremuak erabiltzen ditu muturreko fenomenoez ohartarazteko, baldintza meteorologiko antzekoagoak dituztelako. Osasun-eremuetarako ere egiterakoan, abisu finagoak ematen ditugu». Gerta daiteke lurralde batean, Gipuzkoan kasu, eremu batean beroa dela-eta osasunerako arriskua egotea, baina beste batean ez. «Asko nabaritzen da kostaldean. Abisuak asko zorrozten ditu sistema berri honek, eta asmoa da eman behar ez ditugun abisuak askoz gutxiago ematea eta gune garrantzitsuetan kontzentratzea». Zumaia eta Azpeitia artean, kasu: 12 kilometro baino ez daude zuzenean batetik bestera, baina beroaren eragina erabat ezberdina da Gipuzkoako bi herri hauen artean.

Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketari, Osasunari eta Hiri Ingurumenari buruzko ikerketa taldeak kalkulatu ditu meteoalerta eremuko atalase berriak. Hala, Bizkai eta Gipuzkoa eremu bana izatetik bakoitza bitan banatuta izatera igaro dira. Araba eta Nafarroa, berriz, lautan. Azken horretan dago abaniko handiagoa tenperatura maximoaren atalasean. 34,1 gradukoa da Erriberan, 31,9 gradukoa herrialdearen erdialdean, 31 gradukoa Pirinioetan eta 29,8ra jaisten da iparraldean.

Araban ere alde handiak daude: atalaserik altuena Arabako Errioxak du (34,8 gradu); Trebiñuk 33, eta Nerbioi arroak eta Arabako Lautadak, berriz, 32,5 eta 32,2 graduko atalaseak dituzte, hurrenez hurren. Gipuzkoa barnealdean, Osasun Sailak 33,3 graduko atalasea ezarri du, eta kostaldean, berriz, 31koa. Bizkaian barnealdean 32,9 izan dira, eta kostaldean 30,2.

Gizarte osoan eragina Hemendik aurrera, Osasun Ministerioak arrisku-maila bat ezarriko du egunero lurralde-eremu bakoitzerako, Aemetek egun horretarako eta hurrengo bi egunetarako aurreikusitako tenperaturen eta tenperatura-atalasearen arteko aldearen arabera. «Aemetek, irizpide meteorologikoen arabera, eta Carlos III.a Osasun Institutuak (Julio Diaz eta Cristina Linares buru dituen ikertzaile-taldea) ezarritako eremuak hilkortasuna tenperaturarekin erlazionatzen dute. Tiro-atalasea lortzen dute, hau da, heriotza-tasa nabarmen igotzen den tenperatura. Tenperatura hori erabiltzen da atalasea definitzeko. Batez ere, pertsona kalteberen heriotzari dagokio», azaltzen du Tejerok.

Beroak pertsona zaurgarrienengan du efekturik zuzenena, hilkorrena. Hala ere, bero honek gizarte guztiarengan eragina duela oroitarazten du Ministerioko osasun arduradunak. «Beroarekiko ahulenak diren pertsonak hiltzen hasten direnean, gainerako biztanleek erikortasun-osasun arazoak izaten dituzte. Bero-bolada dagoenean, tenperaturak asko igotzen direnean, larrialdietan ospitaleratzeak eta osasun-zentroetako okupazioa asko igotzen dira».

Giro-tenperaturak atalase horiek gainditzen dituen gradu bakoitzeko, tenperatura altuei egotz dakiekeen hilkortasun-arriskua %9,1 eta %10,7 artean hazten da; hau da, muturreko bero-gertaera bat dagoen egun bakoitzeko, heriotza-tasa, batez beste, egunean 3 heriotzatan handitzen da.

Abisuak

Eremu batek atalase hori gainditzen duenean, espainiar Osasun Ministerioak abisua pasatzen dio Erkidegoari eta udalerriari, eta hauek arduratuko dira neurrien kudeaketaz, eskumenak haienak dira-eta. «Osasun-zentroak eta egoitzak dira funtsezkoenak. Gomendio orokor batzuk egiten ditugu, alde handirik gabe eremu batzuen eta besteen artean. Atalaseak desberdinak dira, hezetasunagatik, baina gomendioak berdinak dira. Abisatzen dugu eta autonomia-erkidegoek protokoloak aktibatzen dituzte», kontatzen du Tejerok.

Hala ere, Tejerok funtsezkotzat jotzen du gizartearen hezkuntza, eta Ministerioak berak «beroaren kultura» delakoa ezartzearen garrantzia nabarmentzen du aurtengo kanpainan. «Kontzeptu berri horrek azaltzen du jendeak, tradizionalki bero handia egin duen eremuetan, zergatik hartzen dituen berotik babesten dituzten eguneroko ohiturak, eta, gainera, hiriak eta eraikinak tenperatura altuak izatera egokituta egoten dira. Ikasten den gauza bat da», azaltzen du, gorputzak berak ohitzeko duen joeraz gain.

Honekin islatzen du Tejerok zergatik ez den berdina 34 gradu Ablitasen izatea edo Bermeon, Zigan edo Ataunen. «Hiriak eta etxeak okerrago egokituta daude, eta jendeak ohitura gutxiago du: ez ditu etxeak ondo aireztatzen, edo kirola egitera ateratzen da uda guztietan 16.00etan egin duen bezala, korrika egitera, inoiz ez baita problematikoa izan, baina bat-batean bero kolpe bat ematen dizu eta arazoak agertzen dira».

Aldaketa Klimatikoak bero bolada gogorrak ekarri ditu azken urteetan berarekin. Euskal Herrian ere gero eta ohikoagoak izan dira tenperatura altua mantendu duten hainbat egunetako zikloak. Eta aldaketa hauei aurre egiteko politikez gain, neurri aringarriak hartzeko beharra ere garrantzitsua da. «Jakituria eta ebidentzia zientifikoak bero handiagoa egin duen eremuetatik hartu behar ditugu, eta gutxiago egin duen eremuetara pasatu, aldaketa askoz ere handiagoa izaten ari baita hor. Bero boladak hegoaldean oso gogor jotzen duenean, asko nabaritzen da, noski; baina iparraldean, Galizia, Asturias edo Euskal Herria bezalako eremuetan, ohikoa ez denez, efektua askoz handiagoa da», ohartarazten du.

Datuak, Euskal Herrian

Ministerioaren zifrei so eginez, 2023ko udan, Hego Euskal Herrian, gehiegizko tenperaturari egotz dakizkiokeen heriotzak 241 izan ziren, 169 EAEn eta 72 Nafarroan. Guztira, Nafarroan beroari lotutako 92 patologia kasu jakinarazi ziren iaz (62 gizon eta 30 emakume), eta horietatik %66k 19 eta 64 urte bitartean zituzten. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (ISPLN) zuzendari gerenteak, Marian Nuinek, «aurrekoa baino uda onberagoa» izan zela dio. Izan ere, 2022koa bereziki beroa eta lehorra izan zen Nafarroan.

Ildo horretan, azken udan artatutako kasuen % 35 lan jardueran gertatu zirela nabarmentzen du Nuinek. %30 eguzkia hartzeagatik, paseatzera ateratzeagatik edo baratzera joateagatik; %17 etxean; eta % 13 ariketa fisikoa egiteagatik. Erregistratutako 92 kasuetatik sei kasutan ospitaleratu behar izan zuten artatutako pertsona, eta, Ministerioak emandako zifrak gorabehera, heriotza bakar bat ere ez zen izan bero-kolpearen ondorioz. «Artatutako pertsonen % 56,5ek ez zuen inolako arrisku-faktore erantsirik», nabarmentzen du Nuinek, neurriak pertsona orok hartu behar dituela gogoraraziz.

EAEn, aurreko udan 51 egunez egon ziren ezarriak tenperatura altuei lotutako alertak. Sistema berriarekin, alerta hauek zehatzagoak izatea espero da eta eremu bakoitzari egokituagoak.

Azken bi udetan, Estatu mailan, Madril kenduta, zeinarentzat Tejerok «hiri handi izatearen elementuak gehitzen dituen», beroaren ondorioz heriotza gehien izan diren lurraldeak Galizia eta Gaztela Leon izan direla nabarmentzen du, datu esanguratsua, Ministerioko arduradunaren iritziz. «Adibidez, Gaztela eta Leongo zahar-etxeek ez dute bero handia egiten duenerako egokitutako protokolorik. Jendea kontziente izatea eta jendeak portaera osasungarriagoak bereganatzea nahi dugu, eta administrazioek politika publikoak hartzea berdegune gehiago egon daitezen eta eraikinak hobeto egokituta egon daitezen, besteak beste».