Juan Luis Mugertza Unanue

Koartza mutantea Getxon

Gauza batzuk behin baino ez dira gertatzen bizitzan. Horixe izan zen, seguru asko, Juan Luis Mugertzak eta Edurne Ugartek pentsatu zutena pasa den astelehenean, uztailak 8, Getxoko Bolue hezegunean Koartza hauskara (Ardea cinerea) mutantea ikusi zutenean.

Koartza hauskara mutantea.
Koartza hauskara mutantea. (Juan Luis Mugertza)

Koartza hauskara Ardeidae familiako hegaztia da. Euskal Herriko ia txoko guztietan aurki dezakegu, mendi garaietan izan ezik, eta urmaelak eta ibaiak ditu atsegin.

Gainerako koartzek bezala, lepo eta hanka luzeak ditu, eta haren lantza itxurako moko luze puntaduna arpoi baten antzera erabiltzen du arrainak, anfibioak eta bestelakoak harrapatzeko.

 

Koartza hauskara (Ardea cinerea), deformidaderik gabea. (Juan Luis Mugertza)

Baina egun horretan Boluen bi txorizale horiek haien aurrean zeukaten koartza, ohi baino handiagoa izateaz gain, moko nabarmen okerra zuen.

«Ze arraio ote da hori?» «Eta moko hori?» «Ezin koartza bat izan!».

Hasiera bateko nahasmenaren ostean, eta ezagun aritu batzuei argazkia bidali eta gero, ezbaia nahiko argitu zen. Guztiak bat zetozen: Koartza hauskara mutantea zen.

Gertakari izugarria ornitologoentzat

Gertakizun hau oso anekdotikoa da munduan, eta are gehiago Euskal Herrian. Mutazioak ohikoagoak izaten dira ugaztunetan hegaztietan baino, eta hegaztietan maizago izaten omen dira txoki txikietan.

Edozein modutan, gertakari izugarria izan da ornitologoentzat, aurrekaririk gabea.

Harrez geroztik, egunero itzuli dira Juan Luis eta Edurne leku berera, koartzaren bila, baina alferrik. Egun hartan, pare bat ordu uraren ertzean igaro ostean, alde egin zuen auskalo norako bidean, eta bere hegalada astunak galdera batzuk utzi zituen airean:

Non egongo ote da orain? Baten batek ikusiko al zuen eta erreparatuko zion deformidadeari? Eta nola elikatuko da halako mokoa izanda?