Iñigo Asensio
Entrevista
Unai Iribar
Kern Pharmako txirrindularia

«Iruditzen zait une egokia dela Espainiako Vueltan lehiatzeko»

Unai Iribar (Ibarra, 1999) Kern Pharman taldean dabil, profesionaletako bere hirugarren urtean. Apirilean kirofanotik pasa zen, behatzeko haustura konpontzeko eta bost astez egon da errepideetatik at. Espainiako Vueltan lehiatzea dauka begiz jota eta horretarako «merituak» pilatzen saiatuko da.

Audio_placeholder

«Iruditzen zait une egokia dela Espainiako Vueltan lehiatzeko»

Loading player...
Unai Iribar, Kern Pharmako autobusean, lasterketa baten aurretik.
Unai Iribar, Kern Pharmako autobusean, lasterketa baten aurretik. (KERN PHARMA)

Sierra Nevadan altuerako egonaldia egiten ari da Unai Iribar, Kern Pharma taldearekin. Datorren astean, hilaren 14an hasita, Pirinioetako Tourra lehiatuko du eta astebetera, Ordiziako Klasikoan egongo da. Helburu nagusia, Espainiako Vueltako deialdian sartzeko «meritu nahikoa egitea». Behin behineko deialdian dago baina eta hiru asteko itzuli handi batean egoteko anbizioa daukala adierazi du NAIZ Irratian. Denboraldi hasiera txukuna egin ostean, Tour du Doubsen erorikoa izan eta behatz bat hautsi zuen. Horrek, bost astez atera zuen errepidetik eta Espainiako txapelketetan berragertu da. Datozen lasterketei begira, «are eta gose gehiagorekin» dagoela adierazi du.

Kern Pharmarekin daukazun egutegia bada indarrak edukitzeko modukoa, txirrindularitza gosez dabilenarentzat pozik egoteko modukoa ere bai, ezta?

Bai. Nire kasuan lesio batetik etorri naiz, Euskal Herriko Itzuliaren ostean Frantziako karreretan puntu onenean nengoenean eroriko gogor bat izan nuen, bost astez errepidetik kanpo utzi didana, behatzeko haustura batekin. Udarako karrera hauei begira are eta gose gehiagorekin nago.

Erorikoaren aurretik maila onean ikusi zintugun: Valentzian, Omango Tourrean. Zu zer nolako sentsazioarekin zenbiltzan?

Iaz ez nuen ongi bukatu denboraldia, mononucleosis bat hartu nuen eta ez nuen bukatu nahi bezala, Portugalgo itzulian, abuztuan, lehiatu nintzen azkenengoz eta ikusi nuen gorputza ez zegoela ongi. Egin nituen analitiketan mononucleosisa pasa nuela atera zitzaidan eta denboraldia bertan amaitutzat utzi nuen. Urteko lehendabiziko lasterketetan bai kostatu zitzaidan puntu hori harrapatzea, maila txukun batean bai nengoen baina lasterketen borroka horretan sartzeko oraindik puntu bat falta zitzaidala igartzen nuen. Euskal Herriko Itzuliak bai eman zidala puntu hori eta justu Frantzian, Tour du Juran eta Besançon Doubs klasikoan berriro ere lehiakor nengoela nabaritzen nuen. Askotan izaten den bezala, ondoen zaudenean orduan etortzen dira zorigaiztoko eroriko hauek eta hala tokatu zitzaidan Tour du Doubsen. Berriro ere puntu horretara iritsi asmoz ari naiz lanean.

«Askotan izaten den bezala, ondoen zaudenean etortzen dira zorigaiztoko eroriko hauek. Berriro ere puntu horretara iritsi asmoz ari naiz lanean»

Geldialdiaren ostean, Espainiako txapelketa horiek osatu dituzu. Nolakoa izaten ari da berriro ere suspertzeko prozesu hau?

Ondo. Espainiako txapelketa horietan uste nuena baino hobeto itzuli nintzen. Lasterketako ia bukaera arte borroka horretan egon nintzen. Ez nuen inor hain urrun ikusi eta nahiz eta bost aste geldirik egon, hilabete batean egin nituen lan horiek beraien fruituak eman zituzten. Orain ere, egonaldiko hasierako egun hauek egokitzapen modukoak izan dira, altitudearengatik, eta ikusi dugu ez nagoela maila txarrean. Bide onetik noa eta gogoz nago lasterketak iristeko.

Espainiako Vueltako aurreaukeraketan zaude. Hiru astetako itzulia osatzeak, Espainiako Vueltan aritzeak bereziki motibatzen zaitu?

Nire hirugarren urtea da txirrindulari profesional bezala. Euskalteleko lehendabiziko urtean Espainiako Itzulia korritu zen eta aurreaukeraketa horretan sartu nintzen baina oraindik lehendabiziko urtea zen profesional bezala eta ez zen momentua. Oraintxe bertan, hirugarren urtea izanda, nahiko nuke bertan egon, iruditzen zait une egokia dela horrelako lasterketa batean lehiatzeko. Anbizio hori ere eduki behar da. Inoiz ez dut egin hiru asteko itzuli bat eta aukera paregabea daukat orain. Ea bertan sartzeko merituak egiten ditudan.

Horrelako lasterketa batek gogorra behar du izan. Baina zerbait erakutsi nahi duen txirrindulari batentzat, 21 etapa 21 aukera ere badira.

Bai, gainera azkenean talde gonbidatu bezala goaz. Galtzeko gutxi daukagu eta irabazteko asko. Aukera hori ematen badigute ahalik eta ondoen aprobetxatuko dugu, bai nik edo nire gainontzeko taldekideek. Protagonistak izatera aterako gara eta lasterketak ematen dizkigun aukera guztiak aprobetxatzera. Seguru txarretik gehiago izango dugula onetik baino; alegia, sufritzea egokituko zaigula sufriaraztea baino, baina horretarako ari gara prestatzen. Guretzat sari bat izango da eta ahalik eta ondoen aprobetxatu beharko dugu datozen urteetan ere gonbidapen hori jasotzeko.