NAIZ

Athleticek eta Osasunak abuztuaren 3an jokatuko dute Euskal Herria Txapela Lasesarren

Euskal Herria Kirolaren balioak irudikatzen duten kirolariak omendu ohi dituzte txapelketako finalean. Aurtengoan Mikel Balentziaga omenduko dute, «bere kirol-ibilbidean, behin eta berriz Euskal Herria Kirolak lantzen ditugun balioekin bat adierazitako konpromiso pertsonalagatik».

Euskal Herria Txapelaren finala aurkeztu dute gaur Barakaldon.
Euskal Herria Txapelaren finala aurkeztu dute gaur Barakaldon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Azken urteetan egin bezala, aurten ere Lehen Mailako Ligako derbietan puntu gehien lortu dituzten bi taldeek Euskal Herria Txapela-Euroeskualde Kopa jokatuko dute udan. Kasu honetan zortzigarren edizioa izango da eta bertan Athletic –13 punturekin, etxeko talde bezala arituko da– eta Osasuna –11 punturekin– lehiatuko dira abuztuaren 3an, Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian. 20.30ean hasiko da norgehiagoka eta ETBk zuzenean eskainiko du.

Partidak 90 minutu iraungo du eta ez da luzapenik izango. Berdinketarik egonez gero, penaltietan ebatziko da. Epaileak FEFek izendatuko ditu, legeriak eskatzen duen bezala.

Euskal Herria Kirolako Eba Ferreiro eta Ibon Barberiak ostiral honetako aurkezpenean adierazi dutenez, VIII. edizioa hau, XIV. aldiz antolatuko den eta abuztuaren 10ean Reala-Eibar finalerdiko partidarekin hasiera emango zaion emakumezkoen Euskal Herria Koparen aurrekaria izango da. Aurten garapen «garrantzitsu» bat izango du; izan ere, kirol mailaren arabera sailkatuta 18 taldek parte hartuko dute, Euskal Herria Kopa A, B edo C multzoetan banatuta.

Aurkezpenean Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia, Ricardo Arana Barakaldoko presidentea eta Amaia del Campo Barakaldoko alkatea ere izan dira.

Euskal Herria Kirolaren balioak irudikatzen duten kirolariak omendu ohi dituzte txapelketako finalean. Aurtengoan Mikel Balentziaga omenduko dute, «bere kirol-ibilbidean, behin eta berriz Euskal Herria Kirolak lantzen ditugun balioekin bat adierazitako konpromiso pertsonalagatik», azpimarratu dute. Hala, ohorezko sakea egingo du finalean, eta txapela jarriko dio irabazleari. Lehen txapela ere berak jantzi zuen gainera, Irunen, 2018ko bigarren edizioan, lehen edizioko finala bertan behera geratu ostean.

Zentzu honetan, aipamen berezi bat ere egin nahi izan dute Euskal Herria Kirolako arduradunek. Jagoba Arrasate eta Raul Garcia bertan egotea nahi zuten abuztuaren 3ko finalean. Osasunako entrenatzaile ohiak eta Athleticeko eta Osasunako jokalari ohiak ere hala nahi izan arren, ez dute bertara etortzerik izango, baina «oso presente izango ditugu», adierazi dute.

Sarrerak, salgai

Finalerako sarrerak dagoeneko Internet bidez eros daitezke, ehkirola.eus webgunean. Futbol zelaiko takiletan ere salgai izango dira finalaren aurreko egunetan zein egunean bertan ere. Tribunako sarrerek 25euroko prezioa izango dute, albokoek 20 euro eta 16 urtetik beherakoak 10 eurotan salduko dira.

Zozketa erakargarriak egingo dira bertaratzen direnen artean. Besteak beste, inguruko jatetxe onenetako bi pertsonentzako afariak.

Antolatzaileek dei egin nahi izan diere zaleei abuztuaren 3an Lasesarren jokatuko den partidara joateko. «Inportantea da, kirol eta gizarte ikuspegitik gero eta garrantzi handiago duen final hau, egun hurbilen batean, gure zelai handienetakoren batean joka dadin», amaitu dute.