Maddi Txintxurreta

Euskozenoaren eskutik, nortasun euskaldunaren etorkizuna pentsatzera eman da Arantzazu

Lau gazte erreferente eta lau fraide frantziskotarren eskutik, Arantzazu euskal nortasunaren eraikuntza pentsatzeko plaza bilakatu da. Bertan lehorreratu da Euskozenoa proiektua eta emaitzak ikusgai daude jada.

Xabier Mujika, Olatz Ibarretxe, Paulo Agirrebaltzategi eta Naiara Goia, agerraldia egin aurretik.
Xabier Mujika, Olatz Ibarretxe, Paulo Agirrebaltzategi eta Naiara Goia, agerraldia egin aurretik. (ARANTZAZULAB)

Iraganean hainbeste aldiz bezala, Arantzazu euskal nortasunaren hausnarketa eta berrikuntzara eman da berriz, Euskozenoa proiektuaren eskutik. Lau gazte erreferente lau fraide frantziskotarrekin elkartu dira, gai honen bueltan parez pare pentsatzera: «Nolakoak izango dira etorkizuneko euskaldunak?» Edo, «nolakoak nahi dute izan?»

DOT Kooperatibak, Arantzazulab-ek eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak sustatu dute hausnarketa- eta sormen-gune berria, Euskozenoaren laugarrena, eta prozesuak emandakoen berri eman dute ostegun honetan prentsaurrean Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Olatz Ibarretxe DOTeko zuzendari sortzaileak, Paulo Agirrebaltzategi fraideak eta Xabier Mujika eszenografoak.

Etorkizuneko euskal nortasunaren inguruan pentsatzeko, diziplina desberdinetako lau gazte erreferentek galderak eraman dizkiete lau fraideri nahiz eta, praktikan, bi norabideetako hausnarketak izan diren, aurkezpenean aitortu dutenez. Horrela, Gari Uriarte Dupla taldeko abeslariak Paulo Agirrebaltzategirekin hitz egin du euskararen inguruan; Oihana Kortazar mendi korrikalaria eta Mikel Santiago fraidea espiritualtasunaz eta ingurumenaz aritu dira, Xabier Mujika eszenografoa eta Angel Txabarri arteaz; eta Olatz Ibarretxe eta Juan Miguel Dorronsoro etorkizunaz. Elkarrizketa horien emaitzak Euskozenoaren wegbunean eta sare sozialetako plataformetan ikus daitezke, bideoan –Hiru Damatxo ekoiztetxearen eskutik– eta audioan.

«Gazteak gugana etorri ziren, baina nik ia kontrakoa sentitu nuen: gu ginela galderak egin behar genizkienak. Beharbada bietatik egon zen», adierazi du Agirrebaltzategik ostegunean Donostiako Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan. Gari Uriarte abeslariarekin elkartu zen bera eta itxuraz bi ikuspuntu kontrajarri zituzten: Arantzazun landu izan den euskara akademikoa eta estandarra, batetik, eta Dupla taldeak erabiltzen duena, gazteen ahotan, kalean, entzun daitekeena. «Euskarak behar dituen beste modu batzuk lantzen dituzte beraiek, gaurko euskara bizia izan dadin», aitortu du Agirrebaltzategik.

Xabier Mujikak, halaber, nabarmendu du asko ikasi duela Angel Txabarriren eskutik: «Azpimarratzen zuen euskal artea eta euskal gizartea irekia eta inklusiboa izan zela, eta gaur egungo erronkak gainditzeko ere garrantzitsua iruditzen zitzaion», azaldu du.

«Euskozenoa guztiona da»

Euskozenoaren eskutik, beraz, euskalduntasunaren irudi kolektibo berriak jostera batu da Arantzazu, fraide frantziskotarren esperientziatik tiraka. Mundu eta kultura globalizatu honetan euskaldun izateak zer esan nahi duen, edo zer izan nahi dugun; hausnarketa pertinenteak iruditzen zitzaizkigun», agertu du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendariak.

Goiaren iritziz, Arantzazuk belaunaldi berriekin konektatu nahi badu, transmisioa «era berrietan» egin behar du, eta helburu horren baitan batu dira Euskozenoa egitasmora.

Euskozenoak, dena den, ez du bidea amaitu. «Plataforma ireki bat izatea nahi dugu, pentsatzeko zer izan nahi dugun, eta horren inguruan zer esateko, ekartzeko edo sortzeko duen orori ireki nahi diogu plataforma hau, guztiona izango da», zehaztu du Olatz Ibarretxe DOTeko zuzendari eta proiektu honetako parte hartzaileak.

Hortaz, egitasmoaren webgunean haiekin harremanetan jartzeko bidea ireki dute, Euskozenoa herritarrengana zabaldu eta euskal identitate berriak eraiki nahi duen orok bere ekarpena egin dezan.