Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Laiene Izagirre
Tolosaldeko patroia

«Multzoa mantentzeak esan nahi du goraka zoazela, badugula hobetzeko marjina»

Tolosaldea bigarren postuan da, Arraun Lagunaken atzetik. Laiene Izagirre (Gaintza, 2003) Tolosaldeko patroiak esan du haientzat «sekulakoa dela» 'Lugañenen' atzetik segundo gutxira egotea. Taldea «konfiantza handiz» dago, baina «lanean jarraitu» behar dute, «badatoz atzetik».

Laiene Izagirre Tolosaldea ontziko patroia, Betelun.
Laiene Izagirre Tolosaldea ontziko patroia, Betelun. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Beteluko garaje batean egiten du lan Laiene Izagirre Tolosaldeko lemazainak, mekanikaria baita. Laneko ordu erdiko deskantsua probestu du elkarrizketa egiteko. Patroiari argazkiak atera bitartean, tailerreko lankide batek hau esan dio txantxetan: «Begira, gure Laiene da-eta posatzen ari dena, segi-segi horretan», eta Izagirrek segituan bota dio erantzuna: «Isildu zaitez, eta segi ezazu lanean». Zerbaitengatik da patroia.

Hiru urte lehorrean egin ondoren, joan den urtarrilean itzuli zen berriro ere Tolosaldea taldera. Arrauna utzi zuenean, taldea oraindik ETE ligan zegoen. Orain, ordea, urrezko mailan dago, ohorezko txandako traineruekin lehia betean. Asteburu honetako bi estropadak errioan jokatuko dituzte: larunbatean Bilbon, erlojupekoa, eta igandean Sestaon. Marea Bizian saioko hirugarren atala osorik entzungai.

Fin dabil ontzia?

Bai, fin eta gustura gabiltza. Ongi hasi gara, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela, ongi hastea, ongi jarraitzeko.

Iaz Kontxan eman zuen Tolosaldeak lehen ohartarazpena esanez gainerako ohorezko txandako ontziei, «gu ere borroka honetan sar gaitezke». Denboraldi honetan, aldiz, ez da ezustekoa zuek hor aurrean ikustea.

Ez, batzuetan ematen du kasualitatea izan zela aurreko urteko hori, baina azpimarratu behar da ez zela kasualitatea izan. Iritsi ginela, bueno ni ez nengoen hor, baina iritsi ginen, eta hor geunden. Orain da hor gaude, eta hor jarraitzen dugu.

Joan den larunbateko Kontxako badiako estropadan, bigarren luzean, Arraun Lagunaken pare jarri zineten, baina olatu bat hartu eta alde egin zuen “Lugañene”-k.

Momentu hori latza izan zen. Entrenatzailea entzungailutik esaten ari zitzaidan hortxe ginela, Arraun Lagunak-engandik lau segundora, ondoren bostera... Nik ere hori helarazten nien arraunlariei, eta bat-batean beraien parean jarri ginenean, arraunlariei esan nien banderaren bila gindoazela. Denek begiak zabal-zabalik zituzten, hor builaka zeuden. Beraiek olatu bat hartu zuen, eta niri pixka bat alde egin zidala, hortxe izan zen bukaera.

Askotan olatu batek ere markatzen du bandera bat eraman edo ez.

Bai, olatua da... Azkenean etortzen bazaizu eta ongi aprobetxatzen baduzu, bazoaz, bazoaz gainetik. Eta alde egiten badizu, segundo asko galtzen dira.

Joan den larunbateko Donostiako estropadan, Arraun Lagunak eta Tolosaldea lehia betean, Laiene Izagirre Tolosaldea ontziko patroi. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Garaipen handia izan behar du Arraun Lagunakekin mokoka aritzeak, baina talde honek anbizio handiagoa du?

Anbizioa ez dakit. Arraun Lagunak sekulako taldea da, eta maila altua erakusten ari da, sekulako ahala duela, baina ez dakit anbizio handiagoa... Gu gustura gaude. Oraintxe bertan Arraun Lagunak erakusten ari da koskatxo bat gorago dagoela, baina beraien pare iristea, segundo gutxira, tarte horretara, guretzat sekulakoa da.

Jokatu dituzuen lau estropadetan, zuek egon zarete gertuen “Lugañene”-ri bandera lapurtzetik. Gainerakoak zertxobait atzerago geratu dira.

Bai, zertxobait atzerago baina badatoz; ezin gara fidatu. Hau beti esaten dut, sinistu egin behar da, konfiantzarekin joan behar gara, baina ezin gara fidatu, besteek ere gaitasuna badute, eta badatoz atzetik.

Orio eta Donostiarra?

Orain arte demostratu dutenarekin, gure ondoan ikusten ditut. Orio, adibidez, gure atzetik geratu da ehunenengatik. Donostiarrak azkeneko estropadan sekulako aurrerapausoa eman du. Baina esan behar dut nik nire taldean konfiantza osoa dudala, eta pausotxo bat aurrerago ikusten dudala.

«Bat-batean beraien parean jarri ginenean, esan nien arraunlariei banderaren bila gindoazela. Begiak zabal-zabalik zituzten»

Coruñan hirugarren, eta gainerakoetan bigarren. Orain zailena erregulartasuna mantentzea izango da?

Bai, zailena hori da. Buruarentzat agian errazena da, moralki sekulako indarra ematen dizu, eta taldea animo handiz dago, baina zaila da, lanean jarraitu behar dugu. Erregulartasun horretan, jarraitu, jarraitu eta jarraitu egin behar dugu.

Bi txandak nahiko finkatuta daude. Uste duzu lehen txandako ontziren batek, beharbada Hondarribiak, izango duela aukerarik estropadaren batean goran sartzeko?

Arraunean dena da posible. Segitzen badute horrela lanean, goraka, agian sustoren bat eman dezakete. Baina, oraingoz, ez dutenez hori erakutsi, hor jarraitzen dutenez, ez dut esango ez dutenik egingo, ezta egingo dutenik ere. Hortxe utziko dut.

Multzoan aldaketa askorik ez duzue izan, lau arraunlari joan eta beste hainbeste etorri dira. Arraunlariek esperientzia pilatzen duten heinean, hobera egingo du traineruak?

Bai, hor garrantzitsua da multzoa mantentzea; horrek asko egiten du. Bizkarrezurra da, txikitatik batera, arraunean elkarrekin, arrauneko teknika beti berdina. Multzoa mantentzeak esan nahi du goraka zoazela, badugula hobetzeko marjina.

Hemeretzi arraunlarietatik hamahiru harrobikoak zarete. Euskotren Ligan harrobiko arraunlari gehien dituen taldea zarete. Horrek zer esanahi du?

Emozionatu egiten nau. Emozioa eta indar handia. Arraunean eta beste talde askotan ikusten da nola kirolariak ibiltzen garen alde batetik bestera. Azkenean bakoitzak bere buruarengan pentsatu behar du, hobekuntza horretan, baina ikustea zure herria, bueno ni ez naiz tolosarra, baina txikitatik batera egotea, eta ikustea nola goazen elkarrekin eskutik helduta goraka, latza da niretzat.

Ramon Erostarbe entrenatzailea aldaketak egiten ari da ontziko popan. Maialen Amondarain patroi tolosarra eta zu txandakatzen ari da. Nola daramazue?

Oso ongi. Egia esan, asko laguntzen diogu elkarri; lagunak gara. Nik berari laguntzen diot, berak niri ere bai, eta Ramonek [Erostarbe, entrenatzaileak] asko laguntzen digu. Ikasten ari gara elkarrekin, txandakatze hori oraintxe bertan behar dugun zerbait da, gure maila oso parekoa delako. Horrela jarraitzen badugu, ederki; asko ikasten ari gara.

«Arantza bat nuen, kendu beharreko arantza bat arraunarekin, arraunari zor niolako, baita arraunak niri ere. Momentuan sentitu nuen itzultzeko una zela»

Asteburu honetako bi estropadak errioan izango dira. Barnealdekoak izanda ere, errioan gehiago kostatzen zaizue itsasoan baino?

Barnealdekoak gara, baina Pasaian entrenatzen gara. Ez diogu horri heldu beharrik. Nire ustez, itsasokoak ere bagara, eta errekan gehiago kostatzen zaigu, gogorragoa delako. Itsasoarekin alderatuta, potentzia gehiago behar da. Itsasoa agian teknikoagoa izan daiteke, eta errekara hiltzera zoaz, eman eta eman; eta sufritu, asko sufritzen da. Ikusiko da asteburu honetan. Orain arte ikusi dugu non gauden, baina asteburu honetan ere hor egongo gara.

Iaz bosgarren egin zenuten Bilboko erlojupekoan, Hondarribiak aurrea hartu zizuen. Nola ikusten duzu erlojupekoa?

Ezin dut konparatu aurreko urtearekin. Ez nintzenez egon, ez dakit taldea nola zegoen. Orain hemen nagoela, ezin dut konparatu iazko ontziarekin, seguru desberdina zela. Indartsu ikusten dut taldea, neguko entrenamendu oso gogorrak egin ditugu, gogorrak eta esfortzu handikoak.

Hiru urte egon zara arraunean aritu gabe, eta orain berriro itzuli zara. Zer dela-eta?

Ez nuke hitz egin nahi asko gai honetaz. Hiru urte hauetan uda beste modu batera eraman dut. Beste modu batera esan nahi dut parrandak eginez, lagunekin... beste plan batzuk egin ditut. Arantza bat nuen, kendu beharreko arantza bat arraunarekin, arraunari zor niolako, baita arraunak niri ere. Momentuan sentitu nuen itzultzeko una zela, berriz sartu naiz, eta uda beste modu honetan pasatzeko gogotsu nago.

Udaren bi aldeak bizitu dituzunez, zein nahiago duzu?

Oso zaila da... Ezin dut aukeratu. Jende askok galdetzen dit, orain, adibidez, San Ferminak direla, galdetzen didate ea joango naizen. «Nola joango naiz San Ferminetara, ezin dut parrandarik egin-eta!». Plan desberdinak egin ditzaket, baina beste modu batera. Ezin dut bat edo beste aukeratu. Arraunak asko ematen du, kentzen duen bezala asko ematen du. Ezin dut aukeratu.

Gaintzatik itsasoa ez da ikusten, ezta prismatikoekin ere. Tolosatik Uzturrera igota, edo Asteasutik Herniora, ikusten da kostaldea. Nola sartzen da Gaintzako bat arraunaren gurpil zorora?

Esan behar dut Balerdira igotzen bazara, ikusten dela kostaldea pixka bat. Arrauna ez dut bizitu familiatik. Ez nuke esango sartu didaten zerbait izan dela. Egia da Tolosara joateko ohitura dugula erosketak-eta egitera, eta errekan batelak-eta ikusten genituela. Adin horretan, 11 urterekin edo, kirola egin behar nuen, eta gurasoek animatu ninduten. Baina ez dut oroitzapen garbirik.

Besterik gabe klubean sartu, eta lemazain jarri zizuten.

Patroi jarri zidaten kimua nintzelako, oso txikia, eta argala ere bai. Zuzenean patroi hasi nintzen, eta behin sartuta, oso zaila da ateratzea, arraunak asko lotzen zaitu. Gero, gainera, trainerua sortu zen, hamalau urte nituen, eta bertako patroia izan nintzen, eta hortik goraka egin nuen.