NAIZ

Eraso matxistak gaitzesteko elkarretaratze jendetsua Lesakako Sanferminen hondarrean

‘Aski da, eraso matxistarik ez!’ lelodun pankartari eutsiz, Lesakako Plaza Zaharra bete zuten asteazken iluntzean, Sanferminen hondarrean, hainbat lagunek. Azken egunetan hiru gizonezko atxilotu dituzte herrian, bat ekaineko azken asteburuan eta bertze biak besten testuinguruan.

Lesakako Plaza Zaharra, jendez beteta, eraso matxisten kontrako elkarretaratzean.
Lesakako Plaza Zaharra, jendez beteta, eraso matxisten kontrako elkarretaratzean. (XULUFRINAK)

Lesakako Plaza Zaharra bestarako ez ezik salaketarako ere bete zen asteazken ilunabarrean, mezu argi eta ozen bat helarazteko: ‘Aski da, eraso matxistarik ez!’. Izan ere, azken egunetan hiru gizon atxilotu dituzte herrian eraso matxistekin lotuta, azkena elkarretaratzearen egunean bertan, bertze bat asteazken goizaldean, emakume bat kolpatzeagatik, eta bertzea ekaineko azken asteburuan.

Ekaineko atxiloketa hori salatzeko karrikara atera ziren Xulufrinak Lesakako Sare Feministak eta Marrako Bortzirietako Gazte Feministen taldeak deituta, eta Udalak eta Nafarroako EH Bilduk babestuta. Berdin egin zuten asteazkenean, Sanferminen hondarreko egunean.

 

 

 

Xulufrinen eta txosna batzordearen oharra

Xulufrinak Sare Feministak eta Lesakako txosna batzordeak oharra kaleratu zuten, erasoa jasan duten emakumeei babes osoa emateko: «Ez zaudete bakarrik, guk sinesten dizuegu, eta zuekin gaude!».

«Emakumeok eguneroko bizitzan jasaten ditugu eraso matxista, sexual eta jazarpen kasuak, eta, tamalez, besta giroan horiek ugaritu egin ohi dira, erasotzaileek baliatu egiten baitute alkoholak, bertzelako drogek eta gau giroak eman diezaieketen inpunitate eta ikusezintasun giroa», adierazi zuten.

Argi utzi nahi izan zuten «deusek, inon, ez duela justifikatzen eta ezin duela justifikatu pertsona baten borondatearen kontra berak nahi ez duen zerbait egitea edo zerbait egitera behartzea. Ezetz beti da ezetz, baiezko argirik eza ere ezezkoa da, eta zaurgarritasun egoeran emandako baiezkoa ere ezetza da!».

Ostegunean, hirugarren eraso baten berri eman zuten Xulufrinak Lesakako Sare Feministak eta Marrako Bortzirietako Gazte Feministen Taldeak.

 

 

«Hau guztia pairatzen dugunak emakumeak gara. Nazkatuak gaude, baina etsituak ez, eta planto egiten segituko dugu. Jipoiak ez dira maitasun adierazpideak, ezta xantaia eta jarraipenak ere. Baimenik gabe ipurdia ukitzea ez da ligoteoa, ezta dantzarako edota solaserako espaziorik ez uztea ere», ohartarazi zuten.

Horrekin batera, herritarrei dei egin diete erasoak salatzen segitzeko, erasotzaileekiko zero tolerantzia izateko eta erasoak jasaten dituztenei elkartasuna eta babesa emateko, «denon ardura baita indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzea».